Zaraitzu, Aezkoa, Erroibar eta Esteribar eskualdeetako ahotsak entzungai

2010ko eka. 4a, 09:17

Poz handia ematen digun berri batekin gatoz: Nafarroa ekialdeko mugetako hiztunen hainbat grabazio ipini ditugu sarean, euskalki zaharrak ia galduan edo galduta dauden lekuetakoak. 12 herritako lekukoak: Zaraitzu: Espartza, Jaurrieta, Otsagi. Aezkoa: Abaurregaine, Aria, Garralda, Hiriberri. Erroibar: Aurizberri, Erro, Ureta, Zilbeti. Esteribar: Usetxi.

Zaraitzukoak Aitor Elortza eibartarrak grabatu zituen 1998 aldera, euskara azken hatsetan zegoenean. Gaur egun ez da Zaraitzun euskaldun zaharrik geratzen. Aezkoan, Erroibarren eta Esteribarren geratzen diren euskaldun zaharrak ere ez dira asko. 2009ko udan Alex Artzelus azpeitiarrak, bere amarekin batera, hainbat grabazio egin zituen eskualde horietan. Laburbilduz:

Eskualdeak: 4 (Zaraitzu, Aezkoa, Erroibar, Esteribar)

Udalerriak: 9 (Espartza, Jaurrieta, Otsagi, Abaurregaine, Aria, Garralda, Hiriberri, Erroibar, Esteribar)

Herriak: 12 (Espartza, Jaurrieta, Otsagi, Abaurregaine, Aria, Garralda, Hiriberri, Aurizberri, Erro, Ureta, Zilbeti, Usetxi)

Hiztunak: 16 (6 Abaurregainen, 2 Jaurrietan, bana besteetan)

Entzungai dauden pasarteak: 152

Oso lekukotza inportanteak dira, gure ustez, alderdi askotatik. Alderdi soziolinguistikotik, euskarari eutsi dioten azkenetarikoak direlako, abiada beldurgarrian erdaldundutako inguru batean. Ezin da ahaztu zenbait hiztun haurtzaro guztiz euskalduna izatetik zahartzaro ia guztiz erdalduna izatera igaro dela.

Eta alderdi linguistikotik ere bai, desagertuta edo desagertzear dauden hizkerak entzuteko aukera ematen zaigulako. Deigarriak dira, esaterako, Aezkoako hiztunen ahotan entzuten diren gau, gori, gura, gortan, gortara (hau, hori, hura, hortan, hortara) bezalakoak, -n bukaerarik gabeko lehenaldiak: ze, zue, gindue…, eta beste hainbat berezitasun.

Aitor Elortzak eta Alex Artzelusek jaso eta gure eskuetan jarritako grabazioak dira. Nafarroa ez da berez Ahotsak.com-en lan-esparrua, zeregin horretan Eusko Kultur Fundazioak diharduelako.

Adibide gisa, hona hemen Abaurregainako Julia Arregi eta Pedro Iriartek eskualde hauetako euskerari buruz kontatzen dutena:



Aezkoan gutxi euskaraz, Zaraitzun batere ez

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia