Martxoak 8: zabaldu ahots morea!

mar. 5, 2018, 10:56 a.m.

Badator martxoaren 8a! Data aproposa da emakumeen ahotsak entzuteko, eta azken hamarkadetan izan dugun bilakaera ezagutzeko. Adineko emakumeek kontatu dizkiguten pasarteekin prestatutako bideoak ikustera eta zabaltzera gonbidatzen zaitugu!

Urtero legez, badator martxoaren 8a. Aurten sekulako indarrarekin eta burrunbarekin. Hitza hartzeko ordua da, ekintzara pasatzeko garaia. Guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu, gure historia ezagutarazteko. Ahotsak.eus proiektuan 2.700 emakumeren ahotsak ditugu jasota: baliteke Euskal Herriko emakumeei modu masiboan ahotsa eman zaien lehen aldia izatea. Testigantza interesgarri ugari ditugu bilduta. Horietako batzuk entzutera gonbidatzen zaitugu, pasarte onenekin osatutako bideo eder hauek ikustera, nondik gatozen ulertzeko eta nora goazen hausnartzeko balioko dizutenak. 

Sasoi batean dena bekatua zen, bereziki emakumeentzat, emakumea baitzen "bekatuen iturria":

Erlijioak erabat baldintzatu du gure gizartea, puntura arte, bai. Eta emakumea zen baldintzatuena, nola ez: ondo tapatuta joan beharra zeukan, gizonezkoei tentaziorik ez eragiteko. Badakizu noiz eta nolatan hasi ziren galtzak erabiltzen? 

Nolakoa zen emakumeen aisialdia? Zer egiten zuten? Eta batez ere: zer ezin zuten egin? Noiz hasi ziren emakumeak tabernetara sartzen?

Emakumea "etxekoandrea" izaten zen. Etxeko lanen ardura zeukan, eta baita seme-alabena ere. Lana uzten zuten horretarako. Orain, berriz, emakume gehienek lanean jarraitzen dute... baina nork egiten ditu etxeko lanak? 

Neska gehienek egiten zuten lana etxetik kanpo lehen ere: ikasten jarraitu ordez, neskame joaten ziren, edo lantegiren batera lanera. Hori bai, ezkondu arte. 

Bideo hauek proposamen pedagogikoak dituzte, Ikasgelan webgunean. DBHko irakasleek ikastetxeetan erabil ditzaten prestatu ditugu. LHko azken mailetan ere erabil daitezke. Ahozko ondarearen transmisioa etxeko sukaldetik ikasgeletara eramatea da erronka (genero berdintasunarekin lotutako 15 bideo ditugu guztira). Animatu zaitez eta erabili!
 
Partekatu albistea, eta zabaldu ahots morea!
 
Argazkia: Baserritarrak laian, Baliarrainen, 1915ean. Argazkilaria: Indalecio Ojanguren.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia