Burundakoa (Hizkera)

Deskribapena

Hizkera berezia da Burundakoa, Nafarroan egon arren, bere kokalekuagatik, asko hartu baitu Burundako hizkerak Arabatik eta Gipuzkoatik. Gainera, Nafarroan edo Sakanan bertan sortu diren gertakari zenbait ez dira zabaldu Burundara. Eta, alderantziz, mendebalean, Gipuzkoan edo Burundan bertan sortutako berrikuntzek ez dute Etxarri Aranatz zeharkatu. Gertakari horrek burundarren arteko batasuna eta gainerako sakandarrekiko haustura erakusten du Koldo Zuazoren arabera. Inguruko euskalkiekin egiten duen loturagatik Burundakoa "tarteko hizkera" dela esan daiteke.

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

  • Azentua azkenaurreko silaban egoten da euskara nafar gehienean.
  • Azentua daraman silaba indartsua denez, erraz galtzen dira bokal atonoak. Hau dela eta, aferesiak eta sinkopak ohikoak dira euskara nafarrean. Aferesiak: ebaki > báki, ekarri > kárri... Sinkopak: abilena > abílna, dituzte > zte, gaztanbera > gaztánbra...
  • Euskara nafar gehienean, u → i bilakatzeko joera dago ingurune bi hauetan: a) -tuko → tiko: ailegatuko → allaatiko, hartuko → hartiko; b) -tu behar → -tiar zikindu behar ditut → zikindiar ditut. Dena dela, bigarren honen eremua murritzagoa da.
  • Hego Euskal Herriko beste hizkera batzuetan bezala, i eta u bokalen ondoren, a → e bilakaera oso indartsua da euskara nafarrean: begie, muturre...
  • Goranzko diptongoak egiten dira sarri, Ipar Euskal Herrian bezala: itsás[w]a, gós[j]ak...
  • -eu- → -au- egiteko joera dago d- batez hasten diren *edun-en adizkiak beste hiru osagairekin batzen direnean: a) aditzaren aspektu burutu gabearekin (egiten dut → ittaut), b) geroaldiko -en atzizkiarekin (eginen dute → iñaute), eta c) ote partikularekin (ote duzu → otauzu). Hitzetan ere gauzatu izan da bilakaera hau Nafarroako hizkera batzuetan: euli → auli, neurri → naurri...
  • Hitz hasierako *j-ren ebakera <y> da euskara nafar gehienean, Euskal Herriko beste hizkera batzuetan bezala. Salbuespenak: Aezkoa eta Sakana.
  • Erdal -on → -on eta -ion → -ion bilakatu dira Nafarroa gehienean: frontona, kamiona...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)

  • Euskal Herriko beste alderdi askotan bezala, partizipioetan -i galtzeko joera dago: ibili da →  ibil da.
  • /e + a, e, o/ → i eta /o + a, e, o/ → u bilakaerak oso indartsuak dira: biandu 'berandu', gainia 'gainera', basua 'basora'...
  • Sakana osoan gertatzen dira -ai- → -ei- eta -ei- → -ai- bilakaerak.   
  • Sakana osoan dago -eu- → -au- egiteko joera: neurri →  naurri / laurri.
  • Hitzak biltzerakoan, l, n eta r ondoren ez da z → tz aldatu: han zon 'han zegoen', eman zeaun 'eman zigun'...
  • Ez partikula eta hasieran z- duten adizkiak biltzean, ez da z → tz egiten: eza 'ez zara'.
  • Mendebalean erabat nagusitu den "egin" erroa Sakanan ere bada, baina NOR-NORI-NORK saileko aginteran baizik ez da erabiltzen: eskatuiozu 'eskatu egiozu [eska iezaiozu]'.

Hizkeraren ezaugarriak (Burundakoa)

  • Hitz bukaerako -a + au, ori, hura / a → i egiten dira Burundan, mendebalean moduan (lehenbizi a →  e; eta gero e →  i): taberna + au → taberniau. 
  • Mendebalean moduan, hitz amaieran berez -e zuten zenbait hitz -a edukitzera aldatu dira: andre → andra; basurde → basurda... Nahasketa gertatzen da -kume eta -une duten hitz elkartuetan ere: -kuma eta -una bihurtzen dira: antxuma, arkuma, begirakuna, bihurguna...
  • Oraintsu arte ez da egon asimilazio bustidurarik Burundan eta, gainera, erdaratik hartu eta erdaraz -ll- edo -ñ- daukaten zenbait hitzetan ere ll → il eta ñ → in egin da: castaña 'gaztaina' → gaztina, cepillo 'elizako diru ontzia' → zepilu.
  • -n- → -nd- egin da hitz jakin batzuetan. Halaxe gertatzen da "izan"-en adizkietan (gindan 'ginen', zindain 'zineten'), baindo 'baino' aldaeran, eta deklinabideko -raindo '-raino' atzizkian (etxiaindo 'etxeraino').
  • Burundan Sakanako gainerako herrietan baino indartsuagoa da -ei- → -ai- bilakaera: gahio 'gehiago'.

