Albisteak
Errenteriako Ahotsak: aurkezpena eta omenaldia
2015ko abe. 2a, 18:06
Atzo iluntzean ekitaldi polita izan genuen Errenterian. Adineko 40 herritar baino gehiago elkarrizketatu genituen herrian, eta jada material gehiena landuta eta sarera igota dago, Errenteriako Ahotsak orrialdean. Atzo, proiektua aurkezteaz gain, eskertza eta omenaldia egin zitzaien proiektuan parte hartu duten guztiei.
Euskal Herriko Ahotsak, muga berrien bila: 300 herri eta 100.000 pasarte
2015ko aza. 27a, 10:31
Dena ez da kopuru eta zenbaki, baina urteetako lana fruituak ematen ari dela ikusteak poztu egiten gaitu. Aste honetan bertan, adibidez, zenbait marka sinboliko gainditu ditugu Ahotsak-en. Esate baterako, 100.000. pasartea katalogatu dugu; 300. herria gehitu dugu datu-basean; 30.000. bideoa sareratu dugu. Guztia ere hainbat lagun eta herritarren lankidetzari esker eta helburu bakar batekin: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea guztion esku jartzea. Eskerrik asko eta zorionak!
Maixus Rekalde, tratamentu medikoa euskaraz jasotzeko eskubideaz, "Gogoan izan" dokumentalean
2015ko aza. 11a, 17:52
Maixus Rekaldek Alzheimerren gaitzari aurre egiteko tratamendua euskaraz jasotzeko eskubidearen alde nola egiten duen jaso dute Gogoan izan dokumentalean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak egin du. 2011. urtean elkarrizketatu genuen Maixus bere 5 ahizparekin batera, Euskal Herriko Ahotsak proiekturako.
Irrati tailerra Donostian, adinekoen testigantzetan oinarrituta
2015ko aza. 3a, 10:29
12-15 urte bitarteko gaztetxoek irratigintzan jarduteko eta irudimena lantzeko aukera izango dute, Donostiako Casares Irratian, azaroko hiru asteburutan. Donostiako adinekoen testigantzak izango dira tailerraren oinarria.
Agur Amale Arzelusi
2015ko urr. 1a, 16:40
Amale Arzelus euskaltzalea herenegun hil zen, Donostian, 91 urterekin. Umetan irrati esataria eta antzezlea izan zen, eta gero andereño isilpeko ikastoletan.
Ahotsak.eus proiektuak ikus-entzunezkoen ediziorako teknikaria behar du
2015ko ira. 23a, 15:03
Esperientzia izatea ezinbestekoa da. Ikus-entzunezkoen arloko ikasketak egin izana hobetsiko da. Lanaldia urrian hasiko litzateke.
101 L proiektuak Donostia-2016ko diru laguntza jaso du
2015ko ira. 18a, 09:20
Donostiako hizkuntzak jasotzen jarraitu ahal izango dugu, Donostia2016-ko Energia Olatuak programari esker. Donostiako (eta Euskal Herriko) aniztasuna ezagutu eta ezagutarazteko. Proiektuan zehar landu nahi diren gaiak ondorengoak dira: eleaniztasuna, kultur aniztasuna, inmigrazioa, eta elkartasuna.
Bergarako Ipintza institutuko ikasleen transkripzioak sareratu ditugu
2015ko ira. 10a, 08:21
Bergarako Ipintza institutuko ikasleek Bergarako eta Antzuolako hainbat pasarte transkribatu zituzten iazko ikasturtean, Mendebaldeko euskara lantzeko. Guztiak www.ahotsak.eus-en daude ikusgai.
Euskal hizkerak eta dialektoak gaur egun (EHUko Uda Ikastaroak)
2015ko uzt. 1a, 10:59
Joan zen astean euskalkien inguruko mintegia izan zen Donostian, EHUk urtero antolatzen dituen Udako Ikastaroen baitan. Euskal hizkeren eta dialektoen inguruko ikerketak zertan diren aipatu zen. Hizlarien artean gu ere izan ginen, Asier Sarasuaren eskutik, "Euskal Herriko Ahotsak" proiektu hau aurkezten.
Abian da Gasteizko Ahotsak egitasmoa
2015ko eka. 26a, 09:49
Crowdfoundingaren bidez finantziazioa lortuta, 13 elkarrizketa egin ditugu Gasteizen. Jasotako testigantzekin, ikus-entzunezkoa prestatzea da hurrengo pausoa.
19 hizkuntza jaso ditugu, egun bakarrean, Donostian
2015ko eka. 15a, 08:41
Maiatzaren 30ean hasi ginen Donostiako hizkuntzak jasotzen, Olatu Talkan. Arrakastaz abiatu zen 101 L proiektua. Jende mordoa hurbildu zen Bulebarrean jarri genuen karpara, testigantza ematera.
Agurra Emile Larre euskaltzainari
2015ko eka. 3a, 17:45
Larunbatean zendu zen, Kanbon. Eta atzo azken agurra eman zioten bere jaioterrian, Baigorrin. Larre euskaltzain eta idazlea 2010ean elkarrizketatu genuen, eta hark esandakoak entzungai daude Ahotsak.eus webgunean.
Ahotsak-eko testigantza bat, ETB2ko "Todos los apellidos vascos" saioan
2015ko eka. 2a, 16:45
Iñaki Gabilondo kazetariari buruzko saioan Begoña Gabilondo azkoitiarraren testigantza agertzen da, Ahotsak proiekturako jasoa. Bart eman dute Euskal Telebistan.
Hernaniko institutuko ikasleek hainbat pasarte transkribatu dituzte
2015ko eka. 1a, 09:00
Hernaniko institutuko 2. Batxilergoko ikasleek, euskalkiak lantzeko lan modura, hainbat pasarte transkribatu dituzte. Nafarroako eskualde ezberdinetako grabazioak izan dira landutakoak. Dagoeneko sarean daude ikusgai gehienak.
Donostiako 101 hizkuntzak jasoko ditugu, Olatu Talkan
2015ko mai. 29a, 13:46
Bihar Donostiako bulebarrean egongo gara, elkarrizketak egiten, Badihardugu, Afrik Euskadi eta Nasledie elkarteak. Ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea da gure asmoa, eta Donostiako aniztasuna ezagutaraztea. Eman lekukotasuna zeuk ere!
Euskararen transmisioa hizketagai, bosgarren urtez
2015ko mai. 26a, 17:00
Eta Kitto euskara elkarteak mintegia antolatu du euskararen transmisioari buruz gogoeta egiteko. Atzo izan zen, urtero legez, Eibarko Portalean. Hainbat alorretako adituek hitzaldiak eman zituzten, eta Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak bere esperientzia kontatu zuen.
Ondare inmaterialaren inguruko jardunaldia Irunen
2015ko mai. 14a, 10:16
Gaur eta bihar (maiatzak 14 eta 15) ondare inmaterialaren inguruko jardunaldiak izango ditugu Irunen. Ekitaldia Irungo Gordailuan izango da, Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan. Ahotsak proiektuko kideak ere bertan izango gara, beste herri batzuetako esperientziak entzuten, eta gure proiektua azaltzen.
1995ean Ermuko euskara jasotzeko egindako grabazioak katalogatu ditugu
2015ko mai. 7a, 08:41
Ermuko Udalaren laguntzarekin, Fernando Aranberri filologo ermuarrak 1994-1996 inguruan bertako euskara jasotzeko egindako 90 grabaziotik gora digitalizatu eta katalogatu ditugu. Ermua eta Eitzako euskara proiektuan bildu ditugu guztiak.
Tolosaldean gerra garaian gertatu zena, bideoan ikasleentzat
2015ko mai. 5a, 10:46
Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin 1936ko gerrari buruzko bideoa prestatu dugu. Ikastetxeetan erabiltzeko, DBHko ikasleekin. Ikasgelan webgunean dago, eskuragarri.
Legazpiko Ahotsak egitasmoaren bideoa aurkeztu zuten ostiralean
2015ko api. 28a, 15:47
Joan zen ostiralean, apirilaren 24an, Legazpiko Ahotsak proiektua aurkezteko eta partaideei eskerrak emateko ekitaldia egin zuten Burdinola Elkarteak eta Legazpiko Udalak. Badihardugu Elkarteak bildutako lekukotasunekin prestatutako ikus-entzunezkoa ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek.