Euskararen transmisioa hizketagai, bosgarren urtez

2015ko mai. 26a, 17:00

Eta Kitto euskara elkarteak mintegia antolatu du euskararen transmisioari buruz gogoeta egiteko. Atzo izan zen, urtero legez, Eibarko Portalean. Hainbat alorretako adituek hitzaldiak eman zituzten, eta Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak bere esperientzia kontatu zuen.

Euskararen Transmisioari buruzko bosgarren mintegia antolatu du aurten Eta Kitto elkarteak. 60 bat lagun bildu ziren atzo Eibarren, Portalean. Familiaren bidezko transmisioa izan zen jorratutako gaietako bat, baina ez bakarra. Etxeko eta eskolako transmisioaz gainera, lan mundukoa eta aisialdikoa ere aztertu ziren, bertso eskolen papera eta kirol munduko erreferenteak, besteak beste. Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzailea zen gonbidatu izarra. Oso mintegi interesgarria izan zen. Ahotsak egitasmoko kideak ere han izan ginen, entzuleen artean.

Egitarau trinkoa izan zen atzokoa: bost hitzaldi, elkarrizketa bat eta mahaingurua. 09:00etatik 15:00etara. Pello Jauregi EHUko doktorea izan zen lehenengoa hitz egiten. Ikerketa baten emaitzak ekarri zituen, Lasarte-Oriako gaztetxoenak: zein egoeratan lortzen duten euskarazko gaitasun ona, transmisioa etxean eta eskolan eginda. Ondoren, Eusle metodologiaren berri eman zuen. Zazpi lantokitan erabili dute, bi hilabetez, eta euskararen erabilera %60koa izatetik %70era igotzea lortu dute. Metodologia hori familietan ere aplikagarria izan daitekeela uste du.

Nekane Jauregi eta Malores Etxeberria euskara teknikariek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Udal-Ekin programako egitasmo baten nondik norakoak azaldu zituzten. Euren artean gaztelaniaz jarduteko ohitura duten guraso euskaldunekin hainbat eztabaida saio eta elkarrizketa egin dituzte, Gipuzkoako bost herritan. Haien diskurtsoak identifikatu eta aztertzea izan da asmoa, gero euskararen aldeko kanpaina eraginkorrak diseinatzeko.

Bi euskara elkartek ere hartu zuten hitza, eta euskararen erabilera indartzeko egiten ari diren lana azaldu zuten. Eta Kitto elkarteko kidea den Maider Aranberrik Eibarren egindakoa esplikatu zuen, 'Gurasoak Berbetan' programa batez ere. Txangoak, hitzaldiak eta ikuskizunak antolatzen dituzte, eta 2010etik hona ibilbide polita egin dute. Ikuskizunak eta askariak antolatzen ditu Gasteizko Gu Geu euskara elkarteak ere hilean behin. Eñaut Iraetak eman zituen 'Igandeak Jai' egitasmoaren xehetasunak.

Miren Artetxe bertsolari eta filologoak bere doktorego tesiari buruz egin zuen berba. Iparraldeko bertso eskolak aztertzen dihardu: haietan ahozkotasunaren transmisioa nola gertatzen den, bertso eskolek euskararen erabileran duten eragina, sortzen den talde sentimendua... Metodologia kualitatiboa darabil azterlana egiteko: elkarrizketak eta behaketa batik bat.

Gaizka Garitano, Eibar futbol taldeko entrenatzailea, ezaguna egin da euskararen aldeko bere jarrerarengatik: euskaraz jarduteagatik komunikabideen aurrean, baita Euskal Herritik kanpo ere. Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak elkarrizketa egin zion Garitanori atzo, eta hark bere ibilbidea eta jokamoldea azaldu zituen. Publikoak ere hainbat galdera egin zizkion. Hona hemen Eta Kittok ateratako albistea.

Altunak gidatu zuen mahaingurua ere. Miren Artetxek, Malores Etxeberriak eta Pello Jauregik hartu zuten parte, eta hainbat kontzeptu eta ideia jarri zituzten mahai gainean. Baita proposamen batzuk ere. Mintegiko interbentzioetan esandakoak Twitter bidez jarraitzeko aukera egon zen.

Euskararen egoerak keztatu egiten zituelako hasi ziren Eta Kitto elkarteko kideak mintegia antolatzen, 2010. urtean. Euskararen transmisioan hausturak zeudela ikusten zuten, herri askotan antzeko kezkak zituztela eta baita estrategiak ere, egoera hori iraultzen saiatzeko. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko sortu zen Mintegia, eta zein beharrezkoa den konturatzen dira parte-hartzaileak, urtero. Bosgarrena ez dela azkena izango, alegia. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia