Zuberotarra (Euskalkia)

Deskribapena

Ezaugarri nagusi bi ditu Zuberoako euskarak: batetik, gainerako euskalkien aldean oso berezia dela eta, bestetik, batasun eta berdintasun handia daukala. Euskal Herriko ertz baten egotetik dator, gehienbat, bere izaera berezia. Berdintasun handiko hizkera da, baina badira nahitaez egin beharreko bi ñabardura. Alde batetik, zuberotarrek eurek hizkera mota bi bereizi izan dituzte: alderdi menditsukoa edo Basabürü eskualdekoa, eta ordokikoa edo Pettarrekoa. Beste alde batetik, berriz, Zuberoako ipar-mendebalean badira euskara zuberotarretik aldendu eta Nafarroa Beherera hurbiltzen diren zenbait herri: Domintxaine-Berroeta, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Lohitzüne-Oihergi, Etxarri eta Pagola. Bestalde, administrazioz Biarno den Eskiula herrian euskara zuberotarra mintzatzen da.

Azpieuskalkiak

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Zuberotarra)

  • Bokal sudurkariak gorde ditu: ahal → âhâl ; handi → hâdi ; ama → âmâ
  • Ia erabat betetzen da u → ü bilakaera eta, beraz, gainerako euskalkietan ez den seigarren bokala dauka euskara zuberotarrak: du → dü. Hala ere, arauak salbuespenak ditu.
  • Ia erabat betetzen dira asimilazio bilakaera bi hauek: a) i-ü → ü-ü eta b) u-ü → ü-ü: ikuzi → ükhüzi ; inguru → üngü.
  • Ipar Euskal Herri osoan gertatzen da o → u bilakaera sudurkari aurrean, baina zuberotarrean besteetan ohikoak ez diren aldaerak erabiltzen dira: ohoin →  uhuñ ; zenbait (→ zonbait) → zumáit. Zuberotarrez, gainera, ez da nahitaezkoa /o/ bokala kontsonante sudurkari baten aurrean egotea bilakaera bete dadin: motz → mutz.
  • Ia erabat betetzen da -au- → -ai- bilakaera: auzo → áizo
  • Txistukari ozen frikari bi daude.
  • Ipar Euskal Herri gehienean gorde da hasperena, baina, oro har, ekialderago joan ahala, indartsuagoa da. Zuberoan, hitz hasieran (hor), bokalartean (mehe), eta diptongo eta bokal artean (óihü) ez ezik, ozen ondorengoak (lh, nh, rh) eta herskari hasperenduak ere (ph, th, kh) badira.
  • Euskara zuberotarrean ia erabat galdu da dardarkari bakuna: eroririk → ióik
  • n eta l ondoren, herskari ahoskabeak (p, t, k)gorde dira euskara zuberotarrean: alde →  alte.Ez dira ahostundu, gainerako euskalkietan bezala.
  • Azentua oso indartsua da euskara zuberotarrean, eta horixe da euskalki honen ezaugarririk nabamenenetakoa. Hitzaren eskuinetik hasita, bigarren silaban egoten da, gehienbat; azkenaurrekoan, beraz: gízon, emázte, adixkíde. Hala ere badira hitz markatuak, azentua beti silaba berean dutenak: apáidü 'jatordua', báke, lü' ma 'luma', séküla... Eta zenbait kasutan (maileguetan, laburduren ondorioz, diptongoan amaitzen diren zenbait hitzetan...) azentua azken silaban dago: bedezí 'sendagilea' ; itxasún 'itsasoan' ; eztéi...

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Zuberotarra)

Izenaren morfologia

  • Hitzak mugatzaile gabe erabiltzen dira sarri: a) izan-en atributua denean: etzíja záhar ' ez zara zaharra'; b) multzo bezala hartzen direnean: har ezazü ógi (mugatzailearekin esangura desberdina hartzen dute) ; c) galderetan mugagabea nahiz partitiboa erabil daiteke: náhi düzia ardú? (edo nahi düzia arduik?).
  • Mugagabean dagoen izena zenbatzailearekin erabiltzen denean, singularrean jarri ohi da aditza: bidian ikhusi düt sei gizon.
  • Ablatiboko atzizkian bizirik dago -ti aldaera zaharra, eta baita honen pareko motibatiboko -gati (-gatik nagusituz doan arren). Era berean, izen arrunten eta berezien arteko desberdintasuna gorde da: -ti(k) dago arruntetan, eta -(r)ik berezietan: Máuleik jin düzü 'Mauletik etorri da'. 
  • Ablatiboko ereduari jarraituz, adlatiboan ere izen arruntak eta bereziak desberdintzen dira: -ala(t) dago arruntetan  (bortilát badúzü 'mendira badoa') eta -(r)at berezietan (üthürilát üsü júiten día 'iturrira maiz joaten dira').
  • Genitiboko -(r)en atzizkiak destinatiboko balioa gorde du: zázpi úrthen 'zazpi urterako'.
  • Erdal -on amaiera gertatu da euskara zuberotarrean: arratoi ? arathú
  • Mugagabean jokatzen da bat zenbatzailea: borthá batetáik bestíla 'ate batetik bestera'.
  • Badira atzizki berezi zenbait euskara zuberotarrean: -ñi txikigarria (aitañi/amañi 'aitona/amona', amiñí 'apurtxo'); maileguz hartutako -(xk)ót txikigarria (haurót 'haurtxoa', apáidüxkót 'otordutxoa'); -sa femeninoa (alhargüntsa 'ander alarguna', bulandjérsa 'andre ogisaltzailea'). Erdaratik hartutako arra- aurrizkia ere emankorra da: araberíttü, arabíldü, araéran, aramaiatz 'ekaina', aralhába / araháur 'iloba'...

