Lantaldea

Hainbat elkarte eta norbanakok hartu du parte gure proiektuan, elkarlana oinarrizkoa baita lan honetan: guztiona den ondarea jaso eta guztion eskura jartzeko ahaleginean. Bestalde, asko dira Ahotsak.eus proiektuan lanean jardundakoak, 2003. urtetik hona.

Une honetako langileak:

Aintzane Agirrebeña Ubera (Eibar, 1981). Euskal filologian lizentziatua. Gaur egun Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzailea da. Eibarko euskararen inguruko hainbat proiektutan parte hartu du, besteak beste, Eibartarren Ahotan, Hiztegi Etnografikoa, eta Eibarko hiztegia online. Hainbat herritako hizkera jaso eta aztertu du, tartean, Beasain, Zarautz eta Zumaia. Badihardugu Elkarteko idazkaria da eta Ahotsak.eus proiektuko azterketa linguistikoaren arduraduna (transkripzioak, corpusaren erauzketa, lematizazioa eta abar). Proiektuaren sortzaileetako bat da.

Asier Sarasua Aranberri (Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz, gazterik hasi zen Eibarko euskara eta ohiturak aztertzen. Azken urteotan hainbat lan kaleratu ditu bere herriko kontuen inguruan, esate baterako, Eibarko basarrixak (1998), Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003), Eibarko euskara (2005), edo Eibarko mapa toponimikoa (2005). Beste zenbait herritako herri hizkerak ere aztertu izan ditu eta horren lekuko, Zarautz Hizketan (2007) eta Beasaingo euskara (2007). Ahotsak.eus proiektuko koordinatzailea da, eta proiektuaren sortzaileetako bat. 

Haizea Odria Esnal (Azpeitia, 1980). Arte Ederretan lizentziatua, gehienbat ikusentzunezkoen munduan aritu da. Ekoiztetxe eta herri telebistetan bideo-editore, diseinatzaile eta kamaralari gisa ibili da. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko bi ediziotan ere parte hartu du, bertako telebista eta web ofizialerako bideoak sortzen. Ahotsak.eus proiektuan bideo-editore moduan dihardu batez ere, 2009tik. Hainbat ikus-entzunezko eta dokumental labur egin ditu, besteak beste ikasgelan.ahotsak.eus webgunerako. 

Idoia Etxeberria Elortza (Oñati, 1977). Donostian bizi da. Euskal Filologian eta Kazetaritzan lizentziatua. Kazetari lanetan ibili da batez ere: lehenengo Euskaldunon Egunkarian eta ondoren Berrian. Ahotsak.eus proiektuan dihardu 2009tik, elkarrizketak egiten, materiala lantzen... Hezkuntzako proiektuko eta ikasgelan.ahotsak.eus webguneko arduraduna da, eta baita 101 Ele (Euskal Herriko hizkuntzak) proiektukoa ere. Badihardugu elkarteak kaleratutako Jira Bueltan: betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVDaren eta Lan eta lan, emakumea Bergaran liburuen egileetako bat da. 

Izaskun Gaston Balerdi (Urretxu, 1977). Eibarren bizi da. Arte Ederretan lizentziatua, turismo teknikari bezala aritu zen Urola Garaia eskualdean urte askoz. Euskal Burdinaren Museoa, Chillida Lantoki eta Mirandaola Burdinolako koordinatzaile bezala jardun du eta baita Eibarko Armagintzaren Museoan katalogazio eta gidari lanetan ere. Industria ondarearen zale amorratua,  administrari eta koordinatzaile lanak egiten ditu Badihardugu Elkartean 2012az geroztik. 

Irati Lizeaga (Pasaia, 1994). Euskal Filologia ikasi du, Gasteizen. Lurraldea eta Hizkuntza: Eragin Lingustikoaren Ebaluazioa (ELE) graduondokoa egin zuen 2017an. HIZNET Hizkuntza Plangintza graduondokoa 2018an. Euskara irakasle jardun du, eta orain Ahotsak lantaldeko kide da.

Arianne Unamuno Loidi (Soraluze, 1983). Ingurumen Zientzietan lizentziatua izan arren, euskalgintzan jardu du azken urteotan. Pil-pilean Euskara Elkartean kazetari eta koordinatzaile lanak egin ditu. Badihardugu elkarteko koordinatzailea izan zen, eta orain grabazioak kodifikatzen aritzen da, tartean behin.

Peio Dibon (Baiona, 1993). Transkrizpzioak egiten jardun du, bere borondatez, eta orain elkarrizketak egiten hastekoa da. 

Langile ohi batzuk:

Iker Ugalde Alberdi.(Bergara, 1982). Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziatua Mondragon Unibertsitatean. 12 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta sektore publiko zein pribatuan aritu izan da ikus-entzunezko proiektuetan lanean. Egile modura sortu dituen obren artean ditugu “Bergara 1936, Gerra eta Errepresioa” (Bergarako Udala), “Zenbait Gazte Ausart” (Euskaltzaindia) eta “Santiago Arizmendiarrieta 1903-1977 Oroimenaren Geruzak” (Eibarko Udala). Badihardugu Euskara Elkartearentzat Ikus-entzunezko Teknikari gisa lan egin du, ahotsak.eus egitasmoaren barnean.

Jaione Gisasola. (Eibar, 1993). Euskal Filologia ikasi du, Gasteizen. Ahotsak.eus proiektuan aritu zen lanean, batez ere materiala lantzen eta azterketa linguistikoaren arloan. 

Libe Eizagirre Agoues. Zarauztarra. Antropologia ikaslea, Ahotsak.eus proiektuan praktikak egin zituen.

Idoia Mauleon. Donostiarra. Arte Ederrak ikasi zituen, EHUn, eta ikus-entzunezkoen munduan ere aritu da. 101 Ele (Euskal Herriko hizkuntzak) egon zen lanean, elkarrizketatzaile moduan eta grabazioak lantzen. 

Miren Deba (Aztiria, 1994). Lehen Hezkuntza Berezia ikasi du eta euskara irakasle moduan ere ibili da. Hezkuntzako proiektuan aritu zen lanean, Ahotsak-eko materiala didaktizatzen. 

Ainitze Oruesagasti. Azpeitiarra. Kazetaritza ikasi zuen. Ahotsak.eus proiektuko langilea izan zen, gehienbat grabazioak kodifikatzen aritu zen.

Argitxu Camus Etchecopar. Zuberotarra. Historia ikasketak segitu zituen Pauen eta Gasteizen. Ondotik Ameriketako Estatu Batuetara joan zen eta tesia Renoko unibertsitatean aurkeztu zuen. Renoko eta Paris Sorbonne Nouvelle-ko unibertsitateetan lan egin ondoren, gaur egun Euskararen Erakunde Publikoan ari da lanean, Baionan. 2012tik hainbat elkarrizketa egin ditu Ahotsak proiekturako.

Aitor Errazkin. Irundarra. Euskal Filologian lizentziatua. Ahotsak.eus proiektuko langilea izan zen. Gazte Gara Gazte proiektuko elkarrizketa gehienak berak eginak dira. Irakaslea da lanbidez.

Juan Martin Elexpuru Arregi (Ubera-Bergara, 1950). Idazlea eta itzultzailea. "Bergara aldeko lexikoa" izan zen bere doktaradutza tesia (EHU-1996). Bergarako UNEDeko kide gisa, departamentuak lan ugari bideratu zuen herri-euskara jasotzera eta ikertzera. Bergarako euskera (1988) liburua eta Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak (1997-2002) proiektua, lau liburukitan argitaratu zena, zuzendu zituen. Bergara aldeko hiztegia (2004) liburuaren egilea da. Badiharduguko kidea sorreratik, Ahotsak proiektuko langile ere izan zen.

Nerea Goiria Mendiolea (Muxika, 1983). Euskal Filologian lizentziatua. Irakasle moduan aritu izan da batez ere. Toponimia ikerketan ere ibilitakoa da: Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko toponimoen bilketa eta finkaketan, eta Gernika-Lumoko toponimiaren finkapenean. Ahotsak.eus proiektuko teknikaria izan zen. Gaur egun euskara irakasle moduan dabil. 

Eider Etxeberria Mendizabal (Usurbil, 1985). Euskal Filologian lizentziatua, irakasle eta itzultzaile lanetan ibili izan da orain arte. Badihardugu elkarteko teknikaria izan zen: grabazioetatik lortutako materiala lantzeaz arduratzen zen. Gaur egun irakaskuntzan dihardu.

Kepa Elortza Odriozola (Oñati, 1958). Badihardugu Euskera Elkarteko kidea eta Oñatiko euskara aztertzeko jaiotako Berba taldeko sortzaileetako bat. Elkarrizketatzaile lanetan ibili zen Ahotsak proiektuan, Debagoienean batez ere.

Miren Artetxe Sarasola (Lasarte, 1985). Euskal Filologian lizentziatua; Zientzia Kognitiboa eta Hizkuntzari buruzko masterra du. Euskara irakasle eta itzultzaile lanetan aritua; doktoregai gisa elebitasuna eta intonazioari buruzko ikerketan jardun zuen ("Gogo Elebiduna" proiektua, EHU). Azkenaldian bertsolaritzari buruzko tesia egiten dihardu, eta frantseseko irakasle gisa dabil EHUn. Ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatzaile lanetan ibili zen, Tolosaldean. 

Edurne Zabala Lizarazu (Errenteria-Orereta, 1972). Psikologian lizentziatua. Haur eta nerabeen hezkuntzan espezializatua. Psikologo gisa aritu da lanean, batez ere haurrekin. Ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatzaile lanetan jardun zuen Oarsoaldean.

Ainhoa Ansa Zugarramurdi (Arano, 1980). Historian Lizentziatua bada ere, euskal kulturgintzan egin izan du lan batez ere. Besteak beste Euskal Kantuzaleen Elkartean aritu da lanean. Ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatzaile moduan aritu zen, Hernani aldean.

Itziar Alberdi Bilbao. Eibartarra. Badiharduguren sorreran Ahotsak proiektuaren arduraduna izan zen eta Deba eskualdeko Ahotsak proiektuko elkarrizketa asko berak eginak dira.

Aitziber Otegi. Beasaindarra. Badihardugu Elkartean lanean aritu zen eta Goierri inguruan hainbat elkarrizketa egin zituen; baita grabazioen lanketak ere.

Xan Aire (Urepele, 1984). Frantses eta euskal filologiako ikasketak eginak. Kazetari lanetan ibili da ondoren, Euskal Herriko Kazetan eta Berrian. Gaur egun, Seaskan dago lanean. Ahotsak proiekturako elkarrizketatzaile gisa ibilia da, Ipar Euskal Herrian zehar. 

Ane Lardi. Oiartzuarra. Ttut-Ttur euskara elkartearen Oiartzuarren Baitan proiektuaren arduraduna, hainbat elkarrizketa egin eta landu zituen Oiartzunen. 2017an administrari gisa jardun zuen lanean Ahotsak proiektuan.

Ainize Madariaga. Hainbat elkarrizketa egin zituen Ahotsak proiekturako, 2013an, Nafarroa Beherean. 

Joseba Erramundeguy. Ainhoakoa da. Kazetaria. Hainbat elkarrizketa egin zituen Ahotsak proiekturako, batez ere Lapurdin eta Nafarroa Beherean.

Andere Gonzalez Benedikto. (Getxo, 1988). Arte Ederrak ikasi zituen, eta Multimedia eta komunikazioan espezializatu zen. Musika ikasketak ere egina da. Praktikak egin zituen Ahotsak.eus proiektuan, eta lanean ere jardun zuen aldi batez. Gazte Gara Gazte proiekturako elkarrizketatu genuen. Egun DBHko irakasle moduan dihardu beharrean. 

Irati Odriozola Zugarramurdi. Oiartzuarra. Ahotsak proiektuan elkarrizketatzaile gisa ibili zen aldi batez. 

Alex Artzelus Mujika (1992, Bergara). Euskal Filologia ikasi zuen. Bere kontura hasi zen elkarrizketak egiten, euskalkiak jasotzeko, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Ahotsak proiekturako ere hainbat egin ditu. 

Maddi Gallastegi. Zumaiarra. Ahotsak.eus proiektuan aritu zen lanean, materiala lantzen batez ere. Donostiako euskarari buruzko ikerlana egin zuen. 

Eli Izagirre. Donostiarra. Ahotsak proiektuan egon zen lanean 2009an. Gaur egun euskara irakasle moduan dabil lanean. 

 

Ahotsakeko lantaldea

Ahotsak proiektuaren 10. urteurreneko ekitaldian ateratako argazkia. Une hartako lantaldea. 

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia