‘Ingo xonau!’ egitasmoaren aurkezpena, larunbatean: Oñatiko noka biziberritzen

abe. 12, 2019, 10:34 a.m.

11:00etan noka dakiten emakume guztien argazkia aterako dute, Lazarraga lorategian, eta ondoren ekitaldia egingo dute, 11:30etan Santa Ana antzokian: proiektuaren aurkezpena eta bideo-emanaldia. Ikusi bideo-aurrerapena!

Oñatin nesken hitanoa zergatik joan da galtzen? Zenbat emakumek dakite noka? Nola jaso dute? Transmititu al dute? Urte osoa lanean eman dugu, galdera horiei erantzuna bilatu nahian, eta emaitzak erakusteko garaia iritsi da. Abenduaren 14ko aurkezpenean, batetik, nokari buruzko ikerketa-diagnostikoaren emaitzak azalduko ditugu, eta, bestetik, dokumental labur bat erakutsiko dugu, nokaren galeraren arrazoiak azaltzen dituena. Dokumental hori osatzeko Oñatin elkarrizketatutako 50etik gora nokadunen testigantzak erabili ditugu. Hona hemen bideo-aurrerapena:

Ekitaldiaren aurretik, 11:00etan, Ingo Xonau! proiektuko lantaldeak noka dakiten Oñatiko emakume guztien argazkia aterako du, herriko plazaren aldamenean dagoen Lazarraga lorategian. Deialdia egin nahi dute ahalik eta emakume gehien anima daitezen, noka bizirik dagoela ikusaraztea komeni da eta! Ekitaldiaren amaieran "Ingo xonau?" txapak ere banatuko dituzte, erabilera bultzatzeko.

Oñatiko noka jaso eta biziberritzeko proiektua da Ingo Xonau! Herri ekimenetik sortu da egitasmoa, emakumeen hitanoa galtzen ari dela ikusita. Badihardugu euskara elkarteko kideongana jo zuten, ahozko ondarea jasotzen dugun eskarmentuarengatik. Udalaren laguntza lortu, eta 2019ko otsailean ekin genion lanari. Emakumeak elkarrizketatzen, hain zuzen. Batetik, hitanoari buruzko esperientziak jasotzeko eta, bestetik, euren hikako jarduna. Idoia Etxeberriak egin zituen elkarrizketak, otsailetik maiatza bitarte: guztira 54 herritar, 52 emakume eta bi gizonezko, igaro dira kameraren aurretik. Proiektuak egundoko erantzuna izan du! 

Ikerketa-diagnostikoa egiteko, berriz, Etxeberriak herriko 13 datu-biltzaile eta informatzaile izan ditu bidelagun moduan, borondatez lanean. Oñatiko 16 baserri-auzoetan egin da datu-bilketa (baserri-giroan gorde delako ondoen), noka dakiten emakumezkoak gutxi gorabehera zenbat diren jakiteko; gaur egun auzoetatik kanpora -gehienak herrigunean- bizi direnak ere aintzat hartu dituzte. Datu horiekin eta elkarrizketatuei jasotako informazioarekin prestatu dute ikerketaren txostena.

Horretaz gainera, Badiharduguko kideak grabazioak lantzen eta bideo-pasarteak Ahotsak.eus webgunean ipintzen ere joan gara pixkanaka-pixkanaka. Grabazioak osorik aztertzen, pasarte onak identifikatzen, laburpenak egiten, bideo-pasarteak editatu eta sareratzen… Grabazio asko dira eta lanketa amaitu gabe dago, baina dagoeneko ia 400 bideo-pasarte labur daude ikusgai hemen

Hori bai, proiektua ez da aurkezpenarekin amaituko. Jasoketa-fasea da amaitu dena. Lanketarekin jarraitzea da asmoa, eta hurrengo urteetan noka biziberritzeko eta hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egitea: ikastaroak, materiala... Herritar taldetxo bat elkartu da zer eta nola egin erabakitzeko; 2019ko lanak Badihardugu elkartearen ardurapean eta Ahotsak.eus proiektuaren babesean egin dira, baina aurrera begira eragile gehiagoren parte-hartzea ere aurreikusten dute.

"Danon artian egingo xonau!". Eskerrik beroenak elkarrizketatuei, datu-biltzaileei, informatzaileei, Oñatiko Udalari, euskaltegiko langileei eta Ingo Xonau! lantaldeko kide guztiei!

Ikus maiatzean argitaratu genuen albistea. Informazio gehiago twitter-en eta Instagram-en. 

 

Irudian, elkarrizketatutako 52 emakumeetako lau: Oñatiko Zubillaga auzoko Sara, Eli, Mila eta Mariaxun. 

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia