"81 amama" dokumentalaren aurkezpena, urriaren 17an

2013ko urr. 15a, 09:17

"81 amama" dokumentala aurkeztuko dute Donostian, Doka Kafe Antzokian. Euskal emakumearen inguruan eraikitako iruditegiari buruzko proiektua da, amama-biloben arteko harremana aztertzen duena. 

"81 amama" dokumentalak XX. mende hasieran jaiotako amamen bizimodua hartzen du aztergai moduan, eta zehazkiago nekazal bizitza tradizionala bertan behera utzi zuten amamen eta haien biloben arteko transmisioa. Material gisa amama-biloba horien memoria indibidual eta kolektiboak erabiltzen ditu. Dokumentala "kultur transmisioa eta euskalduntasuna ulertzeko moduen hausnarketa bat da, euskal emakumearen inguruan eraikitako iruditegiari buruzko proiektua". Urriaren 17an aurkeztuko dute Izaro Gonzalez Ieregik zuzendutako lana, 19:30ean Doka Kafe Antzokian. 

81.amama belaunaldiari begira jarri dira: "1963. urtean, Quosque tandem saiakeran, 80. generazioan kokatzen gintuen Oteitzak, kalkulu horiei jarraiki gure amamak 81. amama generazioa dira eta gu orain 81. amamei begira jarriko gara, dagozkigunak baitira", azaldu dute dokumentalaren egileek. "Kultur ondare bilketatik urrunduz belaunaldi honen eta bere biloben arteko memoria, identitate eta estiloetatik ikus-entzunezko bidaia egingo dugu. Transmisioaren leku fisiko eta sinbolikotzat dauzkagun baserriak izango dira gure mugimenduen haize orratza, kantauri isurialde guztitik egindako bidaia honetan amama eta bilobak ezagutuko ditugu: bizitza tradizionala bezala ezagutzen dugun gainbehera ezagutu duten baserri-emakumeak eta noizbait baserri-emakumea izandako amama daukan biloba".

Duela urte bi pasatxo gurekin harremanetan jarri ziren "81 amama" proiektukoak. Baserriak mendetan izan duen funtzioa hain belaunaldi gutxitan galdu izanaren zergatiak aztertu nahi zituzten. Euskal Herri osoko lekukoak bilatu nahi zituzten, baserrian jaio bai baina gerora bertan bizi izan ez diren emakumeenak. Guk kontaktu batzuek eman genizkien, Ahotsak.com-en elkarrizketatutako pare bat emakumerenak. Eta beraiek beste amama batzuen berri eman ziguten guri. Irrikitan gaude egin duten lana ikusteko.

Dokumentala 45 minutukoa da. Trailera Vimeon jarri dute. Facebook orria ere badute.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia