Azken erraketistak, mende hasierako kirolari profesionalak

Uzt. 24, 2017, 2:48 p.m.  ¦ 

XX. mendearen hasieran eta erdialdean pilotari profesional moduan aritu ziren hainbat emakume: erraketistak ziren. Asteburuan horietako bi hil dira, eibartarrak. Gero eta gutxiago geratzen dira.

Erraketista izandako bi emakume hil dira asteburuan: Marina Basauri eta Nieves Bereziartua eibartarrak. Valentzian bizi zen Basauri; pilotak eraman zuen hara, eta bertan geratu zen bizitzen. Bereziartua, berriz, Mendaron bizi zen. Eta Kitton irakurri dugu albistea, eta garai bateko erraketistekin gogoratu gara. Emakume ausartak izan ziren, XX. mendearen hasieran eta erdialdean pilotari profesional gisa ibili zirenak, frontoiz frontoi, munduan zehar. Erraketista horietako asko Eibar ingurukoak ziren.

Bideo honetan erraketistei buruzko hainbat kontu bildu ditugu. Izan ere, hainbat erraketistak beraien bizipenak kontatu zizkiguten Ahotsak.eus proiekturako:

Bideo honekin lotuta, ikastetxeetan lantzeko proposamena ere baduzue, nahi izanez gero, Ikasgelan webgunean. 

Donostian sortu zen emakumezkoen erraketa kirola: Ildefonso Anabitarte enpresagizon donostiarrak 16 neska aukeratu zituen, eta frontoiko pilota modalitate berri hori erakutsi zien, tenisaren antzekoa. 1917an hasi ziren emakumeak lehenengoz erraketan modu profesionalean jokatzen, Madrilen (Cedaceros frontoian). Zesta puntan lehenxeago hasi ziren, 1897. urtean. 

Erraketak arrakasta izan zuen, eta zabaltzen joan zen. Emakume erraketistak mundu guztiko frontoietan aritu ziren: Donostian, Bilbon, Iruñean, Madrilgo eta Bartzelonako hainbatetan, Sabadellen, Valentzian, Sevillan, Vigon, Logroñon, Santanderren, Zaragozan, Salamancan, Valladoliden, kanariar uharteetan… baita Mexikon, Brasilen, Miamin eta Kuban ere. 

Euskal erraketistak asko izan ziren, pilotarako zaletasun handia zegoelako. Eta horietako asko eibartarrak ziren. Zergatik? Eibar beste herri batzuk baino irekiagoa zen, ez hain katolikoa; sozialistak eta errepublikanoak ziren nagusi. Emakumeek askatasun gehixeago zuten (hala ere, batzuek ez zuten begi onez ikusten). Mugimendu handiko frontoia zeukan. Hiru pilota eskola sortu zituzten, eta pilotarien harrobia bihurtu zen Eibar. Tolosako Beotibarren, Zarautzen, Errenterian eta Madrilen ere egon ziren eskolak. Frontoi bakoitzean bere berezko estiloa erakusten zen.

Gerra zibilaren ostean, baina, erraketa indarra galtzen joan zen. Agintari berrien ustez, ez zen lanbide aproposa emakumeentzat: emakumeak etxean egon behar zuen, etxeko lanak egiten eta familia zaintzen. Joko horretan aritzen ziren frontoiak ixten hasi ziren, eta ez zuten erraketista berririk onartu. XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaieran, soilik Madrilgo eta Bartzelonako frontoietan jarraitzen zuen erraketa modalitateak. Azken partida 1980. urtean jokatu zen.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia