Euskaraldia Hikan izena emateko deia egin dute ZirHikako kideek
2025ko ots. 22a, 18:51

Dozena bat ZirHikakide inguru elkartu dira Donostiako Zaldi Urdina arte eskolan, gaur eguerdian. Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondo ZirHikakideek eman dituzte azalpenak. Hiru gonbidatu zeuden beraiekin, hiru ZirHikazale: Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta Andrea Bella uruguaitarra.
ZirHika mugimenduak herriz herri hitanoa -bereziki noka- bultzatzeko helburua du. Euskal Herriko I. Hika Topaketatik sortu zen eta hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Uxoa Elustondo eta Idoia Etxeberria ZirHikakideek eman dituzte azalpenak, gaur Donostian egin duten aurkezpenean. ZirHika nolatan eta zertarako sortu den azaldu dute, Euskal Herrian zer pertzeptzio dagoen hitanoaren inguruan eta 2025rako esku artean dituzten egitamoen berri eman dute. Euskaraldia Hika bultzatzen ari dira, Tauparekin batera. Parte hartzea oso erraza dela esan dute, Euskaraldiako herri batzordeei ez diela aparteko lan-kargarik suposatzen eta oso erronka polita dela. "Txapan H-a eramateak 'nirekin hika egin dezakezu' esan nahi du eta posible da hika jakin gabe ere H-a eramatea". Dagoeneko 66 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan. Izena emateko deialdia ere egin diete herriei, izena ematen ez duten herrietan herritarrek ez baitute aukerarik izango H-a eskuratzeko. Martxoaren 1ean amaitzen da herriek izena emateko epea. Aurten Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatuko dutela ere aurreratu dute: Markina-Xemeinen izango da, azaroan. Euskal Herriko II. Hikadromoa ere egingo dute; lehenengoa abenduaren 7an egin zuten, Durangoko azokan, eta 75 lagunek hartu zuten parte: "Balorazio oso positiboa egin genuen eta errepikatu egingo dugu". Praktika onen dekalogo bat ere prestatuko dute, hitanoa bultzatzen hasi nahi dutenentzat, eta udalekuetan hitanoa txertatzeko saiakera ere egingo dute, bertso udalekuetan eta UEMAren Salto! udalekuetan. "Gazteak hitanora hurreratzea oso garrantzitsua da".
Gogorarazi dute ZirHika hika eragileentzat irekita dagoen talde bat dela eta parte hartzeko gonbidapena egin dute. Ondoren, ZirHikazaleek hartu dute hitza. Andrea Bellak hitanoa nola ikasi zuen kontatu du, Uruguain, eta bi bertsolariek ere beraien esperientziaren berri eman dute: esperientzia pertsonalaz gainera, bertsolari moduan hika jarduteko dituzten zailtasunez aritu dira. Puntuz puntu hika bertsotan eman diote amaiera aurkezpenari, oso giro ederrean. Bukatzean, bazkaltzera joan dira, hika hizketan eta umoretsu.
Argazkian, ZirHikako hainbat kide, hiru gonbidatuekin: Amaia Agirre, Andoni Egaña eta Andrea Bella zirHikazaleekin. Iturria. ZirHika
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.