Donostiako 101 hizkuntzak jasoko ditugu, Olatu Talkan

2015ko mai. 29a, 13:46

Bihar Donostiako bulebarrean egongo gara, elkarrizketak egiten, Badihardugu, Afrik Euskadi eta Nasledie elkarteak. Ahalik eta hizkuntza gehien jasotzea da gure asmoa, eta Donostiako aniztasuna ezagutaraztea. Eman lekukotasuna zeuk ere!

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Donostian? Inor ausartzen al da erantzuten? Donostiako hizkuntzak jaso nahi ditugu guk. Donostiako aniztasuna ezagutu eta ezagutarazi. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Elkarren ezagutza txikia delako. Bihar hasiko gara hizkuntzak jasotzen, Olatu Talkaren barruan: "101 L" egitasmoa jarriko dugu abian. Bulebarreko kioskoaren aldamenean egongo gara. Etorri zeu ere lekukotasuna ematera! 

Ahalik eta hizkuntza desberdin gehien jasotzea da proiektuaren helburua. Bertan bizi direnenak zein bisitan daudenenak. Hori bai, aniztasunari eta hizkuntzei buruz zerbait esateko gogoa duten denak elkarrizketatuko ditugu. Zuk ere baduzula zer esana? Ba etor zaitez! Karpako ordutegia: 11:00-14:00 eta 16:00-19:00. Animatu parte hartzera! Eta beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenak ezagutzen baldin badituzu, esaiezu haiei ere etortzeko! 

Badihardugu euskara elkarteko kideok Afrik Euskadi eta Nasledie (Errusia aldeko etorkinek osatua) elkarteekin elkarlanean egingo ditugu elkarrizketak, bihar. Karpara gerturatzen direnei elkarrizketa txiki bana egingo diegu. Beraien hizkuntzei buruz, jatorriari buruz, integrazioari buruz... oinarrizko hitz batzuk ere galdetuko dizkiegu, bakoitzari bere hizkuntzan. Jasotako hizkuntzak arbelean jartzen joango gara... ea zenbat jasotzen ditugun denon artean! 

Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira, Xabier Aierdi EHUko irakaslearen eta soziologoaren arabera. Hego Euskal Herrian egin zuten ikerketa, Unesco Etxearen eskutik, 2007an. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin, guk dakigula. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Horrez gainera, jatorri askotako turistak eta bisitariak ere ibiltzen dira Donostian.

Gure asmoa 2015 eta 2016 urteetan zehar elkarrizketekin jarraitu, eta 101 hizkuntzak jaso eta ezagutaraztea da. Ikus-entzunezko batzuk prestatzeaz gainera, jasotako grabazioak landu eta guztion esku jartzea webgune batean. Biharkoa lehen froga izango da, proiektuaren abiapuntua.

Olatu Talkan 200dik gora ekimen egongo dira, gaur hasi eta igandea bitarte. Informazio gehiago, Olatu talkaren webgunean

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia