Donostiako Ahotsak aurkezpena
2011ko api. 12a, 18:11
Joan zen astean ekitaldi ederra izan genuen Donostiako Udaletxean. Azken 2 urteotan Donostian elkarrizketatu ditugun lekukorik gehienak Areto Nagusian bildu genituen, proiektuan parte hartzea eskertzeko eta bakoitzari bere DVDa eta diploma emateko. Bide batez, orain arte egindako lana ere aurkeztu genuen. Donostiako Euskara Patronatuaren eta Badihardugu Euskara elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenari esker, 2009tik hona 135 donostiar elkarrizketatu dira Donostiako Ahotsak proiektuan. Hona hemen zenbait datu, ekitaldiko argazkiak eta Donostiako proiektuaren aurkezpen-bideoa.
Ekitaldia apirilaren 7an izan zen, arratsaldeko 18:00etan Udalbatza aretoan. Azken bi urteotan elkarrizketatu ditugun lagun guztiak gonbidatu genituen; baita proiektuan lagundu diguten beste hainbat herritar ere (kontaktuak egiten, informazioa emanez, elkarrizketetan, eta abar).
Aurkezpen ekitaldian Donostiako Euskara Patronatuko Ainhoa Beola eta Edurne Otamendi izan ziren. Euren alboan, Badihardugu Elkarteko koordinatzaile den Aintzane Agirrebeña eta Donostiako proiektuaren ardura izan duen Idoia Etxeberria filologo eta kazetaria. Gainera, sorpresa txiki bat ere izan genuen, Porrotx ere agertu baitzen ekitaldia alaitzera.
Labur-labur proiektuaren gorabeherak azaldu ondoren, Donostiako grabazioekin egindako laburpen-bideo bat erakutsi zen eta proiektuan parte hartu duen lekuko bakoitzari bere elkarrizketen DVDa eta diploma txiki bat eman zitzaien. Ondoren, talde-argazkia atera zen.
Donostian 135 herritar elkarrizketatu dira (guztira 200 grabazio-ordu baino gehiago). Dagoeneko lanaren zati handi bat landuta dago eta webgunean ikusgai, Donostiako Ahotsak orrialdean. Urte bukaerarako beste 400 bideo-pasarte editatu eta sareratuko ditugu Ahotsak.com webgune honetan bertan.
Badihardugu Euskara Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Donostiako Euskara Patronatuari emandako babes eta laguntza guztiagatik. Era berean, baita Gipuzkoako Aldundiari eta Gipuzkoako Kutxari ere, hiriburuan egindako zenbait grabazio beraiek emandako diru-laguntzari esker egin baitira.
Informazio gehiago:
- Argazki gehiago Flickr-eko kontuan
- Bideoa sarean
- Albistea Euskaraz.net webgunean
- Bideo labur bat Diario Vascon
- Albistea Irutxuloko Hitzan
Argazkiak: Donostiako Udala
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.