Euskararen transmisioari buruzko mintegia egin zen Eibarren
2011ko eka. 7a, 15:01
Maiatzaren 25ean euskararen transmisioa hizpide izan zuten Eta Kitto! euskara elkarteak antolatutako mintegira hurreratu zirenek. Ikerketa, hausnarketa eta esperientzia hainbaten berri eman zuten eta solasaldia ere izan zen.
Euskararen transmisioaren gaiak berebiziko garrantzia dauka hizkuntzaren berreskuratzean burubelarri gabiltzan honetan. Badiharduguko kideok bertan izan ginen eta interesgarria iruditu zaigu han azaldutakoaren berri modu laburrean eta lotura interesgarriak eginez azaltzea.
- "Euskararen transmisioa EAEn" (Jon Aizpurua. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza ikeketa eta koordinazioarako zuzendaritza)
Eusko Jaurlaritzak 2008an "Euskararen belaunez belauneko transmisioa EAEn" izeneko argitalpena kaleratu zuen eta horri buruzko azalpenak eman zituen Jonek.
- "Nafarroako Euskara Zerbitzuak: familietan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak" (Patri Arburua. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria)
Bortzirietan eta orokorrean Nafarroako euskara teknikarien sarera lotuta daudenek transmisioaren gaiaren inguruan egiten diharduten lana azaldu zuen. Hausnarketa baten ostean, hizkuntzaren transmisioa ez ezik, hizkuntza berarekiko maitasuna transmititzea hiztun onak izateko giltzarri zela ohartu ziren eta ildo horri jarraitu diote. Familiak euskararen transmisioan beraiek duten garrantziaz ohartarazi nahi dituzte. Liburuxken bitartez 0-3 urte bitarteko umeen gurasoei haurren hizkuntza garapenari buruzko gomendioak ematen dizkiete, baita baliabideak eskaini ere (materiala, hitzaldiak, ikastaroak...). 3 urtekoen kasuan, ikastetxeen bitartekaritzarekin egiten dute lan.
- "Hizkuntz proiektua gurasoei begira" (Helena Baraibar. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko hizkuntz egitasmoko teknikaria)
Ikastolen elkarteak tresnatzat darabilen "Hizkuntz proiektua"ren berri eman zuen Helenak. Gurasoei begira zein aplikazio dituen azaldu zuen. Familia eta eskola norantza berean jardutearen garrantzia azpimarratu zuen, baita eskolek euskararen transmisioan berebiziko funtzioa dutela ere, ikasle zein gurasoei informazioa, prestakuntza, gomendioak zein bizipenak eskainiz.
- "Sendi proiektua. Getxoko familiak ere euskaraz" (Lander Solozabal. Egizu Getxo Euskaldun)
Getxoko testuinguruaren berri emanez, Egizu Getxo Euskaldun elkarteak habian duen Sendi proiektua azaldu zuen Landerrek. Getxoko 2-12 urteko umeak, haien gurasoak eta familiak euskarara hurbiltzea dute helburu, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Aisialdia dute bide nagusi, sentimeduak, ilusioak eta bizipenak sortzeko. Tailerrak eta irteerak antolatzen dituzte, haur zein gurasoek, familia osoek elkarrekin euskaraz goza dezaten. Horrekin batera, euskara ikasteko laguntzen berri ematen dute eta Gurasolaguna programa ere kudeatzen dute.
- "Haurretatik gurasoetara" (Eneko Barberena eta Aizpea Otxandiano. Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea)
Aisialdiaren alorrean haurrekin zein gurasoekin lan egiten duen elkartea da Txatxilipurdi. Urtetan umeentzat ekimenak antolatuz egin eta egin jardun ostean, datu soziolinguistikoak aldatzen ez zirela eta, ausnarketa egin zuten. Hurbileko faktoreak aztertzen hasita, familia faktore garrantzitsua zela ondorioztatu eta gurasoekin ere lanean jarduteari ekin zioten. Transmisioarekin lotutako lau proiektu dituzte esku artean: Guraso.com webgunea, gurasoei euskarazko informazioa eskaintzen aitzindaria; Gurasolandia (guraso eta umeentzat haur parkea), ludotekak ezagutzen izeneko ekimena eta hilean behin guraso eta gaztetxoekin egiten dituzten ekintzak.
- "Buruntzaldeko ekimenak" (Malores Etxeberria. Hernaniko Udaleko euskara teknikaria)
Maloresek Buruntzaldean transmisioaren gaiarekin izandako esperientziaren berri eman zuen. Prozesuan zehar sortutako material guztia on-line dago buruntzaldea.org webgunean, hemen klikatuta.
- "Euskararen belaunez belauneko jarraipena. Hizkuntza plangintzarako hausnarketa." (Paula Kasares. Soziolinguistikan doktorea. UPNAko irakaslea eta euskaltzain urgazlea)
Arratsaldeko saioan, goizean azaldutakoak aintzat hartuz, hausnarketa egin zuen Paula Kasaresek. Transmisioa bertikala ez ezik horizontala ere badela azpimarratu zuen eta hizkuntza baten transmisioa egoki egin den neurtzeko modu egokiena adinkideen artean erabiltzen ote den begiratzea dela azaldu zuen.
Transmisioaren inguruko mintegia isteko, mahai-inguru interesgarria egin zen: "Transmisioa bermatzeko urratsak. Lan ildo estrategikoak." Eneko Barberenak, Helena Baraibarrek, Malores Etxeberriak eta Paula Kasaresek parte hartu zuten eta Jaime Altunak egin zuen moderatzaile lana.
Honi buruzko albisteak: http://www.lantalan.com/256
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.