Burdinola Elkartearekin hitzarmena
2011ko api. 3a, 11:32
Ostiral arratsaldean bildu ziren Legazpin Burdinola Elkarteko eta Badihardugu Elkarteko zenbait kide. Helburua, bikoitza: batetik elkarte bien arteko lankidetza hitzarmena izenpetzea; bestetik, Aitor Azpiazuk azken urteotan Legazpin egindako hainbat grabazio Ahotsak.com webgunerako jasotzea.
Azken urteotan harreman estua izan da bi elkarteen artean. Horren lekuko, esate baterako, 2010. urtean zehar Legazpin egindako grabazioak. Oraingo hitzarmenarekin, orain arteko lankidetza sendotu eta ofizialdu nahi da.
Horrekin batera, Aitor Azpiazuk azken urteotan Legazpin egindako dozenaka grabazio ere jaso ditu Badihardugu Elkarteak Ahotsak.com webgunerako. Azpiazuk Brinkolako eta Aztiriko azterlanak egiteko erabilitako grabazioak dira. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan katalogatuko dira datozen asteotan. Oso fondo interesgarria da, Aitor Azpiazuk bilketa-lan itzela egin baitu azken urteotan Legazpin eta inguruko herrietan. Une honetan ere lanean darrai Idiazabalen eta Zegaman bertako hizkera eta etnografia bilduz eta aztertuz.
Ondo bidean, 2011. urtean zehar Legazpiko material gehiago jaso eta landuko dugu Euskal Herriko Ahotsak proiektuan eta webgune honetan bertan ikusi ahal izango duzue jasotako frutua.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.