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

Izenaren morfologia

  • Instrumentaleko atzizkia -s da euskara nafar gehienean. Dena dela, -s /-z lehia dago hizkera askotan eta lehia bera dago -geros / -geroz, -kos / -koz, -t(z)ekos / -t(z)ekoz eta -(e)lakos / -(e)lakoz atzizkietan ere.
  • Genitibo singularreko atzizkian, -aren → -ain bilakatzeko joera dago euskara nafar gehienean, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkera askotan bezala: nere senarrain amain ikustera.
  • Soziatiboan -kin orokorrarekin lehian, -ki aldaera ere bada.
  • Destinatiboan -endako atzizkia dago euskara nafar gehienean: bakearentzat → bakiandako.
  • Prolatiboan -tako atzizkia erabili izan da Nafarroa gehienean: be buube ezakan txarretako.

Aditzaren morfologia

  • Adizkien bigarren pertsona singularrean, y- dago: haiz → yaiz. 
  • Euskara nafarraren bereizgarria da Nor-Nori-Nork saileko -it- pluralgilea: dizkio → ttio. Pluralgile honek indar txikia du Baztanen, eta arrotza da Aezkoan eta Erroibarko Aurizberri herrian.
  • Nor-Nori saileko iraganaldian, -ki- da erroa: zitzaidan → zakiden. Sakanan, iraganaldian ez ezik, orainaldian ere -ki- da erroa: zait → dakit. 
  • Euskara nafar gehienean, Nor-Nork saileko adizkien ordez, Nor-Nori-Nork sailekoak erabiltzen dira: Alsasue yaman dubet iri ('Altsasura eraman diat hiri').
  • 'Partizipioa + rik' da aukerarik ohikoena, 'partizipioa + ta / a' ere ezagunak diren arren.
  • Ipar Euskal Herrian bezala, partizipio burutu gabeko ahalerako egitura perifrastikoakerabiltzen dira euskara nafarrean: erraten tzuten itten al tzutela.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)

  • Imotzen, Basaburuan eta Larraunen moduan, -ka atzizkia -kan egiteko joera dago Sakana osoan: bulkakan 'bultzaka'.
  • Indartsu daude plural hurbileko artikuluak: semiok 'semeok', semioiri 'semeoi'...
  • Orain gutxi arte -ti eta -gandi atzizki zaharrak erabili dira "Nondik" kasuan, eta -gaiti motibatiboan: gelati ata in gindan 'gelatik atera egin ginen'. Dena dela, -tik eta -geitik / -gaitik berriagoak nagusitu dira gazteen hizkeran.
  • Sakana guztian erabiltzen dira -gi duten partizipioak: ebagi (> ebai) 'ebaki', jagi 'jaiki', irazegi (> yazi) 'irazeki, piztu'...

Hizkeraren ezaugarriak (Burundakoa)

  • NORI kasu pluralean -eiri / -airi aldaerak sortu dira, eta -oiri plural hurbilean: umieiri / umiairi 'umeei' eta umioiri 'umeoi'. NOREN kasu pluralean, era berean, -ein / -ain aldaerak erabiltzen dira, eta -oin plural hurbilean: umiein / umiain 'umeen' eta umioin 'umeon'.
  • -rik morfema erabiltzen da herririk herri gisako esapideetan.
  • Nabarmentzekoa da *edun-en adizkien erroan gertatu diren emaitzak: -o-, -au- / -eu- eta -e- ageri dira, denak aldi berean: dot 'dut', dok/don 'duk/dun', dau 'du', dezu 'duzu', dezai 'duzue' neuen (> nen) 'nuen', heuen (> yen) 'huen', banau 'banu', balau 'balu'...
  • Bilakaera berezia egin da "eduki"-ren erroan: -u- gertatu da Burunda gehienean (duka 'dauka') eta -e- (deka) Iturmendin eta Bakaikun.
  • Aditzen pluralak osatzeko -tzi- morfemari eman zaio lehentasuna Burundako alderdi batean: deatzizu 'dizkiozu', dukatzi 'dauzka', dekatzi 'dakartza', deatzi 'daramatza'. Iturmendin eta Bakaikun -tza- aukeratu da, eta -zki- Altsasun.
  • NOR-NORI-NORK saileko adizkien erroan ez da erdiguneko -i- bilakaera heldu eta adizki bereziak erabiltzen dira Burundan: duazai 'didazue".
  • Hitanoko adizki askotan j- da NOR-i dagokion ezaugarria: jituk / jitun 'ditik / ditin'. Gainera ez partikularekin biltzean etx- gertatzen da, mendebalean bezala: ez jok → etxok 'ez zagok', ez jakik → etxakik 'ez zakik'.

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)

  • Sakanako bereizgarria da kausazko perpausetako 'nolabait + aditza + -en' egitura: nolabait andragaia Iruñakua dukan, bertan yosi dai etxia ' andregaia Iruñekoa daukanez, bertan erosi dute etxea'. 
  • Sakanako bereizgarria da baldintza perpausetako -teaz (> -tiaz) atzizkia: ez fatiaz, hots inko du 'ez joateaz, deituko dugu'.

Hizkeraren ezaugarriak (Burundakoa)

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Nafarra)

Aldaerak: ailtzur / altzur 'aitzur', atzendu 'ahaztu', aunitz / aunditz 'anitz', bulkatu 'bultzatu', erte 'arte', ertsi 'itxi', etzin 'etzan', legen / negel ' igel', nabala 'labana', opatu 'topatu'... Hizkera batzuetan, biño / miño 'baina / baino', eke 'ke', esene 'esne' ere badira. Bestetik, /wa/ diptongo aurrean, g- garatu da: gua(ye) 'hoa', guai 'orain', guartu 'ohartu'... Eta -r(t)z- kontsonante multzoa gorde da, Lapurdin eta Nafarroa Bejereko hizkera batzuetan bezala: bertze, bortz, ortzegun...Sakana da salbuespena: -st- dago bertan.

Lexikoa: atari 'atea', atija tankerakoak 'usina', azienda 'etxeko abereak', banabar / alubia 'indaba', beratz 'biguina', bikor / pikor 'alea', bota 'erori', esker mila (vs. mila esker), esperatu 'itxaron', izotzil 'urtarril', jainkoaren gerriko / jainkoaren paxa 'ortzadarra', mintzatu / solastu / jolastu / jarduki 'hitz egin', lastail eta urri 'urria / iraila', listu 'tua', (g)ohatze 'ohea', paratu (eta jarri) 'jarri', sor 'gorra', ugalde 'ibaia', xilko 'zilborra'...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Hego-sartaldekoa)

Lexikoa: inbuluzkan 'itzulipurdika', irazegi (> yazi / izei / ixein / ixin) 'piztu', momoxarro / mamuxarro 'inauteriak / inauterietan mozorroz jantzita makila batekin jotzen ibiltzen dena'. Beste hauek Sakanatik kanpo ere badira: arkakuso, kunkun 'apoa' (Basaburuan ere bada), sobrare (> sobre) 'nonbait' (Goierrin ere bada), tu (ez txistu, listu), zakar 'itsusi' esanahiarekin (Nafarroa mendebaleko beste hizkera batzuetan ere bada).

Aldaerak: biliskorri 'biluzgorri', irruti 'urruti', jaski 'saski', jaunka 'zaunka', lazka 'nazka', zui 'zubi'. Beste hauek Sakanatik kanpo ere badira: arrontza / arruntza 'arrautza', be 'gabe' (eta beiko / baiko 'gabeko), erde 'lerde', esene 'esne' (eta esenatu 'esnatu'), fan 'joan', fare / fara 'joare', txindila 'dilista'. Sakana gehienean -r- (> -d-) duten irar 'ilar', irargi 'ilargi' eta zidar 'zilar' gorde dira.

Hizkeraren ezaugarriak (Burundakoa)

Lexikoa: antuxa 'usina, doministikua', errendaketan 'botaka', gerba 'amildegi txikia', mutiki eta nesaki 'mutikoa / neskatoa', mutxikan 'jolasean', muxinkuen 'borrokan', txitxigarro 'kilkerra', zinzirrin 'belarritakoa'... Beste hauek Burundatik kanpo ere erabiltzen dira: mentzagi (> berantzagi) 'orantza, legamia', jarein (> jaregin) 'askatu / narratsa', orri 'hostoa'.

Aldaerak: ailubi / aulubi 'marrubia', itain 'izain', tapilo 'korapilo'. Zenbait aldaera zahar ere gorde dira Burundan: baia / bea 'baina', bekela 'bezala', ereitzi (> yatzi) 'iritzi, ustea', eutzi (> autzi) 'utzi', hareitz (> haraitz) 'haritz', kipula 'tipula', musti 'busti', sagona 'xaboia'...

Euskalkien liburutegia

Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea

Gehiago »»

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia