“Berdintasunerako bide luzea” erakusketako “Emakumearen hitza ez da ur gaineko bitsa” ikus-entzunezkoa ekoitzi du Badiharduguk

2022ko mar. 4a, 13:26

Eibarko Udaleko EGOIBARRA Batzordearen enkarguz, “Berdintasunerako bide luzea” erakusketako zati den Emakumearen hitza ez da ur gaineko bitsa ikus-entzunezkoa ekoitzi du Badihardugu Euskara Elkarteak, Egoibarraren proiektu ezberdinetako eta Ahotsak-eko testigantzak erabilita. 

 

Atzo, martxoaren 3an, aurkeztu zen erakusketa, Eibarko Portalea eraikineko erakusketa aretoan (2. solairuan) eta bertan, emakumeek beren eskubideen alde eta benetako berdintasuna lortzeko egin duten eta egiten ari diren borroka kontatzen da irudi, dokumentu eta objektuen bidez.

Erakusketa-aretoaren beheko aldean, 35 panel egongo dira epealdi ezberdinetan banatuta: Etxeko Aingeruaren eredutik Emakume Modernoaren eredura (1900-1930); II. Errepublika (1931-1936); Gerra zibila (1936-1939); Frankismoa (1939-1975) eta Trantsizio garaia (1975-1985).

Panelez gain, Eibarko Armagintza Museoko elementuak eta Udal Artxiboko hainbat dokumentu egongo dira ikusgai, adibidez, Goi-Argi emakumeen elkartearen lehendabiziko akta (1951) edota Familia Plangintza Zentroaren (Planning bezala ezagutzen zena) aurreproiektua (1982).

Badihardugu Elkarteak ekoitzitako Eibarko hainbat emakumeren bizi-testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa erakusketa-aretoko goiko kupulan egongo da ikusgai. Hemen ikus daiteke aurrerapen txiki bat :

Emakumearen hitza ez da ur gaineko bitsa deituriko ikus-entzunezkoan, Egoibarra Batzordearen Eibartarren Ahotan proiektuko eta Euskal Herriko Ahotsak proiektuko testigantzez gain, grabaketa berriak egin dira emakume gazteen bizipenak eta hitzak jasotzeko asmoz.

Erakusketa martxoaran 3tik 27ra arte bisitatu daiteke, asteartetik igandera, 18:30 - 20:30 ordutegian.

 

Irudia: Eibarko Aginaga Azpikoa baserriko Josefa Gervasia Agirrebengoa, Estatuko emakumezkoen lehenengoen botoa ematen, 1933ko azaroaren 5ean. Iturria: Gure Gipuzkoa

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia