Nola eskuratu "Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas" liburuxka-DVDa?

Abe. 12, 2017, 10:43 a.m.  ¦ 

Durangoko azokan gure "best seller"-a izan zen umeekin jolasteko argitaratu dugun liburuxka-DVDa, eta hainbat ikastetxetan banatu dute. 

Durangoko azokan aurkeztu genuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVDa, eta oso harrera beroa izan du. Badihardugu-Ahotsak gure standean izan genuen salgai, eta bertaratu ziren askoren interesa piztu zuen. Orain non eskuratu daitekeen galdezka ari zaizkigu... gurekin harremanetan jarrita lor dezakezue (ahotsak@ahotsak.com) eta baita hainbat liburu dendatan ere: Eibarko Iralagoitia dendan, Elgoibarko Pitxintxu dendan, Eskoriatzako Dorleta paperdendan, Donostiako Hontza liburu dendan eta Elkar denda guztietan.

Saguganbara aretoan egin zuten aurkezpena, ostiralean, Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak eta Eider Eibar marrazkilariak, berak egin baititu liburuxkako marrazki ederrak. Makina bat ume eta guraso zeuden aretoan, eta denak atxia-motxia kanta-jolasa egiten ipini zituzten. Besteak beste, bideo labur hau ere erakutsi zuten:

Ahotsak.eus proiektuan jasotako kanta eta jolasak biziberritzeko proiektua da Jira Bueltan, belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigun ondare hori ezagutu eta erabiltzeko materiala, berriz gure artean izan dadin, jira-jira bueltan! 0-12 urte bitarteko umeekin egiteko moduko 50 kanta eta jolas bildu ditugu, era askotakoak: sokasaltokoak, esku-jolasak, biribilean jarrita egitekoak, harrapaketa jolasak, ume txikiekin egiteko kantak... Umeekin jolastu nahi duen edonorentzat dira aproposak: guraso, hezitzaile, irakasle... Liburuxkan azalpenak eta marrazkiak datoz; DVDan, berriz, bideoak. Bideoetan adinekoak agertzen dira jolasa azaltzen edo kantuan eta ondoren ikastetxeetako umeak, jolasten edo kantatzen. Izan ere, Deba bailarako 9 ikastetxetan egin ditugu lanketak, lau udalen babesari esker: Aretxabaleta, Eibar, Eskoriatza eta Elgoibar. 

Liburuxka-DVDa aipatutako lau udalerri horietako ikastetxeetan banatu dute, Lehen Hezkuntzako 1. mailan. Pozarren hartu dute oparia umeek, argazkian ikus daitekeen moduan. Argazkia Goiena hedabideak ateratakoa da; ikus albistea eta argazki gehiago

Jira Bueltan liburuxka-DVDari buruzko informazio gehiago: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVD batean

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia