Euskalgintzari buruzko erakusketa Bergaran, abenduaren 9tik aurrera
2022ko abe. 7a, 09:35
Izotz ondoko eguzki erakusketa antolatu dute Bergaran, Aroztegi aretoan, abenduaren 9tik 25era, Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. 1940-1980 urteen bitartean Bergaran euskalgintzan izandako mugimendua jasotzen du. Etzi izango da aurkezpen-ekitaldia, 18:00etan. Badihardugu elkarteak prestatu du erakusketan erakutsiko den ikus-entzunezkoa.
Izotz ondoko eguzki erakusketa antolatu dute, Bergaran, gerraostetik trantsiziora bitarte Bergaran euskara biziberritzeko egin den lana ezagutarazteko. Etzi zabalduko ditu ateak, Aroztegi aretoan, eta abenduaren 25era bitarte egongo da ikusgai. Bergarako Udalak Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan antolatu du erakusketa. Proiektu horren helburua herrian euskalgintzan egin den ibilbidea jaso eta zabaltzea da, eta baita protagonistei aitortza egitea ere, sarri lan isila eta ezezaguna delako. Guztira 26 pertsonaren testigantzak jaso dituzte orain arte; Badihardugu elkarteak egin ditu elkarrizketak, eta baita erakusketan erakutsiko den 20 minutuko ikus-entzunezkoa ere. Etzi izango da aurkezpen-ekitaldia, 18:00etan, eta bertan emango diztuzte xehetasun guztiak.
Erakusketan, informazio-panelez eta ikus-entzunezkoaz gainera, hainbat material egongo da. Elkarrizketak baliatuta, zenbait material jaso zuten: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak… Herritarrei ere laguntza eskatu zieten, eta Bergarako artxiboa eskertuta dago erakusketa osatzeko balio izan duten hainbat material jaso dituztelako. Bisita gidatua ere antolatuko dute, ikastetxeetako ikasleekin, eta baita hitzaldia ere: abenduaren 14an izango da, 10:00etan, seminarioan.
Badiharduguk egindako elkarrizketetan euskalgintzan izandako mugimendua jaso dugu: dantza, antzerkia, hezkuntza, alfabetatzea, kantagintza, betsolaritza... Grabazioak landuta eta ikusgai daude Ahotsak.eus webgunean, Bergarako orrian.
2020an hasi ginen egitasmoarekin, Bergarako Udalak eskatuta: hona hemen prentsaurrekoaren albistea. Udaleko Euskara Zerbitzuaren inguruan lan-mahai bat sortu zen, eta lan handia egin du elkarrizketatzeko pertsona egokiak bilatzen eta aukeratzen: elkarrizketak egin aurretik haiekin bildu, dokumentatu... Laboratorium museoan egin genituen elkarrizketa gehienak. 2021eko martxorako 14 lagun genituen elkarrizketatuta (ikusi albistea). Geroztik beste 12 elkarrizketatu ditugu.
Hauek dira elkarrizketatuak: Jose Luis Gorrotxategi, Koldo Alberdi Egileor II, Maite Barrena, Jabier Mendizabal Surra, Rosa Narbaiza, Gotzon Bikuña, Eneko Oregi, Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Arantzazu Narbaiza, Blanca Narbaiza, Mikel Lazpiur, Arantxa Ibarzabal, Arantzazu Oregi, Dominika Madinabeitia, Agustin Amasorrain, Izaskun Jimeno, Miguel Angel Elkoroberezibar, Joxe Mari Elortza, Iñaki Arriaran, Begoña Iturbe, Begoña Kapanaga, Jose Luis Elkoro, Jose Ramon Gantxegi, Bittor Gorrotxategi eta Arantzazu Kortabarria. Mila esker guztiei, testigantza emateagatik!
Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik gabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Bergarako Ahotsak, Euskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu ditugu urteen joan-etorrian: guztira 191 hiztunen testigantzak. 2.500 bideo-pasarte eta 550 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.
Maiatzeko prentsaurrekoko argazkia. Ezkerretik eskubira, lan-mahaia osatzen duten taldekideak: Jaione Isazelaia, Aintzane Agirrebeña, Idoia Etxeberria, Ekaitz Aranberri, Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Anaje Narbaiza, Arantzazu Oregi eta Estepan Plazaola. Argazkilaria: Saioa Rodriguez / Bergarako Udala
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.