Debagoienekoa (Hizkera)
Aurkibidea
Deskribapena
Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debagoieneko hizkera: Gipuzkoako Aretxabaletak, Arrasatek, Eskoriatzak, Leintz Gatzagak eta Oñatik eta Arabako Aramaiok. Leintz haranak esparru berezia osatzen du Deba ibarrean, oso estua delako Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga herrien arteko batasuna. Aramaioko hizkera ere ez da asko urruntzen hauetatik, baina bai Oleta auzokoa, Oletako hizkera sartaldeko eta sortaldeko hizkeren arteko tarteko hizkeratzat hartzen baita. Oñatiko hizkera ere berezia da. Oñati ez zen Gipuzkoan sartu 1845 urtera arte eta bertako hizkerak oraindik ere nortasun berezia du. Oro har, Debagoieneko hizkerak Arabako euskararen eragina duela esan daiteke. Debagoienak Gasteizekin eduki du hartu-emanik estuena eta, dirudienez, hango ezaugarriak eta hango berrikuntzak iritsi dira bertara.
Mapa
Fonetika
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
- -a batez amaitzen diren hitzei mugatzailea gehitzen zaienean a + a > -ea (> -ia, -ie, -i, e) bilakaera gertatzen da.
- txistukari sail biak zeharo berdinduta daude; ondorioz txistukari bi besterik ez dira ahoskatzen: <s> eta <tz>.
- r, l eta n ondoren <s> ahoskatzen da hitzak batzerakoan: juan san, il san...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
- u eta i ondorengo a > e bilakaera ahula da Sortaldean: lagun bat, sartu da...
- Sartaldeko hizkera gehienetan ez bezala, partizipioetako -i ez da galtzen: ikusi dot.
- o + a, e, o > u eta e + a, e, o > i bilakaerak eta / i + a, e, o/ artean epentesia sartzea: astua, loria, mendixa. Sartalde gehienean arrotzak dira.
- Sortaldeko hizkera askotan -i- sartzen da eroan-en eta, batez ere, joan-en adizkietan: noia, doie, daroie...
- geuza eta geur erako formak (-au->-eu-) arrotzak dira Sortaldean; hiztun gutxi batzuek bakarrik erabiltzen dituzte.
- *j-ren ahoskera <j> tankerakoa da eremu honetako hizkera gehienetan (eta ez Mendebaleko ebakera nagusia dirudien <y>).
- Bokal luzeak ageri dira, gazteen jardunean galtzen doazen arren.
Hizkeraren ezaugarriak (Debagoienekoa)
- Bizkaia gehienean betetzen da -iz- > -ix- bustidura (bixer 'bizar', ixerdi 'izerdi', ixer 'izar' eta abar). Ezaugarri hau ez da betetzen inguru honetako hizkeretan (Deba ibar gehienean ere ez).
- i eta u bokalek eraginda, a > e asimilazioa betetzen da: eguenien, ikesten, bixer... baina ez da erabatekoa: igual, bixar, ikasi...
- d > r bilakaera indartsua da, Gipuzkoako hizkera gehienetan bezala: eran, basokara...
- Ez dago singularra eta plurala bereizten duen azenturik. Aldeak alde, Deba ibarreko gainerako hizkeretan azentuak bereizten ditu singularra eta plurala, baina Debagoieneko hizkeretan ez. Esangura banako hitz bikoteak bereizten dituen azenturik ere ez dago gehienetan.
- -tza + a → -tzaia / -tzaie bilakaera bete ohi da Debagoieneko hizkera batzuetan: artzaintzaia, bedartzaia, ezkontzaia...
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
Izenaren morfologia
- Soziatiboko atzizki berezia dago mendebal gehienean: -gaz singularrean, eta -kaz pluralean.
- Hurbiltze adlatiboko atzizki berezia dago mendebalean: -rantza sartaldean, eta -rutz sortaldean.
- Hirugarren graduko erakuslea ha da, ez hura.
- Erro bereko erakusleak erabiltzen dira singularrean eta pluralean. Azentuak bereizten ditu hizkera batzuetan. Esaterako: honétan (sg.) / hónetan (pl.).
- Erakusleak eta erakusleetan oinarritutako adberbioak indartu nahi direnean, izenaren ezker eta eskuin ipintzen dira: hori etxiori, hau pastelau.
- Edonor / edozer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean.
- Zer edo zer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean. Aldaera laburtuak erabiltzen dira ahozko jardunean: zeozer, noixonoix, nunonun...
- Neuk tankerako izenordain indartuak bakarrik erabiltzen dira.
- Erdal -(c)ión amaiera -(z)iño bilakatu da: habitaziño, kalefaziño...
- -txo / -txu txikigarria da aukera bakarra; ez dago -xe atzizkirik.
Aditzaren morfologia
- *Edun-en erroa -o- edo -au- da, adizkien arabera. Iraganaldiko batzuetan -eu- ere bai: dot, dau, baleu.
- Nor-Nori-Nork saileko erroa *eutsi da: detsat, gentsan.
- Aditz iragankorren ahaleran, aginteran eta subjuntiboan *egin erroa erabiltzen da: deigun.
- Nor-Nori saileko adizkietan j- tankerako ebakerak daude. Horrekin batera, ez + j- batzerakoan<tx>ahoskatzen da: etxako.
- Nor-Nori saileko iraganaldia oraina + n bidez osatzen da: jatan, jakon.
- Iraganaldiko hirugarren pertsonetan Ø ezaugarria dago mendebaleko hizkera gehienetan: ekarren, ekixen...
- Aditzetako pluralgile (ia) bakarra -z da: jakoz, geinkez.
- *Edun-en hitanoko adizkietan j- tankerako ebakerak daude: juat, jok, jittuat.
- Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da, eta -ido > -idu: apartau, entretenidu.
- Aditz izenak osatzeko aukera zabala dago: -ten (ekarten), -etan (kantetan), -tuten (defendiruten), -ketan (bigunketan), -tzean (sartzean).
- Iragankorrak dira igo(n) eta urten aditzak.
- Ez da erabiltzen ari izan orokorra; ibili, egon eta jardun dira ordezkoak.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
- Soziatiboan, -kin eta -(g)az lehian dira Sortaldean. Sartaldean, berriz, -gaz besterik ez da erabiltzen.
- Hurbiltze adlatiboan -rutz atzizkia erabiltzen da.
- Sartaldeko ablatiboko -(eta)ti aldaera ez da erabiltzen.
- Atzizki txikigarria -txo da Sortaldean, eta ez Sartaldeko -txu: apurtxo (bat), berotxo...
Hizkeraren ezaugarriak (Debagoienekoa)
- Destinatiboko morfema -endako da, gaur egun -entzat ere erabiltzen den arren.
- Mendebalean moduan erakusleen sustraia singularrean eta pluralean berbera den arren, -i- agertzen da pluralean sg./pl. bereizketa egiteko: honeik, honeittan, hareittara...
- Aditz trinkoen iraganeko erroan -a- eta -e- biak erabiltzen dira: nekixen/nakixen, neroien/naroien...
- Iraganaldiko 3. pertsonako adizkietan, gehienetan mendebaleko formak erabili arren (Ø marka), z- duten formak ere sarri entzuten dira (gazteen artean forma horiek zabaltzen ari direla dirudi): ekixen/zekixen, auen/zauen...
- Debagoieneko hizkeretan ez da aditzaren eta objektu pluralaren arteko komunztadura egiten. Halaxe gertatzen da Nor-Nori eta Nor-Nori-Nork saileko adizkietan eta trinkoetan: zapatia galdu jako / zapatak galdu jako.
- Nor-Nork saileko -it- pluralgilea kentzeko joera dago NOR 'haiek' denean ez besteetan: zau 'zaitu', zaue 'zaituzte'...
- *edun-en adizkietan -it- pluralgilea da Debagoienean (eta Deba ibar gehienean) ohikoena (eta ez Mendebaleko -z): dittut, gittuen, zittuen...
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
- Motibatibo eta helburu esaldietan -t(z)earren dago aukeran.
- Esaldi kontzesiboetan arren gorde da.
- Esaldi osagarrietan -(e)na atzizkia erabiltzen da aditz eta predikatu jakin batzuekin.
- Denbora esaldietan, partizipioa + keran egitura dago Bizkaia gehienean aukeran.
- Aditz izenak, mugimentuzko aditzen osagarri direnean, eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, inesiboan (-t(z)en) erabiltzen dira mendebal gehienean (eta ez adlatiboa, -t(z)era).
- Ala eta edo hautakariak bereizten dira.
- Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da.
- Orobatasuneko zein eta nahiz partikulak erabiltzen dira.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
Hizkeraren ezaugarriak (Debagoienekoa)
- Esaldi konparatiboetako lako eta modu esaldietako legez oso gutxi erabiltzen dira Debagoieneko hizkeretan. Horien ordez moduko / moduan erabiltzen dira.
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
Aldaerei dagokienez, beste askoren artean, honako hauek aipa daitezke: aizta, ardau, arkondara / alkondara, aurki, azur, baltz, barik, barre, burdi, burdiña, emon, eskutur, ete, etzun, gaztai, gitxi, guzur, inuntz / iruntz tankerakoak, iruntsi, guntzurrun tankerakoak, ke(re)ixa, kirten, kipula, lebatz, mailluki, mamiñ, matrailla, mustur, narru, nasai, parkatu, pekatu, solo, suiñ, sur, txixa...
Lexikoari dagokionez, hainbat adibide sar daitezke multzo honetan. Hona hemen batzuk: martitzen, zemendi, marti, abade, abarketa, adur, aitita eta amama, amaitu, amatau, aratoste, batu, begitandu, berakatz, berba, eroan, ganora,gatzato, gura, ira, izara, izeko, jaramon, kerizpe, korta, odoloste, okaran, olgau, orri, ortu, osatu, ostantzean / ostian, oste, ostu, otzara, pernil, tzarto, udagoen, ugar, ugazaba, zil, zoro...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
Sortaldeko aldaerak: be ('ere'), eskuma ('eskuin'), txindurri ('inurri'), kipula ('tipula'), ule ('ile')... Arrotzak dira Sartaldeko aldaera hauek, besteak beste: akar ('aker'), hamaka ('hamaika'), amoztu ('moztu'), anaje ('anaia'), baie ('baina'), bere ('ere'), burrine ('burdina'), eskoi ('eskuin'), etze ('etxe'), gane ('gain'), garri ('gerri'), geitu ('deitu'), iñurri ('inurri'), jantza ('dantza'), txiker ('txiki'), uger ('igari'), uzen ('izen')...
Sortaldeko lexikoa: txingor ('kazkabar'), aitta ponteko, aitta besuetako tankerakoak, aittu ('ulertu'), arineketan ('lasterka'),edozenbat ('asko'), oineztu ('tximista'), kirikixo ('kirikino'), koiu ('hartu'), eskatz ('sukalde'), zatar('itsusi'), opetzi ('eskaini'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('ezkaratz, sukalde')... Arrotzak dira Sartaldeko berba hauek: abazuza / inetazi / kazkaragar ('txingor'), aitixe ('aitaginarreba'), artez ('zuzen'), asago ('urrun'), beilegi ('horia'), erdu ('zatoz'), jagon ('zaindu'), justuri / inizitu ('tximista'), kirikolatza ('kirikino'), lei ('izotza'), lotu ('geratu'), motz ('itsusi'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('sukalde'), zenbagure ('asko')...
Hizkeraren ezaugarriak (Debagoienekoa)
Aldaerak: afixa ('habia'), betik ('beti'), birki ('biki'), egogi ('egoki'), emun ('eman'), fan (eta baita fuen, fuan; 'joan'), gutxi, irago ('igaro'), nahar ('lahar'), puxkat, txikin ('txiki'). Aldaera hauetako asko Debaerdiko hizkera batzuetan ere erabiltzen dira (batez ere Bergaran, Antzuolan eta Elgetan).
Lexikoa: aittajauna ('aitona') eta amandria ('amona'), amarratz ('armiarma'), beilegi ('hori'), biao ('bazkalosteko lo kuluxka'), eguakitz / eguakotx ('ostiral'), erripa ('aldapa'), etzilimo ('etzidamu'), garbatu ('damutu'), garranga ('izotz burruntzia'), irastu ('tximista'), itxungi / atxingi ('itzali'), jarein ('utzi'), justuri / fusturi ('trumoia, ostotsa'), lan (mendebalean 'behar'), laru (kolore horixka'), lekaio ('oihu, irrintzi'), petrina ('gerrikoa'), samur ('erraz'), susuma ('higuina'), takarraran ('lasterka'), tril egin ('topo egin'), txirritola / sirixola ('argizari'), tu (>txu) ('tu'; Deba ibarreko gainerako hizkeretan: txistu), zerba. Hitz hauetako asko Debaerdiko hizkera batzuetan ere erabiltzen dira (batez ere Bergaran, Antzuolan eta Elgetan). Mendebaleko berba orokor batzuk arrotzak dira Debagoienean, esaterako, lantzean (behin) eta ostian(go).
Euskalkien liburutegia
Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea
Anexiñua oñatiarrez
Iñaxio Irizar
Aramaioko aditz-taulak
Jose Luis Ormaetxea
Aramaioko euskara
Jose Luis Ormaetxea
Aramaioko euskara (azterketa dialektologikoa)
Jose Luis Ormaetxea
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.