Donostia Rekording

Donostiarrei jasotako lekukotzak "ber-interpretatuz".

“Recordar” latinezko “re-codis”-etik dator: bihotzetik berriz igarotzea. Horixe egiten baitugu gogoratzen dugunean: aurrez bizitakoa biziberritu. Rekording memoriarekin eta entzumenarekin lotutako egitasmoa da, DONSS2016ko Ahotsak Itsasargiak proposatu eta kudeatutakoa.

Ahotsak.eus proiektuko grabazioak dira Rekording egitasmoaren abiapuntua: Donostiako lekuei buruzko testigantzak, adineko donostiarrek kontatutakoak. Lekukotasun horiek ber-interpretatu eta beste istorio batzuk sortzea proiektuaren asmoa, tailer artistikoen bitartez. Irrati-antzerki eta soinu-arte tailerrak egin zituzten. Sortutako lanekin eskuko telefonorako aplikazio bat egitea izan zen azken pausoa: Audiolab elkarteak audio-gida bat prestatu zuen, Donostian paseatuz lekuekin lotutako audio-pistak entzun ahal izateko.

Historia, lekuak, memoria, ahozkotasuna, soinua,... memoriaren soinu kartografia.

Prozesua

2015eko otsailean jarri ziren gurekin harremanetan, Rekording egitasmoaren berri ematen. Donostiako 150etik gora lekukoren grabazioak genituen Ahotsak.eus proiektuan, eta 3.500 bideo pasarte on-line, euskaraz. Bost elkarrizketa berri egiteko eskatu ziguten, gaztelaniaz, eta ondoren testigantza guztien hustuketa bat egin genezala. Donostiako lekuekin lotutako 50-60 pasarte onenak identifikatu behar genituen guztira, gero material horrekin lanketa artistikoak egiteko.

2015eko irailerako egin genuen gure lanketa. Lan horren emaitza: 60 testigantza, Donostiako 60 leku zehatzekin lotutakoak. Material horrekin tailer artistikoak egin zituzten, 2015eko udazkenean. Ondoren, Audiolab elkarteak audio-gida prestatu zuen, guztion audio-pistak Donostiako lekuekin lotzen dituena. 2016ko martxoan egin zen proiektuaren aurkezpena, eta egun horretatik aurrera audiogida eskuragarri dago http://dss2016.eu/eu/dss2016eu/ahotsak/rekording/rekording webgunean.

Parte hartzaileak

Audiolab, La Sonidera, Inko Martin eta Alberto de La Hoz artistak eta Badihardugu euskara elkartea. Laguntzaileak, berriz: Nagusilan, Casares Irratia, Donostia Kultura, Donostiako Gazteria Saila eta Afagi.

Lanketa

Donostiako lekukoek kontatutako istorioak lekuekin lotzea izan zen gure lan nagusia. Donostiako mapan kokatu genituen nolabait. Leku zehatzekin lotutako testigantzak bilatu eta aztertu genituen, eta ondoren aproposenak aukeratu. Horretarako, 1.800 bideo pasarte inguru aztertu genituen. Izan ere, gure webguneko testigantzak gaika daude sailkatuta, 300dik gora gai eta azpigaitan, baina ez lekuen arabera. Kasu batzuetan laburpenean agertzen ziren leku-izenak baina gehienetan grabazioak osorik entzunda bakarrik topa genitzakeen. Guztira 60 istorio aukeratu genituen. Donostiako toki zehatzekin lotutakoak denak ere, eta asko jota 3 minutukoak. Donostiako ahalik eta toki gehienak izan genituen kontuan bilaketak egiterakoan, eta ez erdigunea bakarrik. Auzoei ere merezi duten garrantzia eman genien.

Lehenengo gure artxiboko testigantzak aztertu genituen, euskarazkoak, eta gero elkarrizketa berriak egin genituen, gaztelaniaz; interesgarriak iruditzen zitzaizkigun eta guk jaso gabe genituen lekuekin lotutako pasadizoak jasotzeko. Mapa osatuagoa geratuko zen hala. 60 istorioetako 10-15 izango ziren elkarrizketa berrietatik ateratakoak. Nagusilan elkarteko boluntarioak elkarrizketatu genituen, gaztelaniaz: hiru emakume eta gizonezko bat.

Tailerrak

Hiru tailer egin ziren guztira, 2015eko udazkenean hasita. Madrilgo La Sonidera taldeak irrati-antzerki tailerra egin zuen, Casares irratian, nerabe talde batekin. Inko Martin eta Alberto de la Hoz artistek, berriz, irrati-arte tailerra egin zuten. Bi tailer horietan Ahotsak-eko testigantzak erabili zituzten oinarri moduan. Audiolab-ekoek, ostera, desmemoria hartu zuten gaitzat: ahanztura. Horrekin lotutako grabazioak egin zituzten, Afagi elkartearen laguntzaz.

Emaitzak

Audiogida da proiektuaren emaitza nagusia. Eskuko telefonorako aplikazio bat da. Hainbat audio-pista entzun daitezke audiogidarekin, Donostiako hainbat tokitan. Aplikazioa jaitsita duenari mobilak dar-dar egingo dio istorioren bat entzun daitekeen tokietan; Donostiako 60 lekutan, hain zuzen. DSS2016ren webgunean eskuragarri.

DONSS2016ren webgunean Rekording proiektuak bere atala dauka, eta han ere entzun daitezke audio-pistak. Mapa batean daude kokatuta: http://dss2016.eu/eu/dss2016eu/ahotsak/rekording/rekording

Prozesuaren «making off» bideoa prestatu dugu: 15 minutuko ikus-entzunezkoa. Eta orain bi minutuko bideo laburra egiten ari gara.

Eskertzak

Ahotsak Itsasargiko kideei, aukera hau emateagatik. Eta Nagusilan elkarteko boluntarioei, beraien testigantzengatik.

Albisteak eta informazio gehigarria

 

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia