Agur Amale Arzelusi

2015ko urr. 1a, 16:40

Amale Arzelus euskaltzalea herenegun hil zen, Donostian, 91 urterekin. Umetan irrati esataria eta antzezlea izan zen, eta gero andereño isilpeko ikastoletan. 

Euskararen aldeko lanetan nabarmendu zen Amale Arzelus donostiarra. Besteak beste, irrati esatari, antzezle eta andereño izan zen. Duela sei urte Ahotsak proiekturako elkarrizketatu genuen, eta bere ibilerak kontatu zizkigun, umorez eta gertutasunez.

Ume-umetatik ibili zen Arzelus euskalgintzan, bere aitak bultzatuta. Izan ere, Ander Arzelus "Luzear" idazle eta kazetaria zen Amaleren aita. Txurruka kalean zegoen ikastolara bidali zuten Amale, eta poxpolinetan ere ibili zen, Ramon Labordarekin. Zortzi urterekin, aitak prestatutako hitzaldiak ematen zituen eta baita irratian euskarazko testuak irakurri ere. Horregatik, euskarazko irratigintzan jardun zuen lehen emakumezkoa izan zela esaten dute. Horrez gain, aitak berariaz berarentzat prestatutako antzezlanetako protagonista izan zen: "Neskamearen marmarrak".

Gerrak dena hankaz gora jarri zuen Arzelus Arrieta familian. Ihesi joan behar izan zuten, Frantziara. Aita preso hartu zuten, eta gaixotuta hil zen. Euskararen aldeko lanetan bere kabuz jarraitu zuen: 1948an andereño lanetan hasi zen, eta isilpeko ikastola jarri zuen etxean, Elbira Zipitriaren laguntzaz. Gauza bera egin zuen bere ahizpa Itziarrek ere; hura ere elkarrizketatu genuen (ikus Itziar Arzelusen elkarrizketa).

Bederatzi seme-alaba izan zituen Amalek, baina andereño lanekin jarraitu zuen hala ere. Gerora, helduei euskara irakasten ere aritu zen. Eta Euskerazaintza elkarteko kidea izan zen hil zen arte. Euskararekin kezkatuta jarraitzen zuen, Groseko bere etxean elkarrizketatu genuenean ere. Ezin zuen ulertu ikastolan ikasitako gaztetxoek nolatan egiten zuten erdaraz, ikastetxetik ateratakoan.

Duela hiru urte, euskarazko irratigintzak 80 urte bete zituen, eta Amaleri omenaldia egin zioten. Hona hemen orduan kaleratu genuen albistea.

Gure doluminak Amaleren sendiari.  

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia