Ahotsak-eko lekukoak omendu zituzten Berastegin
2011ko mai. 20a, 14:41
Berastegiko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak Berastegiko ahotsak proiektuan parte hartu zuten lekuko guztiak omendu zituzten igandean, maiatzak 15, urtero San Isidro egunez egiten den bazkarian.
2009an hasi zuten elkarlana Berastegiko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak. Bertako ahozko ondarea jasotzea zen proiektuaren asmoa eta horretarako hainbat herritar elkarrizketatu ziren. Jasotakoa landu egin da ondorengo urteetan, eta igandean lan osoaren emaitza aurkeztu zuten. Guztira 30 hizlariren bizipenak jaso dira 39 zintatan, eta horietatik 407 pasarte daude kontsultagai dagoeneko. Pasarte horietatik 109 transkribatuta daude eta 250 pasarteren bideoak ikus daitezke www.ahotsak.com/berastegi orrian.
San Isidro egunez urtero egiten den antzera, jubilatuen bazkaria izan zuten Berastegin igandean. Bazkalostean Sebas Gartziarena Berastegiko Udaleko zinegotziak eta Aintzane Agirrebeña Badihardugu Elkarteko kideak Berastegiko ahotsak proiektuaren aurkezpena egin zuten. Aurkezpenaren ostean hainbat pasarte ikusteko aukera izan zuten eta, ondoren, lekuko bakoitzari bere grabazioaren kopia eta diploma eman zitzaizkion esker modura. Giro ederrean ospatu zuten eguna herritarrek eta, bazkalostea alaitzeko, Berastegiko Pedro Lecearekin ezkonduta dagoen Maria Huizi goizuetarrak zenbait bertso zahar abestu zituen.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.