Genero-ikuspegia lantzen
Berdintasuna (feminismoa) eta aniztasuna (LGTBI kolektiboa) lantzeko hainbat bide.
Ahotsak.eus proiektuan 20 urtetik gora daramatzagu elkarrizketak egiten, eta aspaldi konturatu ginen emakumeen testigantzak zein garrantzitsuak diren. Nondik gatozen jakiteko harribitxiak dira, eta baita bizimodua nola aldatu den ezagutzeko ere. Hori bai, adineko emakumeen testigantzez gainera, hurrengo belaunaldienak ere jasotzen ditugu. Nora iritsi garen, zein den orain emakumearen egoera. Eta horrekin batera, genero-aniztasunarekin lotutakoak ere ari gara lantzen: genero-identitateak eta LGTBI kolektiboa.
Genero-ikuspegia lantzea gure zehar-lerroetako bat da: egiten ditugun elkarrizketetan beti saiatzen gara begirada hori izaten. Gainera, azken urteotan emakume asko ari gara elkarrizketatzen, gehienak gazteak, gai hauekin lotuta:
- Emakumeen egoera euskal kulturan: bertsolaritzan, literaturan, musikagintzan...
- Genero-berdintasuna. Feminismoaren historia, matxismo-egoerak, patriarkatua, maitasun erromantikoaren mitoa...
- Genero-aniztasuna. LGTBIQ+ kolektiboa, trans pertsonak, armairutik ateratzea, homofobia...
- Noka jasotzeko elkarrizketak (nokaren gainbehera genero-arrazoiekin lotuta dago).
- Emakume aitzindariak
Miren Jone Azurza kazetari aitzindaria. Argazkia: Euskarazko Wikipedia
Bideo-pasarteak Ahotsak webgunean
Ahottsak.eus webgune eta proiektu honetan 3.000 emakume baino gehiagoren testigantzak dauzkagu jasota. Gehienak adinekoak. Normalean adineko emakumeei gizonezkoei baino dezente gehiago kostatzen zaie elkarrizketari baietz esatea, uste dutelako ez dutela ezer interesgarririk kontatzeko. Ahalegin berezia egiten dugu haiek konbentzitzeko. Beraien bizitzako azken hamarkada luzeetan etxekoandreak izan dira asko, eta ordaindu gabeko eta gutxi baloratutako lanetan aritu dira, nahiz eta gaztetan ia denek soldatapean lana egin (orduan ere gizonezkoak baino gutxiago kobratzen eta sarritan zaintza-garbiketa-zerbitzu lanetan). Ezkonduz gero, emakumeek ordainpeko lana uztea zen ohikoena, senarraz-etxeaz-familiaz arduratzeko. Aisialdian ere ez zuten gizonezkoen pareko aukerarik izan. Ikusi dugunez, emakumeak ahalduntzeko ere balio du elkarrizketa egiteak, beraiek esandakoei balioa emateak.
Ahotsak.eus webgunean 60.000 bideo-pasarte daude on-line, denetariko gaiekin lotutakoak. Gaika daude antolatuta, erabiltzaileak bilaketa egin eta bere intereseko bideoak erraz aurki ditzan. 400 gai-kode baino gehiago ditugu, eta urtez urte gaitegia berritzen goaz. Hauek dira zuzenean genero-berdintasunarekin eta aniztasunarekin lotutako gaiak, Ahotsak.eus webgunean:
-
'Sexua eta generoa' atala: 'Genero-berdintasuna', 'Sexua', 'LGTBIQ+', 'Genero indarkeria', 'Feminismoa'
-
'Emakumeak soldatapeko lanean', 'Neskameak', 'Sastreak eta jostunak', 'Sare-konpontzaileak', 'Raketistak'
Emakumeen egoerari eta bizimoduari buruzko kontuak beste hainbat ataletan ere agertzen dira, noski (adibidez, 'Baserriko bizimodua', 'Jantzi eta orraztu', 'Bikote kontuak'...), eta bereziki atal hauetan: 'Jaiotzak', 'Etxeko zereginak' eta 'Haurrak zaindu eta hezi'.
Aipatzekoa da hainbat emakume aitzindari elkarrizketatu ditugula Ahotsak.eus-en: adibidez, Mari Karmen Garmendia, Miren Jone Azurza, Elixabete Garmendia, Miren Azkarate, Arantxa Urretabizkaia, Elisabet Agirrezabal...
Ikus-entzunezkoak
Gaikako ikus-entzunezkoak ere prestatzen ditugu, hainbat lekukoren testigantzekin osatutakoak. Horiek Youtubeko gure kanalera igotzen ditugu, eta gero gure websiteetan erakusten ditugu (ikastetxeei begira sortutako Ahotsak Ikasgelan webgunean, gazteen testigantzak jasotzen dituen Gazte Gara Gazte webgunean eta oroimen historikoa lantzen duen Gerrako Ahotsak webgunean). Hona hemen orain arte (2022ko ekaina) gertatu ditugun ikus-entzunezkoak:
1.- Emakumearen sasoi bateko egoera
Bizimoduaren hainbat alor:
- Etxeko lanen banaketa
- Emakumea lan munduan
- Emakumea eta aisia
- Emakumea eta janzkera
- Neskak eta mutilak aparte
- Kanta tradizionalak eta generoa
- Emakumeen egoera lehen (orokorra)
Argazkilaria: Indalecio Ojanguren. Gizon-emakumeak laian Baliarrainen, 1915ean.
Emakumeen egoera gerra sasoian eta frankismoan:
- Gerraren ondorioak (emakumeen ahotik)
- Saturrarango emakume-kartzela
- Emakumeen "soldaduska" frankismoan
- Ezkontzean lantegitik bota
Sección Femenina. Janaria banatzen, 1937an Donostian. Marín fondoa/Kutxateka
Emakumeen egoera herri jakinetan:
- Bergarako emakumea eta lana
- Pasaiako lehengo emakumeak
- Santa Ageda Eskoriatzan: nesken parte-hartzea
- Nokaren galera Oñatin eta Noka berreskuratzeko esperientziak
Emakume aitzindariak:
2.- Emakumea kulturan eta kirolean (gaur egun eta historian zehar):
Karmele Jaio idazlea, "Idazlea emakumea denean" bideoko irudi batean.
- Emakumeak bertsoen plazan
- Idazlea emakumea denean
- Emakumeak musikariak
- Emakumea eta surfa
- Erraketistak
Erraketistak Groseko frontoian, Donostian, 1938an. Marin/Kutxateka
3.- Feminismoa
- Matxismoa ezkutuan? (mikromatxismoak)
- Mugimendu feministaren hastapenak Euskal Herrian (historia)
- Praktika feministak (genero-berdintasuna)
- Maitasun erromantikoaren mitoak (genero-berdintasuna)
- Patriarkatua eta genero-rolak (LGTBIQ+)
4.- Genero-aniztasuna
Proiektuak
1.- Ikastetxeetan genero-ikuspegia lantzeko ikasmateriala
Ahotsak Ikasgelan webgunearen helburua ikastetxeetan ahozko ondarearen transmisioa egitea da, eta azken urteetan besteak beste genero-ikuspegia lantzeko ikasmateriala ari gara prestatzen, bereziki EIMA 2.0. proiekturako eta 'Balio etikoak' ikasgarirako. Hainbat pertsona elkarrizketatu ditugu, hainbat ikus-entzunezko gertatu eta hainbat ariketa-proposamen egin, ikasleekin lanketak egiteko.
Adibiderako ikus bideo-fitxa hauek: Idazlea emakumea denean, Matxismoa ezkutuan? eta LGTBI+ kolektiboa. 25 bideo-fitxa baino gehiago ditugu genero-berdintasunarekin eta genero-aniztasunarekin lotuta.
2.- "Emakumearen hitza ez da ur gaineko bitsa" ikus-entzunezkoa
Eibarko Udaleko EGOIBARRA Batzordearen enkarguz, 'Emakumearen hitza ez da ur gaineko bitsa' ikus-entzunezkoa ekoitzi du Badiharduguk 2022. urtean, “Berdintasunerako bide luzea” erakusketarako, Egoibarraren proiektu ezberdinetako eta Ahotsak-eko testigantzak erabilita (ikus bideoaren datuak Egoibarra.eus webgunean).
Lehenago ere, 2018an, "Eibarko emakumeen aztarnak" erakusketan Ahotsak.eus-eko hainbat testigantza erabili zituzten, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan.
"Berdintasunerako bide luzea" erakusketako irudi bat: Emakume taldea M. iradier kalean 1930 aldera. Gasteizko Udal artxiboa. C. Yanguas funtsa.
3.- Noka biziberritzeko proiektuak
2019tik hona hitanoa (eta bereziki noka) biziberritzeko proiektuetan ere bagabiltza. Noka genero-arrazoiengatik joan da galtzen: emakumeek finak izan behar zuten, eta sasoi batean hitanoa ez zuten emakumeentzat egokia ikusten. Gainera, neskek aisialdi-aukerak ere murriztuta zeuzkaten: mutilek askoz aukera gehiago zeuzkaten sozializatzeko eta eremu informaletan hika jarduteko. Nokako tratamendua berreskuratu, eta haren erabilera tokaren mailan jartzea berdintasunean beste urrats bat egitea da. Emakumeak ahalduntzeko tresna baliagarria dela frogatu da. Emakumeari ukatu zioten eremu bat berreskuratzea suposaten du.
Hainbat herritan gabiltza hitanoa (eta bereziki noka) bultzatzeko proiektuekin: Oñatin, Azkoitian, Antzuolan, Lasarte-Orian... Oñatin egin dugu lan gehien: herri ekimenetik sortutako Ingo Xonau! proiektuaren koordinatzaileak gara 2019tik hona. Hemen proiektu horren baitan egin dugun guztia, pausoz pauso.
Oñatin hika ikastaroak Jabetze Eskolan antolatu dira, emakumeentzat. Oñatin hitanoa mutilen artean bizirik dago, osasuntsu mantendu da eta "modan" dago; nesken artean, ordea, ez. Horregatik, lehenengo lana noka berreskuratzea da, eta hika jarduteko emakume multzo bat sortzea, gero mutilek ere noka egin ahal izateko (une honetan ez daukate norekin noka egin). Hitanoa jasotzeko elkarrizketetan ere genero-ikuspegia lantzeko gaiak jorratu ditugu, berariaz, adibidez Oñatiko elkarrizketetan (emakumeen bizimodua lehen eta orain, nokaren galera...). Oñatin egin genuen 25 minutuko ikus-entzunezko honetan argi jaso genuen, herriko emakumeen ahotan, nokaren gainbeheraren arrazoiak zeintzuk izan diren: Dokumentala: zela galdu da?.
Oñatiko hikalaguna. Iturria: Ingo Xonau!
4.- Donostiako Ahots Morea
Donostiako Ahots Morea proiektua 2017. urtean abiatu genuen, Donostiako emakumeen historia ezagutarazteko helburuarekin. Besteak beste Elbira Zipitriaren ibilbidea eta bideoa prestatu genituen, eta proiekzio-solasaldia ere eman genuen, Donostiako Emakumeen Etxean, sasoi bateko Donostiako emakumeen bizimoduari buruz.
Elbira Zipitriaren ibilbidea. Egilea: Badihardugu.
5.- Bergarako emakumeen proiektua
Bergarako Udalaren I. Berdintasun planaren bitartez, Idoia Etxeberria eta Juan Martin Elexpuru Badiharduguko kideek “Lan eta lan, emakumea Bergaran” izeneko liburua eta dokumentalaatondu zituzten, 2014. urtean. XX. mendearen lehen erdian Bergarako emakumearen bizimodua nolakoa zen aztertu zuten lan horretan.
6.- 'Amantalen Ahotsa' ikuskizuna
2011. urtean emakumez osatutako talde batek "Amantalen Ahotsa" ikuskizuna prestatu zuen, Ahotsak.eus webguneko testigantzak oinarri moduan hartuta, 1936ko gerraren 75. urteurrenean. Agurtzane Intxaurraga izan zen zuzendari artistikoa eta 100 emakume baino gehiago igo ziren oholtzara: bertsolariak, kantariak, dantzariak, aktoreak... Antolatzaileen artean Badihardugu elkarteko langileak zeuden. Victoria Eugenian izan zen emanaldia, Donostian.
Argazkilaria: Maddi Soroa
Albisteak
Albisteetan ere genero-ikuspegia kontuan izaten dugu eta emakumeen lana bistaratzen saiatzen gara:
- Emakumeak literaturan
- Miren Jone Azurza kazetari aitzindaria
- Noka ikastaroa Azkoitian
- "Berdintasunerako bide luzea" erakusketa Eibarren
- Mari Karmen Garmendia bide urratzailea
- Miren Azkarate hizkuntzalaria
- Azkoitiko Hike eizan! proiektua
- Lola Valverde historialari feminista
- Aizpea Goenaga aktore eta zuzendaria
- Txaro Arteaga kazetari feminista
- Oñatiko Jabetze Eskolako hika ikastaroa
- Enkarni Genua txotxongilolaria
- Aitziber Garmendia aktoreari elkarrizketa
- Danele Sarriugarte idazleari egindako elkarrizketa
- Kontxi Belandiari agurra
- Elbira Zipitriaren ibilbidea
- Oñatin 50 emakume elkarrizketatuta
- Extefana Irastorzari aio
- 'Eibarko emakumeen aztarnak' erakusketa
- Martxoak 8: zabaldu ahots morea
- Azken erraketistak
- Donostiako emakumeei buruzko proiekzio-solasaldia
- Emakumeen testigantza interesgarriak
- Nesken parte-hartzea Eskoriatzako Santa Agedan
- Amale Arzelus andereño eta irrati esataria
- "Larre motzean" dokumentala
- "Lan eta lan, emakumea Bergaran" proiektua
- Emakumeen boto eskubidea
- "81 amama" dokumentala
- Karmele Esnal andereñoa
- "Amantalen ahotsa" ikuskizuna