Aditzaren morfologia

  •  Nor-Nori saileko iraganaldia 'oraina + N' bidez osatzen da, eta a ? e besterik ez da aldatzen erroan: zitzaion ? zeion
  • Nor-Nori saileko pluralgilea -(t)z- da (orok. -zki-): zaizkio ? zaitzo
  • Nor-Nori-Nork saileko adizkiak *eradun errokoak dira, baina, jakina, itxura berezikoak: *eradun ? erei ? ei dirudi bilakaera: eráiten déiot [diot].
  • Nor-Nori-Nork saileko pluralgilea ere -tz- da: dizkiot ? déitzot
  • Hitanoko iraganeko 1. eta 3. pertsonetan -n ? -Ø gertatzen da Zuberoako hizkera askotan, baina ez da erabatekoa, -n eta lehian baitaude batzuetan: ni(n)an ? niá / niñá
  • Euskal Herri gehienean bezala, -en eta -ko dira geroaldia egiteko atzizkiak: -n batez amaitzen diren aditzekin -en,eta bokalez amaitzen direnekin -ko. Inoiz, hala ere, -(r)en zaharra ere entzuten da: igorriren. Zuberoan barrena, gainera, egitura pleonastikoak entzuten dira inoiz, -ren zaharrak eta -ko berria dutenak: ikhusiénko 'ikusiko'.
  • 'Partizipioa + RIK' egitura zaharra da Zuberoan erabiltzen den (ia) bakarra: estontüik züzün 'harritua zen'.
  • Mendebalean bezala, zabala da -ten aldaeraren esparrua aditz-izenak osatzeko orduan. Aldaera hori erabiltzen da partizipioa -(l)i, -(r)i eta, dirudienez, -k(h)i denean: ibili ? ebílten ; ekarri ? ekhárten ; elkhi ? elkhíten (baina sarriago elkhitzen).

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Zuberotarra)

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Zuberotarra)

Aldaerak: ahátze 'ahantzi', aihái 'afari', álkhar / álgar 'elkar', ardú 'ardo', áuher 'alfer', bárdin 'berdin', bedeátzü eta hemeétzü 'bederatzi / hemeretzi', beit- aurrizkia 'bait-', béna 'baina', bóhor 'behor', ébi 'euri', éjer 'eder', élkhi 'irten', éri 'irri [barre]', értzo 'ero', -gerren atzizkia '-garren', hanitx 'hanitz, asko', hében 'hemen', hólli 'hori', hüllan 'hurbil', ílli / üllü 'euli', ínkhatz 'ikatz', khütxe 'gurutze', maháñ 'mahai', míthil 'mutil', nabéla 'labana', nasái 'lasai', phakátü 'pagatu, ordaindu' -tarzün atzizkia '-tasun', ükhen 'ukan', ürzo 'uso', zélü 'zeru'...

Lexikoa: aholkü 'gomendioa', aitañi eta amañi 'aitona / amona', ahüñe 'antxumea', aiñharba 'armiarma', amiñi 'apur', apaidü 'otordua', arramaiatz 'ekaina', athe 'pila, mordoa', baranthalla 'otsaila', bedatse 'udaberria', bedezi 'sendagilea', belhagile 'aztia', belhar (eta boronte) 'bekokia', besainko 'ukondoa', dihaü 'dirua', dü[rü]nda 'trumoia', ediren 'aurkitu', ekhi 'eguzkia', ekhürü 'geldi, lasai', (eta ekhurugaitz 'artega'), eli 'parea / multzoa', enthelegatü 'ulertu', eñhe 'nekatu', erho 'hil', eskerrik hanitx 'eskerrik asko', godalet 'edalontzia', haboro 'gehiago', hatsarre 'hasiera', heltübada 'beharbada', herots 'zarata', hor 'txakurra', hurak 'haiek', iuan 'eroan, eraman', jesan 'mailegutan hartu', kharru 'izotza', manex / manexina 'zuberotarra ez den euskalduna', mardo 'biguna', ments 'eza', mixkandi 'zerbitzaria', naba 'ibarra', neskanegün 'larunbata', ohiltü 'egotzi, bota', olha 'borda', oski 'zapata', pikarrai 'biluzik', pikoxte 'zilborra', prefosta 'bai horixe, jakina', sordei 'gaiztoa', ükhaitz 'ibaia', ühülgü 'tximista', uñhu 'tipula', ürhentü 'amaitu', üzkü 'ipurdia', zi 'ezkurra' zühañ 'zuhaitza'...

Euskalkien liburutegia

Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea

Gehiago »»

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia