Sortaldekoa (N) (Azpieuskalkia)

Deskribapena

Erroibarren eta Esteribarren iraun du Sortaldeko azpieuskalkiak. Gertakari bi nabarmendu behar dira azpieuskalki honetan, Koldo Zuazo ikerlariaren arabera. Alde batetik, Euskal Herriko erdigunean egin diren berrikuntza askotatik kanpo gelditu da eta, bestetik, ezaugarri gutxi batzuk sortu dira bertan.

Hizkerak

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

  • Azentua azkenaurreko silaban egoten da euskara nafar gehienean.
  • Azentua daraman silaba indartsua denez, erraz galtzen dira bokal atonoak. Hau dela eta, aferesiak eta sinkopak ohikoak dira euskara nafarrean. Aferesiak: ebaki > báki, ekarri > kárri... Sinkopak: abilena > abílna, dituzte > zte, gaztanbera > gaztánbra...
  • Euskara nafar gehienean, u → i bilakatzeko joera dago ingurune bi hauetan: a) -tuko → tiko: ailegatuko → allaatiko, hartuko → hartiko; b) -tu behar → -tiar zikindu behar ditut → zikindiar ditut. Dena dela, bigarren honen eremua murritzagoa da.
  • Hego Euskal Herriko beste hizkera batzuetan bezala, i eta u bokalen ondoren, a → e bilakaera oso indartsua da euskara nafarrean: begie, muturre...
  • Goranzko diptongoak egiten dira sarri, Ipar Euskal Herrian bezala: itsás[w]a, gós[j]ak...
  • -eu- → -au- egiteko joera dago d- batez hasten diren *edun-en adizkiak beste hiru osagairekin batzen direnean: a) aditzaren aspektu burutu gabearekin (egiten dut → ittaut), b) geroaldiko -en atzizkiarekin (eginen dute → iñaute), eta c) ote partikularekin (ote duzu → otauzu). Hitzetan ere gauzatu izan da bilakaera hau Nafarroako hizkera batzuetan: euli → auli, neurri → naurri...
  • Hitz hasierako *j-ren ebakera <y> da euskara nafar gehienean, Euskal Herriko beste hizkera batzuetan bezala. Salbuespenak: Aezkoa eta Sakana.
  • Erdal -on → -on eta -ion → -ion bilakatu dira Nafarroa gehienean: frontona, kamiona...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (N))

  • Zenbaitetan galdu egiten da bokal arteko -i-: anaia → anae, baietz → baetz, behia → bea, maiatz → maetz...

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

Izenaren morfologia

  • Instrumentaleko atzizkia -s da euskara nafar gehienean. Dena dela, -s /-z lehia dago hizkera askotan eta lehia bera dago -geros / -geroz, -kos / -koz, -t(z)ekos / -t(z)ekoz eta -(e)lakos / -(e)lakoz atzizkietan ere.
  • Genitibo singularreko atzizkian, -aren → -ain bilakatzeko joera dago euskara nafar gehienean, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkera askotan bezala: nere senarrain amain ikustera.
  • Soziatiboan -kin orokorrarekin lehian, -ki aldaera ere bada.
  • Destinatiboan -endako atzizkia dago euskara nafar gehienean: bakearentzat → bakiandako.
  • Prolatiboan -tako atzizkia erabili izan da Nafarroa gehienean: be buube ezakan txarretako.

Aditzaren morfologia

  • Adizkien bigarren pertsona singularrean, y- dago: haiz → yaiz. 
  • Euskara nafarraren bereizgarria da Nor-Nori-Nork saileko -it- pluralgilea: dizkio → ttio. Pluralgile honek indar txikia du Baztanen, eta arrotza da Aezkoan eta Erroibarko Aurizberri herrian.
  • Nor-Nori saileko iraganaldian, -ki- da erroa: zitzaidan → zakiden. Sakanan, iraganaldian ez ezik, orainaldian ere -ki- da erroa: zait → dakit. 
  • Euskara nafar gehienean, Nor-Nork saileko adizkien ordez, Nor-Nori-Nork sailekoak erabiltzen dira: Alsasue yaman dubet iri ('Altsasura eraman diat hiri').
  • 'Partizipioa + rik' da aukerarik ohikoena, 'partizipioa + ta / a' ere ezagunak diren arren.
  • Ipar Euskal Herrian bezala, partizipio burutu gabeko ahalerako egitura perifrastikoakerabiltzen dira euskara nafarrean: erraten tzuten itten al tzutela.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (N))

  • Erakusleetan g- dago inguru honetako zenbait hizkeratan: gau 'hau', gori 'hori', gura 'hura'...
  • Zenbaitetan galdu egiten da iraganaldiko adizkietako -n marka: nuen → nue, zen → ze, zegoen → zego, zekon 'zion'→ zeko...

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (N))

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

Aldaerak: ailtzur / altzur 'aitzur', atzendu 'ahaztu', aunitz / aunditz 'anitz', bulkatu 'bultzatu', erte 'arte', ertsi 'itxi', etzin 'etzan', legen / negel ' igel', nabala 'labana', opatu 'topatu'... Hizkera batzuetan, biño / miño 'baina / baino', eke 'ke', esene 'esne' ere badira. Bestetik, /wa/ diptongo aurrean, g- garatu da: gua(ye) 'hoa', guai 'orain', guartu 'ohartu'... Eta -r(t)z- kontsonante multzoa gorde da, Lapurdin eta Nafarroa Bejereko hizkera batzuetan bezala: bertze, bortz, ortzegun...Sakana da salbuespena: -st- dago bertan.

Lexikoa: atari 'atea', atija tankerakoak 'usina', azienda 'etxeko abereak', banabar / alubia 'indaba', beratz 'biguina', bikor / pikor 'alea', bota 'erori', esker mila (vs. mila esker), esperatu 'itxaron', izotzil 'urtarril', jainkoaren gerriko / jainkoaren paxa 'ortzadarra', mintzatu / solastu / jolastu / jarduki 'hitz egin', lastail eta urri 'urria / iraila', listu 'tua', (g)ohatze 'ohea', paratu (eta jarri) 'jarri', sor 'gorra', ugalde 'ibaia', xilko 'zilborra'...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (N))

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Euskalkien liburutegia

Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea

Aetzen uskara

Josu Cabodevilla Lusarreta

Aezkoa eta aetzak

Aezkoa eta aetzak

Puy Ziaurritz Jaso

Bonaparte ondareko eskuizkribuak. Aezkera

Itziar Iribar, Juan Jose Iribar, Rosa Miren Pagola

Gehiago »»

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia