Maixus Rekalde, tratamentu medikoa euskaraz jasotzeko eskubideaz, "Gogoan izan" dokumentalean

2015ko aza. 11a, 17:52

Maixus Rekaldek Alzheimerren gaitzari aurre egiteko tratamendua euskaraz jasotzeko eskubidearen alde nola egiten duen jaso dute Gogoan izan dokumentalean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak egin du. 2011. urtean elkarrizketatu genuen Maixus bere 5 ahizparekin batera, Euskal Herriko Ahotsak proiekturako.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Duintasun Bideak bildumako lan berri bat egin du. Gogoan izan izena du, eta Alzheimerren gaitza duen pertsona batek euskaraz bizitzeko duen nahia du ardatz. Maixus Rekalde da gaixo hori. Tinko egiten du gaitzari aurre egiteko tratamendua euskaraz jasotzearen alde, hori lortzen duen arte. Behatokia izan du bidaia horretan bidelagun.

Gogoan izan from Duintasun bideak on Vimeo.

Ahotsak-en parte hartu zuenean ere umoretsu eta indartsu aritu zitzaigun Maixus. 2011. urtean elkarrizketatu genuen Oiartzunen, bere 5 ahizparekin batera. Rekalde Urdanpilleta ahizpak sasoi bateko kantuak abesteko eta kontuak esateko bildu genituen; Idoia Etxeberria izan zen elkarrizketatzaile egun hartan. Aita oso kantuzalea zuten Rekaldetarrek, eta bi ahotsetan kantatzen erakusten zien. Ugaldetxo auzoko Garro baserrian jaioak, zortzi senide ziren, horietako zazpi neskak. Elkarrizketarako 6 bildu genituen: ezkerretik eskuinera, Kontxita (1939), Maria Dolores (1929), Maria Luisa (1928), Maixus (1934), Arantxa (1932) eta Juliana (1931).

Orduan jasotakoak ikusi eta entzuteko aukera ere baduzue Ahotsaken, hurrengo 23 pasarteetan.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia