Herri indigenetako ordezkariak Mintzolan
2011ko mai. 31a, 17:00
Gaur goizean Mintzola bisitatu dute Latinoamerikako 18 ikaslek, herri indigenetakoak guztiak ere. Bertsozale Elkartea, Xenpelar dokumentazio zentroa eta Ahotsak.com proiektuak ezagutu dituzte.
Latinoamerikako herri indigenetako 18 ordezkari izan dira Villabonan. Hizkuntza gutxituetako hiztunak dira, eta maiatzaren hasieratik daude Euskal Herrian, formazioa jasotzen eta euskarazko proiektuak gertutik ezagutzen. Izan ere, oso baliagarria gerta dakieke gure ibilbidearen berri izatea, ondo egindakoak gogoan hartu eta gaizki eginak ez errepikatzeko.
Mintzola ahozkotasunaren zentroan Bertsozale Elkartea eta Xenpelar dokumentazio zentroa ezagutu dituzte, eta baita gure egitasmoa ere: ahotsak.com. Bisita parte-hartzailea eta alaia izan da. Arreta handiz entzun dituzte gure azalpenak, galdera asko egin dizkigute eta oso interesatuta agertu dira adinekoen testigantzak biltzeko lanarekin. Ekuadorren antzeko egitasmoa dute esku artean: Oralidad y Modernidad.
Bolivia, Txile, Guatemala, Ekuador, Mexiko eta Kolombiako ikasleak hiru hilabetez egongo dira Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Ikastaro trinkoa ari dira egiten han, Jatorrizko hizkuntza eta identitateen garapenerako aditu titulua lortzeko. Lanki Institutuak antolatu du ikastaroa, Garabide elkartearekin batera. Ikasleek Mintzolaz gainera Arizmendi ikastola, Euskaltzaindia, hainbat hedabide eta argitaletxe, Mundumira, Araba euskaraz eta Arantzazuko santutegia ere ezagutuko dituzte.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.