Legazpiko Ahotsak egitasmoaren bideoa aurkeztu zuten ostiralean

2015ko api. 28a, 15:47

Joan zen ostiralean, apirilaren 24an, Legazpiko Ahotsak proiektua aurkezteko eta partaideei eskerrak emateko ekitaldia egin zuten Burdinola Elkarteak eta Legazpiko Udalak. Badihardugu Elkarteak bildutako lekukotasunekin prestatutako ikus-entzunezkoa ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek.

2010ean abiatu zen Legazpiko Ahotsak proiektua, Badihardugu Euskara Elkartearen eta Burdinola Elkartearen elkarlanari esker eta Legazpiko Udalaren laguntzaz. Aitziber Otegi Badiharduguko kideak 34 lekukoren testigantzak bildu zituen, herriko lan-talde batek lagunduta. Ondorengo urteetan, grabazio horiek landu eta sareratu egin ditugu www.ahotsak.eus webgunean. Guztira, 60 lekukoren testigantzak daude jasota Legazpin; 719 pasarte daude kontsultagai, gaika sailkatuta, eta horietatik 653 pasarteren bideoa ikus daiteke.


Lekukotasunen bilketa amaitutzat eman zenean, 2011n, omenaldi txiki bat egin zitzaien proiektuan parte hartu zuten guztiei. Proiektuaren nondik norakoak azaldu ondoren, lekuko bakoitzak bere grabazioaren kopia jaso zuen. Oraingoan, Legazpiko Udalak proiektuan bildutako lekukotasunekin ikus-entzunezko berezi bat osatu nahi izan du. Badihardugu Elkarteak ekoitzitako 28 minutuko bideo honetan Legazpiko Ahotsak proiekturako elkarrizketatutako 34 hizlarien lekukotasuna entzuteko aukera dago.



Ekitaldi hunkigarria izan zen ostiralekoa. Proiektuan parte hartu zuten zenbait lekuko bertaratu ziren, eta ikus-entzunezkoaren kopia bana eman zitzaien, esker gisa. Gainera, bai bideoan eta bai ostiraleko ekitaldian, gogoan izan zuten elkarrizketak bideratzen buru-belarri ibili zen Mari Paz Aranguren, Burdinolako eta Zingi Zango Elkarteko kidea. Guk ere ez dugu ahaztuko berak eskainitako laguntza guztia. Eskerrik asko, Mari Paz.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia