Hika ikastaroan izena emateko aukera, Oñatiko Jabetze Eskolan

ots. 2, 2021, 10:19 a.m.

Oñatin noka biziberritzeko dagoen beharra ikusita, Ingo Xonau! ekimenetik hika ikastaroak antolatu ditugu emakumeentzat, Jabetze Eskolan. Lehenengoa aste honetan bukatuko da. Bigarrenean izena emateko epea zabalik dago jada. Animatu!

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da eta, horretarako, hainbat jarduera egiten ari gara. Besteak beste, hika ikastaroak emakumeentzat, behar handiena beraiek dute eta. Lehenengo ikastaroa aste honetan bukatuko da, eta parte-hartzaileak oso gustura ibili dira. Bigarrena otsailaren 16tik apirilaren 27ra bitartean egingo dute, Oñatiko Jabetze Eskolan: asteartero (18:00-20:00), 20 euroren truke. Otsailaren 9an amaitzen da izena emateko epea; www.oñati.eus helbidean formularioa bete behar da ala Berdintasun sailera deitu (943780411). Arin ibili, plaza gutxi daude eta!

Beatriz Irizar izango da irakaslea, lehenengo ikastaroan bezalaxe. Noka eta toka, biak ikasteko aukera dago. Genero ikuspegia ere lantzen da, ez baita kasualitatea emakumeen aditz-formak galdu izana eta gizonezkoenek bizirik irautea. Noka berreskuratzea emakumeentzat ahalduntze-tresna ere izan daiteke. 

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen 2019an, Oñatiko Udalaren babesari eskerIngo xonau!. Badihardugu euskara elkarteko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Iaz 54 herritar elkarrizketatu genituen (gehienak emakumeak), eta ondoren grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-en ikus ditzakezue. 

Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka ere argitaratu genuen, azaroan. Urtarrilean Oñatiko hiru ikastetxetako ehundik gora ikasleri banatu dizkiete liburuxkak, eta hitanoa lantzeko ahozko ariketak egiten hasi dira. Hikalaguna ere ipini genuen martxan, garrantzitsua baita hika berba egiteko eremu informalak sortzea. Eta horrekin jarraitzeko asmoa daukagu, COVID-19ak uzten digunean. 

Gainera, jasotako testigantzekin lau ikus-entzunezko prestatu ditugu. Hona hemen nokaren galeraren arrazoiei buruzkoa:

Argazkian: Jabetze Eskolako lehenengo hika ikastaroko ikasleetako batzuk, Beatriz Irizar irakaslearekin (erdi-erdian). Egilea: Itziar Bastarrika

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia