Hego-sartaldekoa (Azpieuskalkia)
Aurkibidea
Deskribapena
Hizkerak
Mapa
Fonetika
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)
- Azentua azkenaurreko silaban egoten da euskara nafar gehienean.
- Azentua daraman silaba indartsua denez, erraz galtzen dira bokal atonoak. Hau dela eta, aferesiak eta sinkopak ohikoak dira euskara nafarrean. Aferesiak: ebaki > báki, ekarri > kárri... Sinkopak: abilena > abílna, dituzte > zte, gaztanbera > gaztánbra...
- Euskara nafar gehienean, u → i bilakatzeko joera dago ingurune bi hauetan: a) -tuko → tiko: ailegatuko → allaatiko, hartuko → hartiko; b) -tu behar → -tiar zikindu behar ditut → zikindiar ditut. Dena dela, bigarren honen eremua murritzagoa da.
- Hego Euskal Herriko beste hizkera batzuetan bezala, i eta u bokalen ondoren, a → e bilakaera oso indartsua da euskara nafarrean: begie, muturre...
- Goranzko diptongoak egiten dira sarri, Ipar Euskal Herrian bezala: itsás[w]a, gós[j]ak...
- -eu- → -au- egiteko joera dago d- batez hasten diren *edun-en adizkiak beste hiru osagairekin batzen direnean: a) aditzaren aspektu burutu gabearekin (egiten dut → ittaut), b) geroaldiko -en atzizkiarekin (eginen dute → iñaute), eta c) ote partikularekin (ote duzu → otauzu). Hitzetan ere gauzatu izan da bilakaera hau Nafarroako hizkera batzuetan: euli → auli, neurri → naurri...
- Hitz hasierako *j-ren ebakera <y> da euskara nafar gehienean, Euskal Herriko beste hizkera batzuetan bezala. Salbuespenak: Aezkoa eta Sakana.
- Erdal -on → -on eta -ion → -ion bilakatu dira Nafarroa gehienean: frontona, kamiona...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)
- Euskal Herriko beste alderdi askotan bezala, partizipioetan -i galtzeko joera dago: ibili da → ibil da.
- /e + a, e, o/ → i eta /o + a, e, o/ → u bilakaerak oso indartsuak dira: biandu 'berandu', gainia 'gainera', basua 'basora'...
- Sakana osoan gertatzen dira -ai- → -ei- eta -ei- → -ai- bilakaerak.
- Sakana osoan dago -eu- → -au- egiteko joera: neurri → naurri / laurri.
- Hitzak biltzerakoan, l, n eta r ondoren ez da z → tz aldatu: han zon 'han zegoen', eman zeaun 'eman zigun'...
- Ez partikula eta hasieran z- duten adizkiak biltzean, ez da z → tz egiten: eza 'ez zara'.
- Mendebalean erabat nagusitu den "egin" erroa Sakanan ere bada, baina NOR-NORI-NORK saileko aginteran baizik ez da erabiltzen: eskatuiozu 'eskatu egiozu [eska iezaiozu]'.
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)
Izenaren morfologia
- Instrumentaleko atzizkia -s da euskara nafar gehienean. Dena dela, -s /-z lehia dago hizkera askotan eta lehia bera dago -geros / -geroz, -kos / -koz, -t(z)ekos / -t(z)ekoz eta -(e)lakos / -(e)lakoz atzizkietan ere.
- Genitibo singularreko atzizkian, -aren → -ain bilakatzeko joera dago euskara nafar gehienean, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkera askotan bezala: nere senarrain amain ikustera.
- Soziatiboan -kin orokorrarekin lehian, -ki aldaera ere bada.
- Destinatiboan -endako atzizkia dago euskara nafar gehienean: bakearentzat → bakiandako.
- Prolatiboan -tako atzizkia erabili izan da Nafarroa gehienean: be buube ezakan txarretako.
Aditzaren morfologia
- Adizkien bigarren pertsona singularrean, y- dago: haiz → yaiz.
- Euskara nafarraren bereizgarria da Nor-Nori-Nork saileko -it- pluralgilea: dizkio → ttio. Pluralgile honek indar txikia du Baztanen, eta arrotza da Aezkoan eta Erroibarko Aurizberri herrian.
- Nor-Nori saileko iraganaldian, -ki- da erroa: zitzaidan → zakiden. Sakanan, iraganaldian ez ezik, orainaldian ere -ki- da erroa: zait → dakit.
- Euskara nafar gehienean, Nor-Nork saileko adizkien ordez, Nor-Nori-Nork sailekoak erabiltzen dira: Alsasue yaman dubet iri ('Altsasura eraman diat hiri').
- 'Partizipioa + rik' da aukerarik ohikoena, 'partizipioa + ta / a' ere ezagunak diren arren.
- Ipar Euskal Herrian bezala, partizipio burutu gabeko ahalerako egitura perifrastikoakerabiltzen dira euskara nafarrean: erraten tzuten itten al tzutela.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)
- Imotzen, Basaburuan eta Larraunen moduan, -ka atzizkia -kan egiteko joera dago Sakana osoan: bulkakan 'bultzaka'.
- Indartsu daude plural hurbileko artikuluak: semiok 'semeok', semioiri 'semeoi'...
- Orain gutxi arte -ti eta -gandi atzizki zaharrak erabili dira "Nondik" kasuan, eta -gaiti motibatiboan: gelati ata in gindan 'gelatik atera egin ginen'. Dena dela, -tik eta -geitik / -gaitik berriagoak nagusitu dira gazteen hizkeran.
- Sakana guztian erabiltzen dira -gi duten partizipioak: ebagi (> ebai) 'ebaki', jagi 'jaiki', irazegi (> yazi) 'irazeki, piztu'...
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)
- Ez dugu maila honetako ezaugarririk.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)
- Sakanako bereizgarria da kausazko perpausetako 'nolabait + aditza + -en' egitura: nolabait andragaia Iruñakua dukan, bertan yosi dai etxia ' andregaia Iruñekoa daukanez, bertan erosi dute etxea'.
- Sakanako bereizgarria da baldintza perpausetako -teaz (> -tiaz) atzizkia: ez fatiaz, hots inko du 'ez joateaz, deituko dugu'.
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)
Aldaerak: ailtzur / altzur 'aitzur', atzendu 'ahaztu', aunitz / aunditz 'anitz', bulkatu 'bultzatu', erte 'arte', ertsi 'itxi', etzin 'etzan', legen / negel ' igel', nabala 'labana', opatu 'topatu'... Hizkera batzuetan, biño / miño 'baina / baino', eke 'ke', esene 'esne' ere badira. Bestetik, /wa/ diptongo aurrean, g- garatu da: gua(ye) 'hoa', guai 'orain', guartu 'ohartu'... Eta -r(t)z- kontsonante multzoa gorde da, Lapurdin eta Nafarroa Bejereko hizkera batzuetan bezala: bertze, bortz, ortzegun...Sakana da salbuespena: -st- dago bertan.
Lexikoa: atari 'atea', atija tankerakoak 'usina', azienda 'etxeko abereak', banabar / alubia 'indaba', beratz 'biguina', bikor / pikor 'alea', bota 'erori', esker mila (vs. mila esker), esperatu 'itxaron', izotzil 'urtarril', jainkoaren gerriko / jainkoaren paxa 'ortzadarra', mintzatu / solastu / jolastu / jarduki 'hitz egin', lastail eta urri 'urria / iraila', listu 'tua', (g)ohatze 'ohea', paratu (eta jarri) 'jarri', sor 'gorra', ugalde 'ibaia', xilko 'zilborra'...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)
Lexikoa: inbuluzkan 'itzulipurdika', irazegi (> yazi / izei / ixein / ixin) 'piztu', momoxarro / mamuxarro 'inauteriak / inauterietan mozorroz jantzita makila batekin jotzen ibiltzen dena'. Beste hauek Sakanatik kanpo ere badira: arkakuso, kunkun 'apoa' (Basaburuan ere bada), sobrare (> sobre) 'nonbait' (Goierrin ere bada), tu (ez txistu, listu), zakar 'itsusi' esanahiarekin (Nafarroa mendebaleko beste hizkera batzuetan ere bada).
Aldaerak: biliskorri 'biluzgorri', irruti 'urruti', jaski 'saski', jaunka 'zaunka', lazka 'nazka', zui 'zubi'. Beste hauek Sakanatik kanpo ere badira: arrontza / arruntza 'arrautza', be 'gabe' (eta beiko / baiko 'gabeko), erde 'lerde', esene 'esne' (eta esenatu 'esnatu'), fan 'joan', fare / fara 'joare', txindila 'dilista'. Sakana gehienean -r- (> -d-) duten irar 'ilar', irargi 'ilargi' eta zidar 'zilar' gorde dira.
Euskalkien liburutegia
Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea
Burundako hiztegia
Koldo Zuazo Zelaieta
Etxarri aranatzko euskara eta Arañaz elkarteko hiztegia
Jose Luis Erdozia Mauleon, Rafael Karasatorre, Eugenio Ulaiar
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.