Debaerdikoa (Hizkera)
Aurkibidea
Deskribapena
Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debaerdiko hizkera: Bizkaiko Ermua eta Mallabia eta Gipuzkoako Antzuola, Bergara, Eibar, Elgeta eta Soraluze. Hauen artean aipatzekoa da Antzuolan eta Bergaran gainontzekoetan baino handiagoa izan dela euskara giputzaren eragina. Mallabiko hizkerari dagokionez, hauxe izan daiteke besteengandik gehien urruntzen dena. Mallabiak auzo asko ditu eta sakabanatuta, gainera. Hori dela eta, auzo bakoitzak hurbilago duen herriaren eragin nabarmena du (Berriz, Bolibar, Markina...). Debaerdiko hizkeren artean Mallabikoa da besteengandik gehien urruntzen dena, Durangaldeko hizkerekin zubi lana egiten du eta.
Mapa
Fonetika
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
- -a batez amaitzen diren hitzei mugatzailea gehitzen zaienean a + a > -ea (> -ia, -ie, -i, e) bilakaera gertatzen da.
- txistukari sail biak zeharo berdinduta daude; ondorioz txistukari bi besterik ez dira ahoskatzen: <s> eta <tz>.
- r, l eta n ondoren <s> ahoskatzen da hitzak batzerakoan: juan san, il san...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
- u eta i ondorengo a > e bilakaera ahula da Sortaldean: lagun bat, sartu da...
- Sartaldeko hizkera gehienetan ez bezala, partizipioetako -i ez da galtzen: ikusi dot.
- o + a, e, o > u eta e + a, e, o > i bilakaerak eta / i + a, e, o/ artean epentesia sartzea: astua, loria, mendixa. Sartalde gehienean arrotzak dira.
- Sortaldeko hizkera askotan -i- sartzen da eroan-en eta, batez ere, joan-en adizkietan: noia, doie, daroie...
- geuza eta geur erako formak (-au->-eu-) arrotzak dira Sortaldean; hiztun gutxi batzuek bakarrik erabiltzen dituzte.
- *j-ren ahoskera <j> tankerakoa da eremu honetako hizkera gehienetan (eta ez Mendebaleko ebakera nagusia dirudien <y>).
- Bokal luzeak ageri dira, gazteen jardunean galtzen doazen arren.
Hizkeraren ezaugarriak (Debaerdikoa)
- Bizkaia gehienean betetzen da -iz- > -ix- bustidura (bixer 'bizar', ixerdi 'izerdi', ixer 'izar' eta abar). Ezaugarri hau ez da betetzen inguru honetako hizkeretan. Salbuespena Mallabiko euskara da, erabatekoa izan ez arren, kasu batzuetan betetzen baita: ixerdixe, ixena...
- Debaerdiko hizkeretan ez da betetzen i eta u osteko a>e bilakaera eta, ostera, Hego Euskal Herriko eremu zabalean eta (ia) Bizkaia osoan betetzen da: dirua (ez dirue), ogixa (ez ogie), ikatza (ez iketza)... Salbuespena Mallabiko euskara da, Bizkaia gehienean bezala hemen ere a>e bilakaera egiten baita: edurre, biherra...
- d>r bilakaera indartsua da, Gipuzkoako hizkera gehienetan bezala: eran, basokara...
- <tt> → <tx> bilakaera ia erabatekoa da, batez ere kaletarren jardunean: aitta → aitxa. Hemen ere salbuespena Mallabiko euskara da.
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
Izenaren morfologia
- Soziatiboko atzizki berezia dago mendebal gehienean: -gaz singularrean, eta -kaz pluralean.
- Hurbiltze adlatiboko atzizki berezia dago mendebalean: -rantza sartaldean, eta -rutz sortaldean.
- Hirugarren graduko erakuslea ha da, ez hura.
- Erro bereko erakusleak erabiltzen dira singularrean eta pluralean. Azentuak bereizten ditu hizkera batzuetan. Esaterako: honétan (sg.) / hónetan (pl.).
- Erakusleak eta erakusleetan oinarritutako adberbioak indartu nahi direnean, izenaren ezker eta eskuin ipintzen dira: hori etxiori, hau pastelau.
- Edonor / edozer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean.
- Zer edo zer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean. Aldaera laburtuak erabiltzen dira ahozko jardunean: zeozer, noixonoix, nunonun...
- Neuk tankerako izenordain indartuak bakarrik erabiltzen dira.
- Erdal -(c)ión amaiera -(z)iño bilakatu da: habitaziño, kalefaziño...
- -txo / -txu txikigarria da aukera bakarra; ez dago -xe atzizkirik.
Aditzaren morfologia
- *Edun-en erroa -o- edo -au- da, adizkien arabera. Iraganaldiko batzuetan -eu- ere bai: dot, dau, baleu.
- Nor-Nori-Nork saileko erroa *eutsi da: detsat, gentsan.
- Aditz iragankorren ahaleran, aginteran eta subjuntiboan *egin erroa erabiltzen da: deigun.
- Nor-Nori saileko adizkietan j- tankerako ebakerak daude. Horrekin batera, ez + j- batzerakoan<tx>ahoskatzen da: etxako.
- Nor-Nori saileko iraganaldia oraina + n bidez osatzen da: jatan, jakon.
- Iraganaldiko hirugarren pertsonetan Ø ezaugarria dago mendebaleko hizkera gehienetan: ekarren, ekixen...
- Aditzetako pluralgile (ia) bakarra -z da: jakoz, geinkez.
- *Edun-en hitanoko adizkietan j- tankerako ebakerak daude: juat, jok, jittuat.
- Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da, eta -ido > -idu: apartau, entretenidu.
- Aditz izenak osatzeko aukera zabala dago: -ten (ekarten), -etan (kantetan), -tuten (defendiruten), -ketan (bigunketan), -tzean (sartzean).
- Iragankorrak dira igo(n) eta urten aditzak.
- Ez da erabiltzen ari izan orokorra; ibili, egon eta jardun dira ordezkoak.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
- Soziatiboan, -kin eta -(g)az lehian dira Sortaldean. Sartaldean, berriz, -gaz besterik ez da erabiltzen.
- Hurbiltze adlatiboan -rutz atzizkia erabiltzen da.
- Sartaldeko ablatiboko -(eta)ti aldaera ez da erabiltzen.
- Atzizki txikigarria -txo da Sortaldean, eta ez Sartaldeko -txu: apurtxo (bat), berotxo...
Hizkeraren ezaugarriak (Debaerdikoa)
- Destinatiboko morfema -endako da, gaur egun -entzat ere erabiltzen den arren.
- Estandarreko “ari izan”-en ordez jardun erabiltzen da.
- Aditz-izenak sortzeko -tzen/-ten bikotea besterik ez dago. Mendebalean erabiltzen diren gainontzeko atzizkiak (-tuten, -etan, -ketan...) ez dira erabiltzen. Mallabiko Gerea auzoa da salbuespena, partizipioa -au denean, -etan darabilte (Markina aldeko aldaeraren ezaugarri) eta: kantetan, pagetan...
- Gutxi bada ere, baldintza esaldietako baldin eta konparatiboetako bezin entzuten dira (ez dira mendebaleko hizkeretan erabiltzen).
- Zein galdetzaileak ia erabat baztertu du nor.
- Iraganaldiko 3. pertsonako adizkietan, gehienetan mendebaleko formak erabili arren (Ø marka), z- duten formak ere sarri entzuten dira (gazteen artean nagusi dira forma horiek zenbait herritan): zeban, zetsuan, zekizuen, zetorren...
- *edun-en adizkietan -it- pluralgilea da Debaerdikoan (eta Deba ibar gehienean) ohikoena: dittut, jittuat... (eta ez Mendebaleko -z: dodaz/dotez, joadaz...) Hala ere, iraganaldi pluraleko adizki gehienetan -z aukeratzen da Debabarrenean eta Debaerdikoan: genduzen/giñuzen, zenduezen/ziñuzten...
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
- Motibatibo eta helburu esaldietan -t(z)earren dago aukeran.
- Esaldi kontzesiboetan arren gorde da.
- Esaldi osagarrietan -(e)na atzizkia erabiltzen da aditz eta predikatu jakin batzuekin.
- Denbora esaldietan, partizipioa + keran egitura dago Bizkaia gehienean aukeran.
- Aditz izenak, mugimentuzko aditzen osagarri direnean, eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, inesiboan (-t(z)en) erabiltzen dira mendebal gehienean (eta ez adlatiboa, -t(z)era).
- Ala eta edo hautakariak bereizten dira.
- Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da.
- Orobatasuneko zein eta nahiz partikulak erabiltzen dira.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
Hizkeraren ezaugarriak (Debaerdikoa)
- Denbora esaldietan 'partizipioa + -(k)eran' dago mendebalean (urteneran, ixotukeran...), baina Deba ibar osoan moduan, Debaerdiko hizkeretan ez. Salbuespena Mallabiko euskara da: etxetik urteneran igerri neutsen.
- Aditz-izenak, norabidea adierazten dutenean, NON kasuan agertzen dira mendebaleko hizkeretan (amama ikusten joan naz). Debaerdiko hizkeretan ez da erabiltzen horrelako egiturarik.
- Esaldi konparatiboetako lako eta modu esaldietako legez oso gutxi erabiltzen dira Debaerdiko hizkeretan. Horien ordez moduko / moduan erabiltzen dira. Salbuespena Mallabiko euskara da: zu lako bat hartuko luke.
- -t(z)eke / -t(z)eka modu atzizkia erabiltzen da Debaerdiko hizkera gehienetan. Debabarrenean eta Debagoienean, ostera, ez (horrenbeste).
- barren aurkaritzako lokailua sarri erabiltzen da Debaerdiko zenbait hizkeratan: erlojuan billa zabiz? eskuturrian dakazu, barren!
- Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da mendebaleko euskaran, baina Debaerdiko zenbait hizkeratan (Bergaran, Antzuolan...) ezkerrean ere agertzen da askotan.
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
Aldaerei dagokienez, beste askoren artean, honako hauek aipa daitezke: aizta, ardau, arkondara / alkondara, aurki, azur, baltz, barik, barre, burdi, burdiña, emon, eskutur, ete, etzun, gaztai, gitxi, guzur, inuntz / iruntz tankerakoak, iruntsi, guntzurrun tankerakoak, ke(re)ixa, kirten, kipula, lebatz, mailluki, mamiñ, matrailla, mustur, narru, nasai, parkatu, pekatu, solo, suiñ, sur, txixa...
Lexikoari dagokionez, hainbat adibide sar daitezke multzo honetan. Hona hemen batzuk: martitzen, zemendi, marti, abade, abarketa, adur, aitita eta amama, amaitu, amatau, aratoste, batu, begitandu, berakatz, berba, eroan, ganora,gatzato, gura, ira, izara, izeko, jaramon, kerizpe, korta, odoloste, okaran, olgau, orri, ortu, osatu, ostantzean / ostian, oste, ostu, otzara, pernil, tzarto, udagoen, ugar, ugazaba, zil, zoro...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
Sortaldeko aldaerak: be ('ere'), eskuma ('eskuin'), txindurri ('inurri'), kipula ('tipula'), ule ('ile')... Arrotzak dira Sartaldeko aldaera hauek, besteak beste: akar ('aker'), hamaka ('hamaika'), amoztu ('moztu'), anaje ('anaia'), baie ('baina'), bere ('ere'), burrine ('burdina'), eskoi ('eskuin'), etze ('etxe'), gane ('gain'), garri ('gerri'), geitu ('deitu'), iñurri ('inurri'), jantza ('dantza'), txiker ('txiki'), uger ('igari'), uzen ('izen')...
Sortaldeko lexikoa: txingor ('kazkabar'), aitta ponteko, aitta besuetako tankerakoak, aittu ('ulertu'), arineketan ('lasterka'),edozenbat ('asko'), oineztu ('tximista'), kirikixo ('kirikino'), koiu ('hartu'), eskatz ('sukalde'), zatar('itsusi'), opetzi ('eskaini'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('ezkaratz, sukalde')... Arrotzak dira Sartaldeko berba hauek: abazuza / inetazi / kazkaragar ('txingor'), aitixe ('aitaginarreba'), artez ('zuzen'), asago ('urrun'), beilegi ('horia'), erdu ('zatoz'), jagon ('zaindu'), justuri / inizitu ('tximista'), kirikolatza ('kirikino'), lei ('izotza'), lotu ('geratu'), motz ('itsusi'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('sukalde'), zenbagure ('asko')...
Hizkeraren ezaugarriak (Debaerdikoa)
Aldaeren artean aipa daitezkeen batzuk: ipoiñ (Soraluzen eta Eibarren), gitxi, barixaku (Malllabian barixeku; bariku eta eguakitz ere erabiltzen dira Debaerdiko zenbait herritan), sabai, orixo...
Lexikoan: aittu ('ulertu'), amaittu, antxitxiketan ('korrika, lasterka'), barriro, beinke, jirau, gertau ('prestatu'), ira/ida ('garo'), ortozik, satandera ('ogigaztai, erbinude'), sosi(g)uz (soseguz, 'astiro'), takian-potian ('maiz, noiznahi'), ugezaba, ugez-en elkartuak (ugezaitta, ugezama... tankerakoak), ugar/uger, ugaratxo/ugarixo (' igel'),
Euskalkien liburutegia
Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea
1685eko Kopla Zaharrak
Juan Mari Lekuona Berasategi, J.I. López de Luzuriaga, Antxon Narbaiza Azkue
Antzuolako aditz-taulak
Badihardugu Euskara Elkartea
Antzuolako hizkera
Jone Larrañaga
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.