"Lagundurikan danoi..." Otañoren bertsoak
Deskarga:
Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan AND-001-008 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus
Otaño aitak, Ameriketara joan zenean, semeari abestutako kanta gustatzen omen zaio gehien. Sei bertsoak abesten ditu: "Lagundurikan danoi..." Honekin lotuta, Otañok semeari Ameriketara joaterako eman zion irakaspena azaltzen du. Beste hainbat kanta ere ikasi zituen 5 pezeta ordainduta erosi zuen liburuxka batetik.
- Proiektua: Euskal Herriko Ahotsak
- Elkarrizketatzailea(k): Ainhoa Ansa
- Data: 2010(e)ko urtarrilaren 20a
- Iraupena: 0:04:10
- Erref: AND-001/008
- Kodifikatzailea: Aintzane Agirrebeña
- Gaia(k): Ohiturak eta bizimodua » Kontakizunak eta sinesmenak » Anekdotak, kontakizunak , Ohiturak eta bizimodua » Kantak » Bertsoak
Transkripzioa
- Gehien gustatzen zaidana, ta eliza maillakua da nahi bazu, Otañok ze kantatu ziyon aittak semiai Ameriketaa jun zanian.
- Buruan daukazu?
- Goguan? Bai, sei estrofa dauzkat.
- Kantatu nahi badittuzu…
- Asko ez [baita] izango…
- Guk ez daukagu topeik.
- E?
- Guk ez daukagu topeik, nahi baldin badittuzu kantatu.
- Bueno. Ba, kantuba hau da:
Lagundurikan danoi
gugatik hil zanak,
seme, hazi zaitugu
aitak eta amak,
beti zure gidari
izandu geranak.
Orain gurutze honen
oiñean esanak
ondo goguan hartu
bihaituzu danak.
Zu Ameriketara
joatia hemendik,
Jaunak hala nahi badu,
zer egingo det nik?
Han ez dezu izango
aitik eta amik,
ta ez zera galduko
noranahira joanik,
ez bazaizu ahaztutzen
gaur hemen entzunik.
Ez nizuke utziko
joaten, egiyetan,
gure erlijiyorik
ez balitz han bertan.
Iritsiko baziña
han urrutietan,
herri ta elizarik
ez dan tokiyetan,
oroi zaitez Jainkoaz
leku guztietan.
Ez dakit danak zeatuko dittuten, baiño…
Seme, izan goguan
zeure gurasoak
hemen uzten dituzun
senide goxoak,
jaio ziñan tokiko
mendi ta basoak,
euskerazko otoitzak
edo errezuak,
erakutsiyak zuri
amatxo gaxuak.
Ta, bukatzeko… biharbada batenbat tartian utziko nun, baiño azkenekua da:
Iritsi da ordua
juan behar dezuna,
badakizu aita-amak
hemen dauzkazuna.
Ez dezazula ahaztu
gaur hemen entzuna,
hitz baterako hau da
eskatzen zaizuna:
izan zaitez nunahi ta
beti euskalduna.
- Jolin! Ze politta!
- Ba, biharbada bat utziko nun tartian, baiño… Gioia hemen eduki banun, danak kantatuko nittun, zeatikan hasiera kostatzen da. Ta horren sarrera politta izan zan, gaiñera. Preanbulo bezela o, esplikatzen du hoi idatzi zunak […] aittak semia mahaian gaiñea iyoazi zula ta esan ziyola: “Oan bizkarra nei emanda jarri hai mahaian gaiñian iyota, ta bota lurrea”. Ta bee kontu haundiyakin, baiño bota emen zan lurrea, ta aittak bihar bezela propiyo ez heldu ta esan ziyola: “Ameriketaa juatian ez fiyatu hire aittakin´e!”.
- Ez da irakasgai…
- Bueno, ta hoi bezela, ba, “Loriak udan ihintza bezela…” ta bueno, “Markesaren alaba enamoratua, mariñeruarekin…” ta, bueno, montoi bat hola. Ta hasi ezkeo… Baiño bat baiño gehio ahaztu in zaizkit. Baiño hartu ezkero liburu bat segitzeko, […]. Ta bi liburuxka, bost pezeta pagatutakuak zian.
- Jolin, ni harritzen naizena da han liburu hoik nondik eskuratzen zenittuzten garai hartan ta…
- Ba, librerin batetik. Bai, ordun´e bazian.
Egilea(k): Aintzane Agirrebeña (Badihardugu Euskara Elkartea)
Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?
Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!