Goierrikoa (Hizkera)

Deskribapena

Urolaldeko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Goierrikoak, baina Urolaldekoan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Nortasun beteko hizkera da Goierrikoa, batasun handikoa, nahiz eta gorabeherak badiren mendebaletik ekialdera, hau da, Segura, Zegama eta Legazpitik Zaldibia edo Legorretara. Ataungoa ere berezia da, ziurrenik, bakarti samar eta Nafarroako mugan dagoelako. Abaltzisketak eta Ikaztegietak Tolosaldearekin lotura egiten dute, eta Urretxuk eta Zumarragak, berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa.

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
  2. Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da. 
  3. Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • -a bokalez amaitzen diren hitzak artikuluarekin batzean, -a + a → -ea (> -ia, -ie) egitea: patata + a → patatea / patatia / patatie

Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)

  • Bokal luzeak gorde dira.
  • Mugatzailearen asimilazioa: etxen, burun...

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

 Izenaren morfologia

  1. Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
  2. Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...

Aditzaren morfologia

  1. *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
  2. Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
  3. Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak. 
  4. Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
  5. Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
  6. -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • -rik atzizkia etxerik etxe tankerako esapideetan.
  • *egin erroa erabiltzen da ahaleran: daiket 'dezaket'
  • Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da eta, gainera, mendebaleko euskalkian baino indar handiagoa dauka. Euskalki horretan ez bezala, mailegu zaharretan eta euskal aditzetan ere erabiltzen da: aukerau, barkau, ingurau...
  • Irten aditza iragankorra zein iragangaitza izan daiteke: erten degu. Urolaldean jardun erabiltzen da eta hori ere iragankorra da: jardun degu.

Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)

  • Urolaldean ez bezala, gaztelaniako -idu partizipioak ez dira -iu egiten.
  • Nondik kasuko -ti eta -tik, eta zergatik kasuko -gati eta -gatik atzizkiez gain, -tio eta -gatio formak erabiltzen dira.
  • Nor-nori eta nor-nori-nork saileko adizkiek batzutan ez dute komunztadurarik egiten objektu pluralarekin: hasi zaio umei hortzak atatzen.
  • Edun aditzaren nor-nork saileko adizkietan do 'du', zon 'zuen' eta non 'nuen' agertzen dira.
  • Egon aditzaren adizki trinkoetan zare 'zaude', gare 'gaude', zarete 'zaudete', zenden/zeren 'zeuden' tankerako adizkiak erabiltzen dira.

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • Perpaus osagarrietako -(e)na atzizkia: nik antzeman nion hilko zana. Ezaugarri hau ahulduz doala dirudi eta gazteen artean gero eta gutxiago erabiltzen da.
  • Galdera perpausetako ala juntagailua: gaztiñea ugarie izango zan, ala?
  • Partizipioa + ta nagusitzen da. Baina Goierrin -rik eta -a ere erabiltzen dira.
  • Esaldi kontzesiboetan -arren ere bada aukeran Gipuzkoako ipar-mendebalean (gaur egun atzeraka doa): asko saxau arren, atzena allau zan.

Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)

  • Goierriko mendebalean, -endako atizkia erabiltzen da destinatiboan: gorputzendako, zeiñendako...

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...

Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

Lexikoa: abade 'apaiza', albo 'aldamen', astun 'pisu', baba / indaba (vs babarruna), baserritar 'nekazaria', domeka 'igandea', igarri 'nabaritu', irten/erten 'atera', izara 'maindire', lain 'beste, adina', lapiko 'eltze' (eta itsulapiko 'eltzeitsu'), papar 'bularralde', praka 'galtza', sarri 'maiz' adierarekin, txermen 'udare, madari', ume 'haur', zapatu 'larunbata', zatar 'itsusi', zil 'zilbor', zuztar 'erroa'...

Mendebaleko aldaerak ere badira hizkera batzuetan: alkondara 'alkandora', ete 'ote', gaztai 'gazta', keiza/keixa 'gerezi', okotz 'kokots', narru 'larru', txixa 'pixa'...

Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)

Lexikoa: indaba 'babarrun', orri 'hosto', pits 'apar' sobrare 'antza denez', zesuma...

Aldaerak: beiz 'berriz', ebai 'ebaki', ebi 'euri', elbi 'euli', erabai 'erabaki', kipula 'tipula', urduun 'orduan'...

Euskalkien liburutegia

Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea

Ataungo aho hizkuntzaren barne muinak

Ione Arin Baztarrika, Josune Arruabarrena

Ataungo euskara

Ataungo euskara

Joxe Migel Azurmendi Albizu

Atzoko Zegama (berrarg.)

atzoko_zegama.jpg

Xabier Azurmendi Agirre

Gehiago »»

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia