Gasteizko Ahotsak
Gasteizko euskararen ahotsak
Sorrera eta helburuak
Hamaika urte daramatzagu Euskal Herriko Ahotsak jasotzen: jende nagusia elkarrizketatu, eta ahozko ondarea batzen. Herri hizkerak eta memoria historikoa batzen eta zabaltzen, Ahotsak.com webgunearen bitartez. Lan handia egiten ari gara herriz herri, euskalkiak jasotzeko. Baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dago. Gasteizen, esate baterako. Horregatik, eta orain arteko esperientzia baliatuz, Gasteizen proiektu berri bat bideratu dugu: Gasteizko Euskararen Ahotsak.
Hainbat gasteiztarren lekukotzak jasotzen dihardugu. Batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi genuen. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren.
Euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan; gainera, hiriburu politiko eta kulturala bihurtu da Gasteiz. Denetariko euskaldunak elkarrizketatu nahi ditugu: ezagunak eta ezezagunak, gazteak zein adinekoak. Bada ordua gasteiztarren ahotsak jaso, eta denen eskura jartzeko. Gasteiz euskalduna ezagutarazteko.
Crowdfunding prozesua
Proiektua bideratzeko crowdfunding-a egin genuen, www.karena.eu plataformaren bitartez. 52 auzolaguntzaile izan genituen. Proiektua martxan jartzeko beharrezkoa zen finantziazioa lortu genuen hala.
Elkarrizketak
2015eko ekainean hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso genituen, Oihaneder euskararen etxean. 13 lagun guztira. Denetik elkarrizketatu genuen, gazte zein heldu. Gehien-gehienak euskararekin lotura handia duten pertsonak dira: nola edo hala euskara sustatzen dihardutenak. Atzerritik etorri, eta Gasteizen euskaldundu denik ere bada: Jordi Serra katalana, esaterako. Eta euskal kulturako aurpegi ezagunik ere igaro da gure kamararen aurretik: Mikel Urdangarin eta Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak, Karmele Jaio zein Rikardo Arregi idazleak, Iñaki Martinez de Luna hizkuntzalaria...
Lanketa
Proiektua sortu genuen www.ahotsak.eus webgunean: Gasteizko Ahotsak. Elkarrizketatuen eta grabazioen datuak sartu genituen (biografia, iraupena etab…)
Hala, Gasteiz gure mapara ekartzea lortu dugu. Ondoren, grabazioak entzun eta hustuketa bat egin genuen, pasarte interesgarrienak aukeratzeko.
Aurkezpena
Proiektua apirilaren 6an aurkeztu genuen, Oihaneder euskararen etxean. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, ikus-entzunezkoa aurkeztu genuen. Mahainguru txiki bat ere izan zen ondoren, Iñaki Martinez de Lunarekin batera.
<p
Orain arteko emaitzak
Gasteizko euskararen ahotsak ikus-entzunezko batean bildu ditugu, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko. 27 minutuko iraupena dauka, eta sarean dago, interesa duenaren eskura:
- Dokumentala: https://www.youtube.com/watch?v=mT0TJXXa5VM
- Dokumentalaz gainera, elkarrizketatuen bideo pasarte batzuk ikusgai daude dagoeneko gure webguneko Gasteizko orrian, eta baita Youtubeko gure kanalean ere, gaika sailkatutako bideo hauek: Gasteizko Ahotsak Youtuben.
Eskertzak
- Crowfunding-eko auzolaguntzaileei.
- Elkarrizketatuei eta elkarrizketa egiteko prest agertu diren guztiei.
- Oihaneder euskararen etxeko langileei. Iñaki Lazkanori eta Ane Pedruzori bereziki. Elkarrizketa gehienak hantxe egin genituen. Beraien laguntza ezinbestekoa izan da, kontaktuak egiteko orduan zein gerora.
- Aurkezpenean egon zirenei eta aldez edo moldez laguntzen ari diren guztiei.
Albisteak eta informazio osagarria
- Oihaneder: http://oihanedereuskararenetxea.eus/eu/gasteizko-euskararen-ahotsak-oihanederren/
- Sustatu: http://sustatu.eus/1460204195197
- Sustatu: http://sustatu.eus/1459801797998
- Argia: http://www.argia.eus/albistea/gasteizko-euskararen-ahotsak-jasotzeko-crowfunding-a-abiatu-du-ahotsakcom-ek
- Alea: http://alea.eus/araba/1452258685165
- Gasteizen: http://www.gasteizen.com/2014/06/18/gasteizko-euskararen-ahotsak/
- Naiz: http://www.naiz.eus/eu/blogs/berriola/posts/gasteizko-euskararen-ahotsak
- Crowfunding-erako deia: https://www.youtube.com/watch?v=yhvtJ1XG-gU
- Trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=-XvwDUj_Unw