Eibar (Gipuzkoa)

Gerra Zibila Eibarren

Oraindik ezin da online kontsultatu pasarte hau. Behar baduzu, jarri gurekin harremanetan edo etorri gure biltegira.

Gerra Zibila Eibarren Juan San Martinen ikuspegitik. Frontea zazpi hilabetetan egon zen Eibarren. San Martin sendia Eibartik Arratiara joan zen. Durangoko bonbardaketa. Handik egun batzuetara, Gernikako bonbardaketa. Arratiatik Zallara, beste senide baten etxera ihesi. Aitak Valentzian arma-lantegi bat montatzeko baimena eskatu zuen.

Jatorrizko proiektua

Grabazio honen materiala ondorengo proiektuaren baitan jaso eta landu zen. Bertan aurkituko duzu jatorrizko materiala eta informazioa: Eibarko udalaren materiala - Eibartarren Ahotan - Egoibarra

Transkripzioa

– Hamalau urte zenituen gerra piztu zenean eta orduan dena –hori bai esan liteke–, herri bat, oso-osorik, irauli zen. Hankaz gora gelditzen da Eibar.
– Bai.
– Eibar bezala herri asko, baiña hango bake eta istoria guzti horiek akabo.
– Bai. Esate baterako, gu soiñeko erropekin geldittu giñan. Ez etxe eta ez ezer. Gerran dana desegin zan. Zelan frentia Eibarren geldittu zan zazpi hillabetez, urten biharra izan gendun eta gu juan giñan Bilbora izeba bategana. Eta izeba honek Arratian, Arantzazu herrixan, eukan etxe bat udia pasatzeko erabiltzen ebana. Eta esan eskun: “Zuek, hamen bonbardeuak hasi dira-eta, onena dozue juan zerera eta emoten detsuet etxia eta han egon”. Juan giñan Arratiara. Eta Arratian han arratiar egitten neban hango mutikuekin. Bueno, ni han mobitzen nintzan batera eta bestera eta handik. Eta ez ziur nun zanik, baiña bai handik, Durangoko bonbardeua egin zanian, gain batera igo eta ikusten egon giñan abioiak eta gitxi gorabehera pentsatzen gendun Durangon ziharduela. Eta handik bi edo hiru egunera, Gernikakua. Eta ha izan zan ikaragarrixa. Zenbat hegazkin? Mendi gain batera igo eta illuntzen, illundu zanian, illuntzen ya, esan neban: “Etxera”. Bajatzen hasi eta: “Nun ete da? Nun ete da?”. Eta zerua gorri ikusten gendun.
– Sutearena?
– Heldu etxera eta irratittik entzun gendunian Gernika zala eta hildakuak eta ikaragarrizko tragedia, neri hori ez jata borrau iñoiz nere burutik!
– Ikusi ez, baina sentitu bai. Hurbil-hurbiletik.
– Eta gero, gaiñera, bonbardeuak asko hartu genduzen, bai bertan Bilbon, bai zerian, Arratian, berriro Bilbon. Gero handik juan giñan –beste izeba bat geunkan gure moduan exiliauta– bere beste senide bategana, juanda Zallara. Zallara juan giñan eta ahal gendun moduan –gela baten igual zortzi edo bedratzi lagunek egitten gendun lo– alkarri laguntzen gentsan. Ikaragarrizko laguntasunak izaten ziran. Juan giñan beste izebiagana eta haren etxian. Gero aittak orduan eskatu eban –Deustuan eguan armerixako zera, eibartarrak egiñ ebena; eta okasiñua: deixak egin zittuen– Valenzian armerixia montatzeko. Eta juan zan eta lortu eban. Eta gu, ustian, Bilbo jausi zanian… Harek hori eskatu eban eta guk pentsau aittari jarraitzeko: eskatu gendun salbokontuktua eta Santanderren lortu gendun, baiña han ez zan enbarkatzerik. Eta handik juan giñan, pentsaizu, Gijonera, Muselera. Eta Muselen enbarkatu giñan eta aittakin bat egitteko asmuan.

Egilea(k): Eukene Lamariano , Oier Narbaiza

Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?

Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia