Albisteak
"Elorrioko Ahotsak" proiektuko emaitzen aurkezpena
2011ko api. 1a, 11:45
Martxoaren 30ean, eguastenez, aurkeztu ziren herriko udaletxean "Elorrioko Ahotsak" proiektuaren lehen emaitzak. Udaleko eta Badiharduguko ordezkariek gidatu zuten ekitaldian 50 lagunetik gora izan ziren, hiztun, senide eta bestelako herritarren artean.

Eibarko udalarekin hitzarmena Badihardugu Elkarteak
2011ko api. 1a, 10:55
Atzo arratsaldean ekitaldi jendetsua izan zen Eibarko udaletxean. Udalak herriko elkarteekin hitzartu dituen hitzarmenak izenpetu ziren, kultura, kirol, euskara eta jaien arloan. Tartean Badihardugu Elkartea eta Ahotsak.com proiektua.

Komunikaldiak 2011: egile eskubideak
2011ko mar. 24a, 10:01
Atzo, Martxoak 23, Komunikaldiak 2011 jardunaldiak ospatu ziren Eskoriatzako HUHEZI fakultatean. Aurtengoa 6. edizioa izan zen eta egile eskubideak izan zituen hizketagai. Zenbait adituk eta euskal kulturgintzako alor desberdinetako ordezkariek hartu zuten parte bertan.
"Ari-arika, ezpainetan hika"
2011ko mar. 23a, 13:07
Zumaiako Udalak hitanoaren erabilera sustatu nahian, unitate didaktikoak prestatu ditu, LHko eta DBHko gaztetxoak hitanora hurbil daitezen.
4000 grabazio datu-basean
2011ko mar. 16a, 09:04
Ahotsak.com datu-base eta artxibategian 4000. grabaziora heldu gara. Mañarian egindako azkenengo elkarrizketarekin iritsi gara zenbaki borobil horretara. Eskerrik asko guztioi!

"Lehengo aztiri" liburua aurkeztu da Legazpin
2011ko mar. 7a, 09:23
Atzo igandea, martxoak 6, aurkeztu zen Legazpin Burdinola elkartearen azken liburua: Lehengo Aztiri. Aitor Azpiazu eta Jose Luis Ugarte ikerlarien lana da.

"Arrantzaren ezagutza" proiektu etnografiko interesgarria
2011ko ots. 24a, 17:49
AZTI-Teknalia institutuaren eskutik jaio da proiektu berria, "Arrantzaren ezagutza". Arrantzaren sektorearen gainean dagoen isileko ezagutza eta memoria historikoarekin erlazionatutako aktibitateak batu, formalizatu eta kontserbatzea da Arrantzaren ezagutza proiektuaren helburua.
6.000 bideo eta 5.000 transkripzio ahotsak.com-en
2011ko ots. 22a, 13:58
Dagoeneko 5.000 transkripzio irakurtzeko aukera dago webgunean, baita 6.000 pasarte bideoz ikusi eta entzuteko ere. Alex Solozabal ermuarraren eta Txomin Hormaetxea bermeotarraren kontuak dira azkenak.

Santa Ageda bezpera degu...
2011ko ots. 4a, 09:47
Tradizioari jarraituz aurtengoan ere hainbat txokotan entzun ahal izango dira Santa Agedako koplak, makila hotsez lagunduta. Ospakizun honen inguruko hainbat kontakizun eta kanta jasota daude Ahotsak.com-en.
Argia Sarietako bideoa eta Info 7-ko elkarrizketa
2011ko ots. 2a, 14:23
Ostiralean, urtarrilaren 28an, Argia Sariak banatu ziren eta Ahotsak.com-ek Sareko Argia Saria jaso zuen; ekitaldi horretako bideoa ikusgai da jada. Gaur, berriz, sari horren harira Info 7 irratian elkarrizketa egin diote Aintzane Agirrebeña Ahotsak.com-eko kideari.

Argia Saria jaso dugu! Eskerrik asko denoi!
2011ko urt. 28a, 21:15
Gaur arratsaldean banatu dira Usurbilgo Atxega jatetxean ARGIA Sariak. Urtero-urtero, euskarazko komunikazioan nabarmendu diren pertsona, talde, enpresa, profesional edo produktuei eskainitako Sariak. Eta saridunen artean, aurtengoan, Ahotsak.com webgune hau dago. Eskerrik asko denoi!

Oñatiko Ahotsak, 110 lekukori eskertza
2011ko urt. 21a, 13:25
Asteazkenean, hilak 19, Oñatiko Ahotsak proiektua aurkeztu zen jendaurrean. Proiektu horretan lekuko moduan parte hartu duten 110 hizlari omendu ziren.

"Behin bazen Eskiula" CD berria
2010ko abe. 21a, 17:35
Eskiulako eskola publikoko ikasleek hainbat ipuin eta istorio jaso dituzte euskaraz, frantsesez, biarnesez eta portugesez. CD batean bildurik argitaratu dituzte
Helburua, belaunaldien arteko transmisioa. Xiberoko Botzaren webgunetik jaso dugu albistea

Arratiako hiztegia argitaratu dute
2010ko abe. 21a, 13:24
Durangoko azokaren bezperan aurkeztu zuten egileek, Juan Rekaldek eta Angel Larreak, Arratiako hizkera jasotzen duen liburu mardula: Arratia inguruko hiztegia – Geure Berbategie proiektua. Urteetako lana, ondo dokumentatua, aberatsa eta Arratiako azpieuskalkia ezagutzeko ezinbesteko lanabesa.

Legazpiko lekukoei eskertza
2010ko abe. 20a, 11:36
Joan zen ostiral arratsaldean ekitaldi hunkigarria egin zen Legazpin. Azken urtean 35 herritar elkarrizketatu ditugu, Burdinola Elkartearen laguntzarekin batera, eta gure eskertza adierazi genien. Gainera, bakoitzari bere grabazioaren kopia bana banatu genien.
Azpeitiko Ahotsak proiektuko lekukoak omendu ditugu
2010ko abe. 9a, 09:00
Abenduak 3a Euskararen Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz, ekitaldi polita izan genuen ostiral arratsaldean Azpeitian. Azpeitiko Ahotsak proiektuaren barruan orain arte egindako lanak aurkeztu eta, batez ere, parte hartzaileak omendu nahi izan genituen. Azpeitiko Udala eta Badihardugu Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, 2009. urtean jarri genuen martxan proiektua eta ordutik hona 70 lekuko inguru elkarrizketatu ditugu, herriko hizkera eta memoria historikoa biltzeko. Materiala lantzen dihardugu orain eta 2011n bukatuko da proiektua, jasotakoa Ahotsak.com webgunean ikusgai egongo delarik.
Ahotsak.com Widgeta: itsatsi zure herriko edukia zure webgunean
2010ko abe. 2a, 10:21
Ahotsak.com webgunearen helburu nagusienetako bat hedapena da. Ahozko ondarea jasotzeaz arduratzen gara, baina jasotako horri ahalik eta hedapenik handiena eman nahi diogu. Horretarako garatu genuen orain dela hilabete batzuk APIa. Eta orain Widgeta ere erabili dezakezue. Ti-ta, kode-puska bat kopiatu eta zure herriko edukia zure webgunean erakutsi dezakezu. On egin!

Emaiguzu botua Buber sarietarako
2010ko aza. 19a, 15:20
Urtero bezala, aurten ere hementxe dira Buber sariak. Euskal webgunerik onenak aukeratuko dira eta horien artean egon nahi dugu. Lagunduko diguzu?

Enpresarean, enpresa euskaldunen topagunea Facebooken
2010ko aza. 10a, 11:31
Enpresarean taldea orain dela egun gutxi jaio da Facebooken. Ekimen honen helburua euskaraz lan egiten duten enpresen arteko harremanak sendotzea da eta pixkanaka-pixkanaka elkar ezagutzea. Horrela, elkarlanak edo proiektu handiagoak elkarrekin gauzatu, gastuak partekatu, esperientziak, jakintza, komuneko baliabideak, hornitzaileak edo bezeroak ezagutu. Hau da, euskara enpresa munduan suspertu eta euskarazko enpresen aktibitatea ere sustatu.

Mari Tere Gantxegi eibartarrak saria jaso du
2010ko aza. 10a, 09:23
Ahotsak.com proiekturako elkarrizketa egin genion Mari Tere Gantxegik saria jaso berri du Eibarren. Giza Balioen saria jaso du Markel Olano Aldun Nagusiaren eskutik.