Zeinekin egin daiteke hika? Ikusi Oñatiko testigantzekin prestatu dugun bideoa!

2020ko mai. 5a, 09:34

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da. Horretarako, garrantzitsua da hika zeinekin erabil daitekeen jakitea. Bideoa prestatu dugu, Oñatin elkarrizketatutako herritarren testigantzekin. 

Badaude idatzi gabeko arau batzuk, hika berba egiteko garaian kontuan izan beharrekoak. Denok dakigu hika erregistro informala dela, lagunartekoa; baina erabilera-ohiturak batzuetan ez daude oso garbi, denborarekin aldatu ere egin direlako. Bideoa gertatu dugu, Oñatiko Ingo xonau! proiekturako jasotako testigantzekin. Hementxe daukazue!

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, Oñatiko hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz: Ingo xonau! Idoia Etxeberria Badihardugu elkarteko kideak 54 herritar elkarrizketatu zituen, gehienak emakumeak, eta grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-eko lotura honetan ikus ditzakezue. Testigantza horiekin, galeraren arrazoiei buruzko ikus-entzunezkoa ere gertatu genuen (ikusi dokumentala). Abenduan egin zuten ordura arte egindakoaren aurkezpena (albistea). 

Aurten, otsailaren erdialdean, Ingo xonau! proiektuak Hikalaguna ipini du martxan Oñatin. 60 bat lagun animatu dira, eta hainbat taldetxo sortu dira, astean behin elkartu eta hika jarduteko. Konfinamenduarekin, Hikalaguna ere bertan behera geratu da, hitzorduak Oñatiko tabernetan izaten baitira. Hori bai, talderen bat hikalagun birtuala egiten ari da! Apirilaren 25ean hika-bazkaria egiteko asmoa zuten, denak elkartuta, baina hori ere ez da posible izan. Horren ordez, "Ingo xonau?" dioen txaparekin argazkiak atera, eta collage bat osatu zuten, egun horretan sare sozialetan zabaltzeko (ikusi twitter-en eta Instagram-en). Ea laster elkartzeko eta Hikalagunarekin jarraitzeko aukera dagoen!

Bideoan ez dute aipatzen, elkarrizketak egin ziren sasoian hikalagunik ez zegoelako artean, baina hikalagunarekin ere egin daiteke hika, noski! Lagunen artean egin daiteke, eta hika-laguna horretarakoxe da!

Urtean zehar bideo gehiago prestatuko ditugu, proiektuko elkarrizketak oinarri hartuta; noka berreskuratzeko esperientziak batzen dituena, adibidez. Aurtengo asmoen artean hauexek ere badaude: Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka argitaratzea eta nokako lehenengo ikastaroa antolatzea, udazkenean. 

 

Argazkian, Oñatin Hikalaguna antolatzeko bileran elkartu ziren herritarrak, otsailaren 14an. Argazkilaria: Itziar Bastarrika

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia