Oñatiko hitanoa biziberritzeko egitasmoa ikastetxeetara iritsi da: Ingo Xonau!

urt. 16, 2021, 12:27 p.m.

Bigarren Hezkuntzako Oñatiko hiru ikastetxeetan liburuxkak, esku-orriak eta txapak banatu dizkiete ikasleei, eta datorren astetik aurrera hika egiteko ahozko lanketak egingo dituzte, astean behin.

Ingo Xonau! proiektua Oñatiko ikastetxeetara iritsi da. DBH-4, Batxi-1 eta Batxi-2ko ikasleei liburuxka, esku-orria eta txapa banatu dizkiete, eta datorren astetik aurrera hika praktikatzen hasiko dira: ahozko jarduna, 15 minutu astero. Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko hitanoa biziberritzea da, noka bereziki. Horretarako, azaroan "Oñatiko hika poltsikaran" liburuxka plazaratu genuen. Bertan, Oñatiko hitanoari buruzko oinarrizko informazioa eta aditz-taulak datoz. Orain,beste pauso bat eman dugu, liburuxka erabiltzen hasteko. Ikus Goienako Oihana Elortzak egin duen erreportajea.

Larraña institutuko, Txantxiku ikastolako eta Elkarheziko irakasleekin hiru urteko plangintza egin dugu: aurten 2-3 mailatan banatuko dute materiala (inor ez dadin liburuxka gabe geratu) eta ahozko lanketak ere gela horietan egingo dituzte. Datozen bi urteetan, berriz, maila bakarrean egingo dute banaketa eta lanketa, urtero maila berean: Institutuan eta Elkarhezin DBH-4n; Txantxiku ikastolan, berriz, Batxi-1en. "Aurten, guztira 230 bat ikaslek hartuko dute parte", azaldu du Idoia Etxeberriak, egitasmoaren koordinatzaileak, "eta oso garrantzitsua da hori, adin tarte horretan hasten direlako hitanoa erabiltzen". 

Gure eskerrik beroenak proiektuarekin bat egin dute irakasleei! Eta ikasleei ere bai, nola ez. "Danon artian egingo xonagu/xuagu!", horixe da Ingo Xonau!-tarren leloa.

 

 

Proiektuaren hasiera eta bilakaera

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz, Oñatiko Udalaren babesari eskerIngo xonau! Badihardugu euskara elkarteko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Iaz 54 herritar elkarrizketatu genituen (gehienak emakumeak), eta ondoren grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-en ikus ditzakezue. Jasotako testigantzekin lau ikus-entzunezko ere prestatu ditugu, Oñatiko hitanoaren egoera ezagutarazteko.

Erabilera bultzatzeko, liburuxka, esku-orria eta "Ingo xonau?" dioen txapa plazaratu ditugu. Liburuxka nahiz izanez gero, udal euskaltegian eskuratu daiteke. Hikalaguna ere ipini genuen abian, mintzapraktikarako taldetxoak, eta hilabeteotan Beatriz Irizar hika ikastaroa ematen ari da Jabetze Eskolan. Otsailetik aurrera, berriz, bigarren ikastaroa egingo da hika ikasi nahi duten emakumeentzat. "Adin guztietako jendearen parte-hartzea da beharrezkoa". Animatu eta eman izena! 

Irudietan, Goienako erreportajeko fotograma bat eta argazki bat. Egilea: Oihana Elortza

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia