"Lan eta lan, emakumea Bergaran" liburua eta dokumentala sarean

mar. 17, 2014, 1:48 p.m.

Bergarako emakumeak lanarekin izan duen harremana du oinarri azterlanak. Martxoaren 1ean liburua eta dokumentala aurkeztu genituen, Bergarako udaletxean. Sarean daude biak jada, interesa duen ororen eskura. 

"Lan eta lan, emakumea Bergaran". XX. mendearen lehen erdian Bergarako emakumearen bizimodua nolakoa zen aztertu dute Juan Martin Elexpuruk eta Idoia Etxeberriak. Duela ia bi urte hasi ziren azterlanarekin, Bergarako Udalaren I. Berdintasun planaren bitartez. 270 orriko liburua eta 30 minutuko dokumentala aurkeztu zituzten martxoaren 1ean, Bergarako udaletxeko pleno aretoan. 

Ahotsak.com proiektuan jasotako testigantzak dira liburuaren eta ikus-entzunezkoaren bizkarrezurra. Bergarako emakumeei egindako elkarrizketak. Liburua Bergarako kultur etxean eros daiteke, 12 eurotan. Eta liburuaren bertsio digitala, berriz, debalde jaitsi daiteke Bergarako Udalaren webgunetik.

Guztion eskura dago dokumentala ere, sarean:



Dokumentala aurrez aurre ikusi nahi duenak beste aukera bat ere badauka: Debagoieneko emakumeak gerra zibilean eta frankismoan argazki erakusketan jarri dute, Bergarako Aroztegi aretoan. Erakusketa horretan EKIN emakume taldekoek prestatutako zazpi argazki-panel eta Bergarako Udal Artxiboak utzitako argazkiak eta objektuak ikus daitezke. Martxoaren 23a bitarte izango da zabalik. Bisita gidatuak egiten dihardute ikastetxeentzat, goizetan; Izaskun Gaston lankidea ari da ikasleei erakusketaren nondik norakoak azaltzen.

Azterlan honi buruzko informazio gehiago: aurkezpenari buruzko albistean, Goienan eta Noticias de Gipuzkoan








 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia