ZirHika

Euskal Herrian hitanoaren erabilera bultzatzeko mugimendua

Zer da ZirHika?


ZirHika taldea hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko sortu da, euskararen normalizaziorako. Euskal Herri osoko leku askotako hika eragileek osatzen dugu. Hitanoa tresna paregabea da kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen dion hizkera informala delako. Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gazte askok kalean erdarara jotzen dute bat-batekotasun, adierazkortasun eta informaltasun bila: gazte-hizkera baten bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, gainbehera joan da azken hamarkadetan. Herri euskaldunenetan mantendu da ondoen, eta horietan ere galduz doa. Horregatik, gure asmoa euskaldunen artean, bereziki gazteen artean, hitanoaren erabilera areagotu eta sendotzea da, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzea. Euskararen erabilera indartzeko.

Nola sortu da?

ZirHika taldea herri ekimenetik sortu dela esan daiteke, eta ez goizetik gauera. Azken urteotan Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan egin dira hitanoa bultzatzeko ekimenak, hika ikastaroak batez ere. Noka ikastaroak ere bai, toki dezentetan, noka ikastea ahalduntzeko tresna moduan ikusten baita feminismotik. Asko dira aipatu daitezkeen herriak. Hitanoaren aldeko olatu moduko bat dagoela esan daiteke. Hori bai, hika eragile gehienok ez genuen elkar ezagutzen: bakoitza bere aldetik zebilen, sarritan bakardade sentsazio handiarekin.

Badihardugu euskara elkartean 2019an hasi ginen hitanoa bultzatzeko lanekin; hainbat lekutan, baina bereziki Oñatin (ikusi Ingo Xonau! ekimena). 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu genuen Oñatin, Badihardugu euskara elkarteak eta UEUk, hainbat erakunderen babesarekin. Topaketa hartan Euskal Herri osoko 80tik gora hika eragile bildu ginen; izan ere, topaketa hika eragileentzat zen: asmo nagusia, elkar ezagutu eta elkarlanerako bideak aurkitzea.

Elkarlanean hitanoa bultzatzeko talde eragile bat sortzea erabaki zen, eta halaxe sortu zen ZirHika, 2024ko apirilean. ZirHika taldean euskara  teknikariak, euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, ikerlariak... esparru askotako herritarrak gaude. Lurralde guztietakoak.

Euskal Herriko I. Hika Topaketako parte-hartzaileetako batzuk, Oñatin. Badihardugu

2025eko otsailaren 22an egin genuen ZirHikaren aurkezpena, Donostiako Zaldi Urdina arte eskolan. Aurkezpenean, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta Andrea Bella uruguaitarra ere gurekin egon ziren. 

Donostiako aurkezpeneko talde-argazkia. ZirHika

ZirHikaren egitasmoak

1. Euskaraldia Hika

ZirHika taldearen lehenengo erabakietako bat Euskaraldian hitanoa txertatzen saiatzea izan zen. Orain arte Hikaldia egin den herrietan udalek beraien kabuz egin dute, bakoitzak bere erara. Euskaraldia Taupak antolatzen duenez, beraiengana jo genuen Euskaraldian hika txertatu zezatela eskatzeko. Elkarlanean egingo genuela erabaki zen: ZirHika ari da Euskaraldia Hika egitasmoa kudeatzen, Tauparekin batera.

 

Zer suposatzen du? Txapan H-a ipintzea. H-aren esanahia: "Nahi baduzu, n irekin hika egin dezakezu". Ahobizi ala Belarriprest? Norberak erabakiko du zein nahi duen. Hori ez da aldatzen. Ez dago hika jakin beharrik H-a ipintzeko. Hitanoa ikasi/entzun nahi duenak ere ipini dezake. Hika egitea biren arteko tratua da.

Zertarako balio du? Zukaz gainera, hika ere entzuteko eta hitz egiteko. Hitano hiztunak aktibatzeko eta sortzeko. Eta hitanoa plazaratzeko.

Parte hartzeko egin behar den gauza bakarra izena ematea da. Gero, hautazkoa da hitanoa bultzatzeko ekimenak egitea: herri batzuetan egingo dituzte eta beste batzuetan ez. Nahi dutenei ZirHikatik proposamenak egingo dizkiegu.

2. Euskal Herriko II. Hika Topaketa

ZirHika taldeak 2025erako duen helburu nagusietako bat Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatzea da. Bi urtetik behin antolatzea aurreikusten da. Lehenengoa Gipuzkoan izan zen eta bigarrena Bizkaian izango da: Markina-Xemeinen, 2025eko azaroan. Markina-Xemeinen hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egin dituzte: ikastetxeetarako ikasmateriala, hikalaguna, hika ikastaroa, adizkiak jasotzeko lanak... Dagoeneko hasi gara II. Topaketako antolaketa-lanekin. Euskal Herri osoko hika eragileentzat izango da.

3. Euskal Herriko II. Hikadromoa

2025eko abenduan Euskal Herriko II. Hikadromoa antolatuko dugu, Durangoko azokan. 2024ko abenduaren 7an Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu genuen, Gerediaga elkartearen babesarekin. ZirHika taldearen lehenengo ekimena izan zen. Bagera elkarteak gidatu zuen dinamika eta arrakastatsua izan zen: 75 pertsona elkartu ginen, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. 38 emakume eta 36 gizonezko, 18 mahaitan banatuta. Oso giro ederra sortu zen. Bertaratutako askok ekimena errepikatzeko gogoa agertu zuen. ZirHikatik oso balorazio positiboa egin genuen.

 
Euskal Herriko I. Hikadromoko parte-hartzaileak, Durangoko Landako eskolan. ZirHika

4. Udalekuetan hitanoa txertatzea

Udalekuetan hitanoa txertatzen saiatzea izango da aurtengo gure beste lanetako bat. Hitanoa biziberritzeko garaian gazteak kontuan hartzea derrigorrezkoa da. Belaunaldi berriak oso garrantzitsuak dira proiektu honetan. Hitanoa hizkera informala denez, aisialdiko guneetan jarri dugu arreta, eta Euskal Herri mailakoak diren udalekuak jo ditugu begiz. Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen bertso udalekuak eta UEMAk antolatzen dituen Salto! udalekuak dira aproposenak hitanoa txertatzeko, bertan gaztetxo euskaldunak biltzen baitira, euskararekin jolastea gustatzen zaienak zein arnasguneetakoak, hitanoaren presentzia handiena duten herrietakoak, alegia. Bilerak egingo ditugu Bertsozale Elkarteko udaleku batzordearekin eta Salto! udalekuetako arduradunekin, aukerak aztertzeko.

5. Praktika onen dekalogoa

Orain arte hitanoaren bueltan egin dena dokumentatu, aztertu eta praktika onen bilduma bat egitea komeni da, hitanoa bultzatu nahi dutenen esku jartzeko. Horixe izango da 2025eko beste lanetako bat. Hutsetik hasita hitanoa bultzatu nahi duenari gida-lerro batzuk proposatzea izango litzateke: Nola hasi hitanoa bultzatzen? Zer egin da beste leku batzuetan? Zein dira ekimen arrakastatsuenak?

6. Plan estrategikoa

2025a plan estrategikoa egiteko urtea ere izango da. Non egon nahi dugu hamar urte barru? Zeintzuk dira proiektuaren epe labur-ertain-luzeko helburuak? Zer pauso eman norabide horretan? Landu daitezkeen alorretako batzuk: hika eragileak saretzea, hezkuntza, hedabideak, kultura, aisialdia... Hainbat alor aztertu eta bidelerro batzuk zehaztuko ditugu, helburu garbi batzuekin.

7. ZirHika mugimendua sendotzea

Ezinbestekoa ikusten dugu ZirHika talde sendo eta dinamikoa izatea. Taldea zabalik dago eta deialdia hika eragile guztiei egin nahi diegu, parte hartzera anima daitezen. Denetik behar dugu: batetik, gurekin batera gauzak antolatuko dituztenak -ZirHikatzaileak- eta bestetik, baita guk antolatutako ekintzetan parte hartuko dutenak eta babesa erakutsiko dutenak ere: ZirHikazaleak.

Albisteak

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia