Debabarrenekoa (Hizkera)
Aurkibidea
Deskribapena
Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debabarreneko hizkera. Administrazioz Gipuzkoa izateak hizkuntzaz ere Gipuzkoara hurreratzea ekarri du eta, oro har, Debabarreneko hizkerak mendebaleko euskararen eta erdialdekoaren arteko zubi lana egiten duela esan dezakegu. Elgoibar, Mendaro eta Mutriku herrietako hizkerak tarteko hizkeratzat hartzen dira, ezin baitira ez mendebaleko euskalkian ez erdialdekoan sartu erabat. Deban eta Itziarren are handiagoa da euskara giputzaren eragina eta erdialdeko euskaran sartu daiteke bertako hizkera.
Mapa
Fonetika
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
- -a batez amaitzen diren hitzei mugatzailea gehitzen zaienean a + a > -ea (> -ia, -ie, -i, e) bilakaera gertatzen da.
- txistukari sail biak zeharo berdinduta daude; ondorioz txistukari bi besterik ez dira ahoskatzen: <s> eta <tz>.
- r, l eta n ondoren <s> ahoskatzen da hitzak batzerakoan: juan san, il san...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
- u eta i ondorengo a > e bilakaera ahula da Sortaldean: lagun bat, sartu da...
- Sartaldeko hizkera gehienetan ez bezala, partizipioetako -i ez da galtzen: ikusi dot.
- o + a, e, o > u eta e + a, e, o > i bilakaerak eta / i + a, e, o/ artean epentesia sartzea: astua, loria, mendixa. Sartalde gehienean arrotzak dira.
- Sortaldeko hizkera askotan -i- sartzen da eroan-en eta, batez ere, joan-en adizkietan: noia, doie, daroie...
- geuza eta geur erako formak (-au->-eu-) arrotzak dira Sortaldean; hiztun gutxi batzuek bakarrik erabiltzen dituzte.
- *j-ren ahoskera <j> tankerakoa da eremu honetako hizkera gehienetan (eta ez Mendebaleko ebakera nagusia dirudien <y>).
- Bokal luzeak ageri dira, gazteen jardunean galtzen doazen arren.
Hizkeraren ezaugarriak (Debabarrenekoa)
- Bizkaia gehienean betetzen da -iz- > -ix- bustidura (bixer 'bizar', ixerdi 'izerdi', ixer 'izar' eta abar). Ezaugarri hau ez da betetzen inguru honetako hizkeretan.
- Debabarreneko hizkeretan ez da betetzen i eta u osteko a>e bilakaera: dirua (ez dirue), ogixa (ez ogie), ikatza (ez iketza)... Hego Euskal Herriko eremu zabalean eta (ia) Bizkaia osoan, ostera, bai.
- d>r bilakaera indartsua da, Gipuzkoako hizkera gehienetan bezala: eran, basokara...
- <tt> → <tx> bilakaera ia erabatekoa da (batez ere kaletarren jardunean): aitta → aitxa. Debagoienean eta Bizkaian oraindik bizirik dago ezaugarri hori.
- Sortaldeko hizkera askotan -i- sartzen da eroan-en eta, batez ere, joan-en adizkietan: noia, doie, daroie... Arau hau ez da betetzen Debabarrenean: nixe, daruat...
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
Izenaren morfologia
- Soziatiboko atzizki berezia dago mendebal gehienean: -gaz singularrean, eta -kaz pluralean.
- Hurbiltze adlatiboko atzizki berezia dago mendebalean: -rantza sartaldean, eta -rutz sortaldean.
- Hirugarren graduko erakuslea ha da, ez hura.
- Erro bereko erakusleak erabiltzen dira singularrean eta pluralean. Azentuak bereizten ditu hizkera batzuetan. Esaterako: honétan (sg.) / hónetan (pl.).
- Erakusleak eta erakusleetan oinarritutako adberbioak indartu nahi direnean, izenaren ezker eta eskuin ipintzen dira: hori etxiori, hau pastelau.
- Edonor / edozer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean.
- Zer edo zer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean. Aldaera laburtuak erabiltzen dira ahozko jardunean: zeozer, noixonoix, nunonun...
- Neuk tankerako izenordain indartuak bakarrik erabiltzen dira.
- Erdal -(c)ión amaiera -(z)iño bilakatu da: habitaziño, kalefaziño...
- -txo / -txu txikigarria da aukera bakarra; ez dago -xe atzizkirik.
Aditzaren morfologia
- *Edun-en erroa -o- edo -au- da, adizkien arabera. Iraganaldiko batzuetan -eu- ere bai: dot, dau, baleu.
- Nor-Nori-Nork saileko erroa *eutsi da: detsat, gentsan.
- Aditz iragankorren ahaleran, aginteran eta subjuntiboan *egin erroa erabiltzen da: deigun.
- Nor-Nori saileko adizkietan j- tankerako ebakerak daude. Horrekin batera, ez + j- batzerakoan<tx>ahoskatzen da: etxako.
- Nor-Nori saileko iraganaldia oraina + n bidez osatzen da: jatan, jakon.
- Iraganaldiko hirugarren pertsonetan Ø ezaugarria dago mendebaleko hizkera gehienetan: ekarren, ekixen...
- Aditzetako pluralgile (ia) bakarra -z da: jakoz, geinkez.
- *Edun-en hitanoko adizkietan j- tankerako ebakerak daude: juat, jok, jittuat.
- Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da, eta -ido > -idu: apartau, entretenidu.
- Aditz izenak osatzeko aukera zabala dago: -ten (ekarten), -etan (kantetan), -tuten (defendiruten), -ketan (bigunketan), -tzean (sartzean).
- Iragankorrak dira igo(n) eta urten aditzak.
- Ez da erabiltzen ari izan orokorra; ibili, egon eta jardun dira ordezkoak.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
- Soziatiboan, -kin eta -(g)az lehian dira Sortaldean. Sartaldean, berriz, -gaz besterik ez da erabiltzen.
- Hurbiltze adlatiboan -rutz atzizkia erabiltzen da.
- Sartaldeko ablatiboko -(eta)ti aldaera ez da erabiltzen.
- Atzizki txikigarria -txo da Sortaldean, eta ez Sartaldeko -txu: apurtxo (bat), berotxo...
Hizkeraren ezaugarriak (Debabarrenekoa)
- Destinatiboko morfema -entzat / -entzako da, Deba ibar gehienean ez bezala (-endako).
- Aditz-izenak sortzeko -tzen/-ten bikotea besterik ez dago. Mendebalean erabiltzen diren gainontzeko atzizkiak (-tuten, -etan, -ketan...) ez dira erabiltzen.
- Euskara giputzeko -e- erroa hedatu da Debabarrenean izan-en orainaldi pluraleko adizkietan: gera, zera, zerate. Elgoibarren -a- ez da oraindik zeharo galdu (horixe da Mendebaleko hizkeretan erabiltzen dena: gara, zara, zarie...)
- Euskara giputzeko -e- erroa dago Deban, Mutrikun eta Mendaron *edun-en adizkietan: det, degu, dezu... Ezaguna da, era berean, Elgoibarko Altzola auzoan. Dena dela, -eu- erroa ere badago Debabarrenean: deu, debe, zeben...
- Debabarreneko hizkeretara Euskal Herriko erdiguneko *-i- erroa hedatu da Nor-Nori-Nork saileko adizkietan (Mendebalean *eutsi da erroa): ditt, diue, giñon...
- Euskara giputzeko nijua 'noa', dijua 'doa' tankerako joan-en adizkiak zabaldu dira Deban eta Mutrikun. Bereziak, baina hauek ere giputzen gertukoak, erabiltzen dira Elgoibarren eta Mendaron: nixe 'noa', dixe, 'doa', dixez 'doaz'...
- Aditz trinkoen iraganeko erroan -a- gorde da: zakan, zakixan, nabillen...
- Iraganaldiko hirugarren pertsonetan z- ezaugarria dago Debabarrenean (ez Mendebaleko Ø marka): zaukan, zabillen...
- *edun-en adizkietan -it- pluralgilea da Debabarrenean (eta Deba ibar gehienean) ohikoena: dittut, jittuat... (eta ez Mendebaleko -z: dodaz/dotez, joadaz...) Hala ere, iraganaldi pluraleko adizki gehienetan -z aukeratzen da Debabarrenean eta Debaerdikoan: genduzen/giñuzen, zenduezen/ziñuzten...
- Nor saileko adizkien 2. pertsona pluralean Euskal Herriko erdigunean zabaldu den -te berria iritsi da Debabarreneko hizkeretara (-(i)e atzizkiaren lekuan): zerate, ziñaten, zabizte...
- Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da Mendebalean. Debabarrenean gaztelaniatik hartutako aditzetan ez ezik, jatorriz euskaldunak direnetan ere amaiera bera dago, Urolaldean eta Goierrian moduan: aukerau, beirau, eskau...
- Gaztelaniako -ido partizipioak, era berean, -idu egin dira mendebalean. Deban eta Mutrikun -itu > -itxu indartu da, eta bera da gaur egun ohikoena: eskribitxu, kabitxu, kunplitxu...
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
- Motibatibo eta helburu esaldietan -t(z)earren dago aukeran.
- Esaldi kontzesiboetan arren gorde da.
- Esaldi osagarrietan -(e)na atzizkia erabiltzen da aditz eta predikatu jakin batzuekin.
- Denbora esaldietan, partizipioa + keran egitura dago Bizkaia gehienean aukeran.
- Aditz izenak, mugimentuzko aditzen osagarri direnean, eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, inesiboan (-t(z)en) erabiltzen dira mendebal gehienean (eta ez adlatiboa, -t(z)era).
- Ala eta edo hautakariak bereizten dira.
- Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da.
- Orobatasuneko zein eta nahiz partikulak erabiltzen dira.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
Hizkeraren ezaugarriak (Debabarrenekoa)
- Denbora esaldietan 'partizipioa + -keran' dago mendebalean (urtekeran, ixotukeran...), baina Deba ibar osoan moduan, Debabarreneko hizkeretan ez.
- Aditz-izenak, norabidea adierazten dutenean, NON kasuan agertzen dira mendebaleko hizkeretan (amama ikusten joan naz). Debabarreneko hizkeretan ez da erabiltzen horrelako egiturarik.
- Esaldi konparatiboetako lako eta modu esaldietako legez oso gutxi erabiltzen dira Debabarreneko hizkeretan. Horien ordez moduko / moduan erabiltzen dira.
- barren aurkaritzako lokailua sarri erabiltzen da Mendaron eta Elgoibarren: autobusa heldu da barren!
- Galderetan al partikula zabaldu da erdialdeko euskalkian, eta Debabarrenera ere iritsi da: eon al tziñan?
- Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da mendebaleko euskaran. Debabarrenean bizirik dirau joera honek (fosilduta gelditu diren zenbait esapidetan, gehienbat), baina ezkerrean jartzen da askotan.
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)
Aldaerei dagokienez, beste askoren artean, honako hauek aipa daitezke: aizta, ardau, arkondara / alkondara, aurki, azur, baltz, barik, barre, burdi, burdiña, emon, eskutur, ete, etzun, gaztai, gitxi, guzur, inuntz / iruntz tankerakoak, iruntsi, guntzurrun tankerakoak, ke(re)ixa, kirten, kipula, lebatz, mailluki, mamiñ, matrailla, mustur, narru, nasai, parkatu, pekatu, solo, suiñ, sur, txixa...
Lexikoari dagokionez, hainbat adibide sar daitezke multzo honetan. Hona hemen batzuk: martitzen, zemendi, marti, abade, abarketa, adur, aitita eta amama, amaitu, amatau, aratoste, batu, begitandu, berakatz, berba, eroan, ganora,gatzato, gura, ira, izara, izeko, jaramon, kerizpe, korta, odoloste, okaran, olgau, orri, ortu, osatu, ostantzean / ostian, oste, ostu, otzara, pernil, tzarto, udagoen, ugar, ugazaba, zil, zoro...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))
Sortaldeko aldaerak: be ('ere'), eskuma ('eskuin'), txindurri ('inurri'), kipula ('tipula'), ule ('ile')... Arrotzak dira Sartaldeko aldaera hauek, besteak beste: akar ('aker'), hamaka ('hamaika'), amoztu ('moztu'), anaje ('anaia'), baie ('baina'), bere ('ere'), burrine ('burdina'), eskoi ('eskuin'), etze ('etxe'), gane ('gain'), garri ('gerri'), geitu ('deitu'), iñurri ('inurri'), jantza ('dantza'), txiker ('txiki'), uger ('igari'), uzen ('izen')...
Sortaldeko lexikoa: txingor ('kazkabar'), aitta ponteko, aitta besuetako tankerakoak, aittu ('ulertu'), arineketan ('lasterka'),edozenbat ('asko'), oineztu ('tximista'), kirikixo ('kirikino'), koiu ('hartu'), eskatz ('sukalde'), zatar('itsusi'), opetzi ('eskaini'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('ezkaratz, sukalde')... Arrotzak dira Sartaldeko berba hauek: abazuza / inetazi / kazkaragar ('txingor'), aitixe ('aitaginarreba'), artez ('zuzen'), asago ('urrun'), beilegi ('horia'), erdu ('zatoz'), jagon ('zaindu'), justuri / inizitu ('tximista'), kirikolatza ('kirikino'), lei ('izotza'), lotu ('geratu'), motz ('itsusi'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('sukalde'), zenbagure ('asko')...
Hizkeraren ezaugarriak (Debabarrenekoa)
Aldaerak: Debabarrenean i- dago hitz jakin batzuen hasieran (Mendebalean u-): ile, iltze, irin... Eta ez da betetzen Mendebalean arrunta den -ain>an bilakaera zenbait hitzen amaieran: ezpain, labain...
Euskalkien liburutegia
Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea
Berbeta Berua
Alberto Telleria
Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta Tokiko batua.
Koldo Zuazo Zelaieta
Deba Ibarreko euskeria
Koldo Zuazo Zelaieta
Deba ibarreko hizkeren mapa
Badihardugu Euskara Elkartea
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.