Nafar-lapurtarra (Euskalkia)
Deskribapena
Euskara nafarra eta erdialdekoa bezala, nafar-lapurtarra ere bereizgarri gutxikoa da. Egiturari dagokionez, gaur egun batasun eta berdintasun handiko agertzen zaigu, baina hori, gehienbat, azken hamarkadotako bilakaeraren ondorioa da. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko euskararen arteko aldea txikia dela esan daiteke, eta horregatik multzo berean biltzen ditu Koldo Zuazok. Multzo honen azpian bi azpieuskalki bereiz daitezke: Sartaldekoa (itsasbazterrean hasi eta Ahetze, Senpere eta Ainhoa bitartekoa hartzen duena) eta Sortaldekoa (Nafarroa Behere osoa eta Lapurdiko ekialdea hartzen duena, zehatzago, Aturrialdeko eta Hazparneko eskualdeak). Azpieuskalki horien artean bada, dena dela, tarteko eremu bat, Uztaritze inguruko hizkerek osatzen dutena. Halakoetan gertatu ohi denez, bateko eta besteko berrikuntzak jaso ditu alderdi horrek, baina, aldiz, ez dauka bertan sortutako bereizgarri askorik. Azpieuskalki bi horietaz gainera, nortasun beteko hizkera bi egon dira, eta gaur egun ere oraindik nola edo hala badira: Amikuztarra (Nafarroa Behereko gainerako hizkeretatik zerbait bereizita eta Zuberoakotik gertu egon da) eta Kostatarra (Lapurdiko itsasbazterrean mintzatu da eta eskualde horretako bizilagunek hartu-eman estua eduki dute Gipuzkoako eta Nafarroako auzoekin).
Azpieuskalkiak
Mapa
Fonetika
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafar-lapurtarra)
- Euskalkiaren eremu gehienean arrotza da i bokalak eragindako bustidura (Zuberoan bada): edozoini, gainetik... Gaur egun, dena dela, bustidura saihesteak ez dauka indarrik eta bere horretan uzten dira frantsesetik sartutako hots bustiak: kallatu (fr. cailler) 'gatzatu', kanpaña (fr. campagne) 'landa'... Bustidura ezari dagokionez, euskalkiaren bazter biak dira salbuespena: Nafarroa Behereko ekialdea (Amikuze, Oztibarre eta Garaziko alderdi bat) eta, batez ere, Lapurdiko itsasbazterreko hizkera.
- Hitz hasieran x- izatea da euskalki honen beste bereizgarri bat, tx- izaten delako gainerako euskalkietako ordaina: ximino, xingarra 'urdaiazpikoa', xirula, xistu, xoko... Maileguak ere horrela egokitu dira: xanpiñona, xantza (fr. chance) 'zoria'...
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafar-lapurtarra)
Izenaren morfologia
- Nehor 'inor' (eta nehork, nehori, nehun...) tankerako izenordainak erabiltzen dira.
- -ño da euskalki honetako atzizki txikigarri ohikoa: baño 'bakarra', begiño, haurño, irriño...
- Erdal -on amaiera -oin egiteko joera izan da eremu gehienean: arrazoin, botoin, garratoin 'arratoi'... Dena dela, mailegu berri zenbaitetan -on ere bada hizkera batzuetan, frantsesean bezala: balon, bonbon...
- Euskalki honen bereizgarria da -aia amaiera izatea mailegu zaharretan (nahiz eta gaur egun Euskal Herri osoan zabaldu den euskara batuaren eraginez): bisaia 'aurpegia', domaia 'zoritxarra', kuraia 'kemena', langoaia 'hizkuntza', piaia 'joan-etorria'... Arau hau ez da dagoeneko emankorra, -adxa egiten delako mailegu berrietan: afitxadxa 'iragarkia', brikoladxa 'brikolajea'...
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafar-lapurtarra)
- Ez dugu maila honetako ezaugarririk.
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafar-lapurtarra)
Aldaerei dagokienez, honako hauek erabiltzen dira euskalkiaren eremu gehienean: ahantzi 'ahaztu', arno 'ardo', ba (eta bai), biper 'piper', botoila 'botila', buraso 'guraso', elgar 'elkar', ereman 'eraman', eskuara 'euskara', fruitu 'fruta', giristino 'kristau', hogoi 'hogei', irrisku 'arrisku', jakintsun 'jakintsu', kondatu 'kontatu', saindu 'santu', xin(a)urri 'inurri'...
Lexikoari dagokionez, honako hitz hauek dira euskalkiaren bereizgarri, den-denak erabiltzen ez badira ere haren eremu osoan: altxagarri 'orantza, legamia', auzapez 'alkatea', azantz / harrabots 'hotsa, zarata', babazuza 'kazkabarra', biziki 'oso', buruil 'iraila', elkor 'gor' adierarekin, fitsik 'ezer', gako 'giltza' adierarekin, guri 'bigun' adierarekin, kalapita 'iskanbila', ortzantz 'trumoia', otto 'osaba', pairatu 'eraman, jasan', parada 'aukera, beta', pittika 'antxumea', sehi 'zerbitzaria', urririk 'doan', urtzintz 'usina', xingar 'urdaiazpikoa...
Euskalkien liburutegia
Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea
Amiküze eskuadeko (h)eskuara
Iñaki Camino Lertxundi
Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara
Koldo Zuazo Zelaieta
Bonaparte ondareko eskuizkribuak. Ekialdeko behe nafarrera
Itziar Iribar, Juan Jose Iribar, Rosa Miren Pagola
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.