19 hizkuntza jaso ditugu, egun bakarrean, Donostian

2015ko eka. 15a, 08:41

Maiatzaren 30ean hasi ginen Donostiako hizkuntzak jasotzen, Olatu Talkan. Arrakastaz abiatu zen 101 L proiektua. Jende mordoa hurbildu zen Bulebarrean jarri genuen karpara, testigantza ematera. 

Ba al dakizu Donostian zenbat hizkuntza hitz egiten diren? Ez dakizula? Guk ere ez... Horregatik hasi gara Donostiako hizkuntzak jasotzen. Donostiako aniztasuna ezagutu nahi dugulako. Eta ezagutarazi. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Maiatzaren 30ean hasi ginen hizkuntzak jasotzen, Olatu Talkaren barruan. Karpa jarri genuen, Bulebarreko kioskoaren aldamenean. Proba moduan. Eta 101 L proiektua arrakastaz abiatu zen: 19 hizkuntza jaso genituen, egun bakar batean! 


Nasledie eta Afrik Euskadi elkarteetako hainbat kide izan genituen bidelagun. Nahi zuenak karpara hurbildu, eta testigantza emateko aukera zuen. Ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea zen helburua. Eta espero genuena baino jende gehiago animatu zen. Hogei elkarrizketa egin genituen. 20-30 minutukoak. Donostian bertan bizi direnak ziren gehienak, donostiarrak. Eta turistaren bat edo beste ere hurreratu zen. Elkarrizketetan, oinarrizko hiztegitxo baterako hitzak ez ezik, bizipenak ere jaso genituen.

Hauek dira jaso ditugun hizkuntzak: euskara, gaztelania, hindia, urdua, ingelesa, suomiera, georgiera, alemaniera, lingala, fang, portugesa, azeria, bandenkop, errusiera, frantsesa, wolofa, hassaniera, punjabia eta serbiera. Gure asmoa 2015 eta 2016 urteetan zehar elkarrizketekin jarraitu, eta 101 hizkuntza inguru jaso eta ezagutaraztea da. Ikus-entzunezko batzuk prestatzeaz gainera, jasotako grabazioak landu eta guztion esku jartzea webgune batean. Maiatzaren 30ekoa lehen froga izan zen, proiektuaren abiapuntua. Eta esperientzia zoragarria izan zen, aurrera jarraitzeko ilusioz eta gogoz bete gaituena. Mila esker parte hartu zenuten guztioi!

Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira, Xabier Aierdi EHUko irakaslearen eta soziologoaren arabera; Unesco Etxeak 2008an egindako ikerketa baten emaitza da. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin, guk dakigula. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Horrez gainera, jatorri askotako turistak eta bisitariak ere ibiltzen dira Donostian... Zenbat ele izango ote dira?

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia