Hernaniko institutuko ikasleek hainbat pasarte transkribatu dituzte

2015ko eka. 1a, 09:00

Hernaniko institutuko 2. Batxilergoko ikasleek, euskalkiak lantzeko lan modura, hainbat pasarte transkribatu dituzte. Nafarroako eskualde ezberdinetako grabazioak izan dira landutakoak. Dagoeneko sarean daude ikusgai gehienak.

Aintzane Ibarzabal irakaslearen gidaritzapean, euskalkiak landu dituzte hirugarren ebaluazioan Hernaniko institutuko 2. Batxilergoko ikasleek. Ahotsak-eko testigantzak lagungarri egin zaizkie, euskalki bakoitzaren ezaugarriak aztertu ondoren, adibide modura. Eta klasean erabili dituzten testigantza horiek transkribatu ere egin dituzte, lan osagarri gisa.

 

Hilabete honen hasieran jaso genituen lehenengo transkripzioak, eta, apurka-apurka, Nafarroako eskualde ezberdinetako hainbat pasarteren transkripzioak bidali dizkigute Hernaniko institututik. Lantzekoak, Odietakoak, Anuekoak eta Baztangoak izan dira orain artean sareratu ditugunak, baina badakigu gehiago ere egin dituztela. Mila-mila esker guztioi zuen ekarpenagatik!

 

Hona hemen, adibide gisa, ikasleek transkribatutako zenbait pasarte. Hau, esaterako, Arizkungo (Baztan) Jabier Larralderen testigantza:

Transkripzioa

Ta gero ama eritu zen, ta bueno, pastu zuen eria franko denbora poliki, eta azkenean, ni nintzen adin hartan soldadu goateko denboran, eta bueno, ama eri zen denboran eta aite ere ya adinean bazalakotz, libratu nitzen soldadugotik. Eta, bueno, libratu nintzen soldadugotik, baino lau urtez nindagon oiño soldadugoaren mendean, zegatik aite ta ama hiltzera heldu baziren, neri soldadu galdeiten zataten berriz, berriro. Ta bueno. Orduen, ze pasatu zen? Biek hil ziren lau urte pasatu baino lehenago. Eta, bueno, orduen soldadu galde in zataten. Ta soldadu ez nuen gan nahi ezta ezerengatik, zegatik bertze soldadu joan behar zutenak baino lau urte zaharragokoa nintzen ni, ta gainera, tokatu zitzaidan Afrikara ere eta buenoz…! Orduen nahi nuen iparraldera eskapatu, ta bueno, iparraldean ere ez genuen lagunik ezagutzen, nahiz ta iparraldean ibiltzen nintzen aunitz, zegatik orduko hasia zen kontrabando puxka bat hasia zen. Ta kontrabandoan orduantxe [sortzen], sos batzuk irabazten genituen.

Egilea(k): Nagore Bilbao , Nekane Fernandez , Irene Medina , Leire Sevillano


Eta honakoa, berriz,  Olagueko (Anue) Pedro Senosiainena:

Transkripzioa

- Bai, Sanjuanetan dugu besta…
- San Juanetan?
- Bai, ordun ekartzen da, orkesta bat etortzen da, hiru eguntako edo hola, ta. Bai.
- Ta zuen gazte denboran egoten zen hola orkestraren bat edo?
- Eee, bueno, bestetan beti ekartzen zen orkesta, Erribera alde hortaik etortzen ziren, hortxe herri handi hoietaik, orkesta, bai. Ta, baiño, gero urtian artin ere hor […] izaten giñuen musika. Lehenago hemen ere bazen akordeonista bat, ta gero hemen Etulainen ere bazen bertze bat. Hori, Etulaingo horri, hemen bagiñen mutil purrusta hemen Olaguen, ta edozein igandean erraten [geinke], “gaur, gaurko behar dugu musikari bat?”, “ba, igual”. Deitzen giñun telefonoz etortzeko ta bazkalondon hartzen zuen bere akordeona bizkarrin, taka, taka, taka etortzen zen, ta atsalde guzian hemen musika, dantza. Bai. Ta gero ematen giñon herriko tabernan merendo-afari bat eta pagatzen giñun hogei duroko bat ematen giñon denbora hortan. Jornal pollita, gaiñera, orduan. Karo, urte aunitzeko kontue da hori.

Egilea(k): Ane Oruna (Hernani BHI) , Garazi Urdangarin (Hernani BHI)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia