Euskal Herriko Ahotsak - Informazio orokorra

 

.........................................

Helburuak

Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarriz. Ondorengo 3 urteetan, 2004-2007 bitartean, bilketa lana hasi zen eta jasotako materiala lantzen hasi ginen. Hortik aurrera, Interneteko webgune hau atontzen jardun dugu. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu genuen, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baikara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.

Zenbait datu

Hauek dira proiektu honen ezaugarri azpimarragarrienak:

  • Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu.
  • Publikoa eta doakoa da.
  • Proiektu irekia da eta interesa duen orok har dezake parte.
  • Hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu.
  • Metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen da.
  • Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.
  • Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak, zaletuak, senideak... filologoak, historialariak, antropologoak...

Proiektuaren eta webgune honen ardura Badihardugu Euskara Elkartearena da. Hala ere, egitasmo honen asmoa da, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik parte hartu ahal izatea Ahotsak.eus-en, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlarirekin ari gara elkarlanean, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.

Metodologia eta urratsak

Grabazioak berreskuratu
Proiektuaren lehenengo urratsa da, Euskal Herri guztian zehar sakabanatuta dauden zintak berreskuratzea. Horretarako, ahozko ondarea biltzeko lanetan jardun duten bitartekoekin kontaktatu dugu: udaletxeak, euskara elkarteak, ikastetxeak, ikerlariak... Kasu askotan, grabazioak zinta analogikoetan egon ohi dira, eta premia-premiazkoa da lehenbailehen kopiatzea eta euskarri digitalera pasatzea. Kasurik gehienetan, gainera, soinua garbitu egiten da. Audioa bakarrik duten grabazioak CDetan gordetzen dira; bideoen kasuan, DVDetan. Kopiak egin ondoren, originalak jabeari itzultzen zaizkio. Adibide bat jartzearren, webgune honetan biltzen dira, esate baterako, Bergarako lanbide zaharren inguruko liburuetarako egindako grabazioak, Zarauzko euskara jasotzeko 1987an grabatutakoak, Eskoriatzako argazki zaharrak dokumentatzeko egindakoak, Ordiziako euskara aztertzen duen libururako egindakoak, Eibarko mendi-toponimia proiekturako jasotakoak...

Grabazio berriak egin
Grabazio zaharretaz gain, une honetan ere grabazioak egiten ari gara han eta hemen. Azken 4 urteotan egin ditugun grabazio guztiak bideoz egin ditugu. Orain arte Gipuzkoan egin dira grabazio gehienak (orain arte gutxien landu izan den lurraldea zelako), baina dagoeneko gainontzeko lurraldeetan ere hasi gara lanean.

Elkarrizketaren inguruko informazioa datu-basean txertatu
Elkarrizketa bakoitzaren inguruko informazio guztia datu-basean sartzen da. Horretarako:

  • zinta guztiak katalogatu eta etiketatu egiten dira
  • lekukoen datuak jasotzen dira (jaioteguna, biografia laburra, argazkia...)
  • elkarrizketatzailearen datuak jasotzen dira
  • elkarrizketaren datuak ere gorde egiten dira (elkarrizketa noiz, non, nola, zergatik... egin den)
  • eta proiektuaren informazioa ere datu-basean sartzen da

Grabazioak landu
Grabazioak luzeak dira (gehienak ordubete ingurukoak) eta bakoitza minutuz minutu laburtzen da 2-4 minutuko "pasarteak" sortuz. Pasarte horietako bakoitzak honako informazioa izaten du laburtze edo kodifikazio lan hori amaitzerakoan: izenburua, pasartearen laburpena, iraupena, gai-kodea eta transkripzioa. Gainera, pasarte bakoitzari lehentasun-maila bat ematen zaio eta horren arabera aukeratzen dira pasarte interesgarrienak Interneten erakusteko. Pasarterik interesgarrien horiek editatu egiten dira, bideo edo soinu artxiboa hartu eta MP3 eta HMTL5/MP4 formatuetara pasatuz.

Ahotsak.eus webgune honetan kontsultatu daitezkeen zinta eta pasarte guztiak ez daude neurri berean landuta. Batzuetan grabazioaren informazio guztia izango duzu (pasarteak kodifikatuta, gaika antolatuta, bideo-fitxategi eta guzti...); beste batzuetan, zintaren eta hizlariaren oinarrizko informazioa bakarrik aurkituko duzu. Webgunea etengabe ari da eguneratzen.

Eskualdeak

Eskualdeak zehazteko orduan arazo handiak daude. Euskal Herrian ez dago eskualdeen sailkapen bakarrik eta ez da erraza jakitea lurralde bakoitzean zenbat eskualde dauden. Gainera, askotan, geografia, zerbitzuak eta mankomunitatea ez datoz bat, eta herri berbera 2-3 eskualdetan egon daiteke. Adibide batzuk jartzearren: Zumarraga Goierri da, baina baita Urola Garaia ere. Edo Mallabia Debabarrenean eta Durangaldean sailkatu daiteke. Oinarri nagusi moduan, Eustat eta Euskarazko Wikipedia hartu ditugu.

Iturri nagusiak

Proiektu honetan orain arte bildu dugun materiala 4 multzo nagusitan banatu daiteke:

Badihardugu elkarteak sortutako materiala
Azken urteotan, Deba Ibarreko hainbat udalerri gehitu dira Deba Ibarreko Ahozko Ondarea izena daraman proiektura: Bergara, Antzuola, Mallabi, Soraluze, Elgeta (2003an), Arrasate (AED Elkartearekin elkarlanean), Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga (2004an), Aramaio eta Deba (2005. urtean), Elgoibar (2006-2007) eta Oñati eta Eibar (2008an). Hortik kanpo ere, eskualdeko gainontzeko herrietan eta inguruko eskualdeetan (Urola, Lea-Artibai, Goierri...) ere grabazioak egin ditugu azken urteotan.

Euskal Herriko udalekin hitzarmenak
Deba Ibarretik kanpoko zenbait udalekin ere hitzarmenak izenpetu dira herrietan lehendik zeuden grabazioak berreskuratu eta katalogatzeko, eta baita grabazio berriak egiteko ere. Besteak beste: Zarautzen, Ordizian, Azkoitian, Zestoan...

Elkarteekin lankidetza hitzarmenak
Zenbait herritako euskara elkarteekin egindako lankidetza hitzarmenei esker, esparrua are gehiago zabaldu da. Adibidez, Oiartzungo Ttur-Ttur elkartearekin eta Ermuko Euskal Birusa elkartearekin sinatu genuen hitzarmena iaz, eta herri horietako ahozko ondarea ere ahotsak.eus webgunean txertatzen ari gara. 2008an ere hitzarmen berriak sinatu ditugu Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkartearekin eta Eibarko ...eta Kitto Elkartearekin. Honi esker, hainbat grabazio zahar berreskuratuko ditugu. Horretaz gain, Euskal Herriko beste hainbat kultur erakunderekin ere harremanetan hasi gara dagoeneko.

Ikerlariekin kontaktuak
Azkenik, hainbat ikerlarirekin (Xabier Lasa, Jesus Mari Makazaga, Jose Manuel Bereizartua...) ere harremanetan jarri gara lehendik dituzten grabazioei erabilera emateko eta sarean hedatzeko asmoz. Azpimarratzekoa da Koldo Zuazo ikerlari eta filologoak lagatako zintak. Guztira, Euskal Herri osoko 347 grabazio dira. Orain arte zati bat besterik ez dago kontsultagai webgune honetan, baina denborak aurrera egin ahala besteak ere katalogatzen eta sarean jartzen joango gara.

Honen guztiaren inguruko informazio gehiago, Proiektuak atalean eta Laguntzaileen orrialdeetan.

Ezaugarri teknikoak

Proiektu honen oinarri metodologikoa Eibarren egindako proiektu batean ezarri zen 2000. urte bueltan, Eibarko ondarea biltzen duen Eibartarren Ahotan proiekturako (Eibarko udala, Egoibarra Batzordea). Ideia nagusia Asier Sarasuak eta Itziar Alberdik garatu zuten eta Codesyntax enpresak eman zion Interneterako behar zuen egituraketa eta forma. Oinarri hartatik abiatuta gauzatu da Ahotsak.eus, hasierako ideia moldatu eta garai berrietara egokituz, betiere software librea erabiliz.

Webgunearen azpiegitura: ZOPE
Webgunea egiteko ZOPE Web Aplikazioen Zerbitzaria erabili dugu. Webgune dinamikoak egiteko programa da; XML estandarren bidez, webguneko edukia beste proiektu batzuetara esportatu daiteke; eta beste guneetako edukia ere hemen integratu. Software libreko tresna da ZOPE. Linux sistema eragilea bezala, mundu guztiko hainbat lagunen aportazioekin osatuz doa.

Datu-basea: MySQL
Datu-baseari dagokionez, SQL (Structured Query Language) erabiltzen dugu. SQL datu-baseak oso aukerakoak dira datu-base erlazionalak antolatzeko eta web bidezko kontsultak egiteko. Oinarrian, ezaugarri garrantzitsu hauek betetzen ditu: Software librean sortua, estandarrak betetzen ditu, antzeko beste datu-baseekin bateragarria da, fitxak inportatzeko eta esportatzeko aukera ematen du eta bilaketa-sistema eta filtro-sistema egokiak eskaintzen ditu. MySQL Open Source da, hau da, Software Librea.

Pasarteen digitalizazioa
Pasarteak HTML5 formatuan aurkituko dituzu. Horrez gainera, soinu-fitxategiak MP3 formatuan ere jaitsi daitezke eta bideo-fitxategiak MP4 formatuan.

Eguneraketak
Artxiboa eguneratuta mantentzen da beti. Ahozko Artxibo hau guk geuk saretik bertatik kudeatzeko barne-gestio sistema antolatuta dugu. Era honetan, material berria jaso eta landu ahala, zuzenean webgunean kontsultatzeko prest dago. Eguneraketak, gainera, toki zentralizatu batetik egin beharrean, hainbat elkarte eta udalek ere egin ditzakete euren egoitzetatik edo etxetik, guk emandako pasahitzak erabiliz.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia