Tolosaldean gerra garaian gertatu zena, bideoan ikasleentzat

2015ko mai. 5a, 10:46

Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin 1936ko gerrari buruzko bideoa prestatu dugu. Ikastetxeetan erabiltzeko, DBHko ikasleekin. Ikasgelan webgunean dago, eskuragarri. 

Zer gertatu zen Tolosaldean gerra garaian? Gaztetxoek ba al dakite? Egon da transmisiorik belaunaldien artean? Kasu askotan ez. Horregatik prestatu dugu "Gerra Zibila Tolosaldean" bideoa. Tolosaldeko adinekoen bizipenak ezagutarazteko. DBHko ikasleei, ikastetxeetan. 
 

12 minutuko bideoa da, Tolosako Udalaren babesarekin prestatua. Tolosaldeko herritarrek 1936ko gerra nola bizi izan zuten kontatzen dute bertan. Gerraren hasiera, gertaerak eta ondorioak. Tolosako testigantzez gainera, Tolosaldeko gainerako herrietan jasotakoak ere aztertu ditugu bideo hau prestatzeko. Emaitza Ikasgelan webgunean jarri dugu, nahi duenaren eskura. Bideoa eta gerrari buruzko informazio osagarria. Tolosako ikastetxeetan ikasleekin erabiliko dute, eta ondoren esperientzia nolakoa izan den azalduko digute: baliagarria den, zein lanketa egin daitekeen...


Ahotsak.eus proiektuan adineko 50 bat tolosarren elkarrizketak ditugu jasota, gehienak 2009-2011 urteetan egindakoak. Makina bat gairi buruzkoak, 1936ko gerra tarteko. Eta grabazio horietako asko jada landuta eta sarean jarrita daude: 555 bideo pasarte, hain zuzen ere. 2012. urtetik hona horretan jardun dugulako, Udalak lagunduta: grabazioak minutuz minutu entzun, pasarteak identifikatu, laburpenak egin, gaika sailkatu eta bideo pasarteak editatzen. Aurten pauso bat gehiago ematea erabaki da, irakasleen oniritziarekin: ahozko ondare hori baliatu, eta ikasgeletara bideratzea.

2011. urtean hasi ginen hezkuntzan proiektu pilotoak egiten, Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak ikasgeletara eramateko. Eibar, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Elgoibar, Ordizia, Lekeitio... hainbat herritako ikastetxeekin aritu gara eta dihardugu elkarlanean. Bereziki Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ibili ginen lehen urteetan, eta orain baita DBHn ere. Hemen ikus ditzakezue hezkuntzako proiektuen nondik norakoak.

Irudian, 1937. urtean Francoren aldeko soldaduek Tolosan egindako desfilea. Argazkilaria: Pascual Marin. Iturria: guregipuzkoa.net 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia