Ingo xonau!

Oñatiko noka berreskuratzen

Oñatin emakumeen hitanoa jaso eta biziberritzeko sortu zen “Ingo xonau!” proiektua, 2019an. Andrazkoen hika galtzen ari zen herrian: hiztun gazteenek 50 urte inguru zituzten. Ezer egin ezean, hamarkada gutxi barru desagertu egingo zen. Herritar taldetxo bat bildu zen (tartean Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberria), zer egin erabakitzeko, eta berreskuratzen saiatzea erabaki zuten. Badiharduguk hartu zuen elkarrizketak egiteko eta proiektua gidatzeko ardura, herriko beste eragile batzuen parte-hartzearekin (besteak beste, Udal Euskaltegia eta Jabetze Eskola), eta elkarrizketak Ahotsak.eus proiektura bideratu dira. Oñatiko Udalak babestutako ekimena da.

Egindako lanak, pausoz pauso

Elkarrizketak

2019ko otsailetik maiatza bitarte herriko 54 pertsona elkarrizketatu genituen, noka jasotzeko (52 emakume eta 2 gizonezko; 16 mahainguru eta bakarkako 9 elkarrizketa; guztira 45 grabazio). Ondoren, pixkanak-pixkanaka jasotako materiala lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak.eus proiektuko Oñatiko orrian daude grabazioak.

Diagnostiko-ikerketa

Zenbat emakumek dakite noka Oñatin? Zer adinetakoak dira? Zein da egoera gaur egun? Auzoz auzoko egin zen datu-bilketa. Herriko 13 datu-biltzaile ibili ziren lan horretan, 16 baserri-auzoetan. 370 emakume nokadun zenbatu zituzten guztira (ehuneko 77 ez dira auzoetan bizi orain). Datu-bilketako emaitzekin eta elkarrizketetan lortutako informazioarekin diagnostiko-ikerketa egin zuen Badihardugu elkarteak. Datu-bilketa martxoan hasi zen, eta 2019ko azarorako prozesua amaituta zegoen: ikerketa prest.

Hedapena sare sozialetan

Proiektuaren hedapenerako, Instagram eta Twitter kontuak sortu ziren, eta horrek prozesua sare sozialen bitartez jarraitzeko bidea eman du (Itziar Murgiondoren ardurapean). Adibidez, konfinamendu garaian hikalagunek kolaxa prestatu zuten, sare sozialetarako. Ahotsak.eus webguneko albistegian ere eman dugu prozesuaren berri, aldiro-aldiro.


Dokumentala

Jasotako testigantzekin Oñatiko nokaren bilakaerari buruzko dokumental laburra sortu genuen, 25 minutukoa. Besteak beste, nokaren galeraren arrazoien berri ematen du.

 

Erabilera sustatzeko txapak

“Ingo xonau?” txapak atera genituen (500 txapa), nokaren erabilera sustatzeko.

Aurkezpena

Proiektuaren aurkezpena egin genuen, 2019ko abenduaren 14an: nokaren egoeraren berri eman genuen, diagnostiko-ikerketaren emaitza nagusiak plazaratu, eta “Ingo Xonau” proiektuaren nondik norakoak azaldu genituen. Elkarrizketatuei grabazioaren kopia bana eman zitzaien, eta parte-hartzaile guztien lana eskertu zen, elkarrizketatuena eta datu-biltzaileena bereziki. Nokaren erabilera sustatzeko, “Ingo xonau?” txapak banatu genituen. Eta hika dakiten Oñatiko emakumeen argazkia ere atera zen.

Hikalaguna

2020ko otsailean Hikalaguna antolatzeko bilera egin genuen. 60 lagun inguru animatu ziren, 16 urtetik gorakoak. Gehienak emakumeak. 6 taldetan banatuta, astean behin mintzapraktika egiten hasi ziren. COVID19aren eraginez, talde gehienek biltzeari utzi zioten (bakan batzuek mintzapraktika birtualak egin zituzten). Apirilean hika-bazkaria egitea zegoen aurreikusita, eta bertan behera geratu zen. Uztailaren 18an hika-merienda txiki bat egin zen, aire librean. Irailean berriro ipini genuen abian hikalaguna, 5 talderekin.

Ikus-entzunezkoak

Jasotako testigantzekin beste 3 bideo prestatu genituen, 2020. urtean zehar:

  1. Oñatin hika zeinekin?
  2. Oñatiko noka berreskuratzen: esperientziak
  3. Zer egin Oñatiko noka modan jartzeko?

“Oñatiko hika poltsikaran”

“Oñatiko hika poltsikaran” liburuxka argitaratu genuen, 2020ko azaroaren hasieran. Hitanoari buruzko oinarrizko informazioa eta aditz-taulak, ilustrazioekin eta adibideekin, poltsikoan eramateko moduko neurrian (10x10 zm). 2.000 ale plazaratu genituen. Besteak beste hikalagunen artean, hika ikastaroetan eta ikastetxeetan banatzeko. Bertsio digitala eskuratzeko egin klik hemen.

Esku-orria

“Oñatiko hika. Txuletia” esku-orria argitaratu genuen, gehien erabiltzen diren aditzekin, eta Kontzejupetik herri aldizkariaren azaroko alearekin batera banatu zen, Oñatiko etxe guztietara (5.500 ale).

Ikastaroa

Hika ikastaroa emakumeentzat. Oñatiko Jabetze Eskolan, Berdintasun sailaren bitartez, hika ikastaroa antolatu genuen: azaroaren 10etik otsaila bitarte, 20 orduko ikastaroa. Ikastaroa Beatriz Irizarrek emango du, Badiharduguk beren beregi horretarako prestatutako ikasmateriala erabilita.


2021erako asmoak

2021erako asmo nagusia: Oñatiko hika ikasteko app-a sortzea, bereziki gazteentzat. Liburuxkaren hedapena egingo da ikastetxeetan eta hika ikastaroekin jarraitzea aurreikusten da.

 

Albisteak 

 

Jarraipena hedabideetan

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia