Euskararen historia soziala jasotzen ari gara Bergaran: momentuz 14 lagun elkarrizketatu ditugu

2021ko mar. 23a, 09:12

12 elkarrizketa egin ditugu Bergaran, gerraostetik 80ko hamarkadara bitarte euskalgintzan izandako mugimenduari buruz: dantza, antzerkia, hezkuntza, alfabetatzea... "Euskararen historia soziala Bergaran" egitasmorako. 

Hasi gara euskararen historia soziala jasotzen, Bergaran. Laboratorium zentroan 12 elkarrizketa egin genituen martxoaren hasieran, eta guztira 14 lagun elkarrizketatu genituen. Datorren astean elkarrizketekin jarraituko dugu. Gerraosteko euskalgintzaren memoria jaso eta zabaltzea da asmoa: herriko euskararen historia soziala ezagutaraztea. Izan ere, gerraostean herritar asko ibili zen euskarari eusten eta eragiten Bergaran, hainbat alorretan: hezkuntzan, antzerkian, bertsolaritzan, hizkuntzalaritzan, kantagintzan... Bergarako Udalak ipini du abian proiektua, eta Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria ari da elkarrizketak egiten. Halaxe sortu da "Euskararen historia soziala Bergaran" egitasmoa. 

Udaleko Euskara Zerbitzuaren inguruan lan-talde bat sortu da, eta aurrelan handia egin du elkarrizketatzeko pertsona egokiak bilatzen eta aukeratzen. Elkarrizketak egin aurretik haiekin bildu, dokumentatu... Hauek dira orain arte elkarrizketatu ditugunak: Jose Luis Gorrotxategi, Koldo Alberdi 'Egileor II'Maite Barrena, Jabier Mendizabal “Surra”Rosa Narbaiza, Gotzon BikuñaEneko OregiJuan Martin ElexpuruJerardo ElortzaArantzazu NarbaizaBlanca NarbaizaMikel LazpiurArantxa Ibarzabal eta Arantzazu Oregi. Mila esker guztiei, testigantza emateagatik, eta baita Laboratorium zentroko langileei ere, emandako laguntzarengatik. 

Iazko otsailean egin genuen prentsaurrekoa, Bergarako udaletxean, egitasmoaren berri emateko. Urte amaierarako elkarrizketak eginda egon behar zuten, baina COVID-19a iritsi zen, eta proiektua atzeratu egin da. Elkarrizketak egin ostean, hurrengo pausoa grabazioak lantzea izango da, eta bideo-pasarteak sareratzea. Aurrera begira, jasotako testigantza guztiekin lanketaren bat egiteko asmoa ere badauka Udalak. Oraindik zehaztu gabe dago ikus-entzunezkoa, liburua edo zer izango den.

Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik gabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Euskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu ditugu urteen joan-etorrian: guztira 175 hiztunen testigantzak. 1.800 bideo-pasarte eta 500 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.

Argazkian, martxoaren hasieran elkarrizketatutako lagunak. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia