Koldo Artola joan zaigu, Nafarroan galzorian zeuden euskalkien biltzailea

2025ko urr. 23a, 10:26

Koldo Artola euskaltzaleak egindako lanari esker, Nafarroako hainbat herritako azken hiztunen testigantzak entzun ditzakegu gaur. Koldori berari egindako elkarrizketa ere eskuragarri dago Ahotsak.eus webgunean. 

Koldo Artola Kortajarena (Donostia, 1938) ostiralean hil zen, 87 urterekin. Lan handia egin zuen euskalkiak ikertzen eta biltzen, nagusiki Nafarroan eta Iparraldean. Azken euskaldunak elkarrizketatu zituen, herri txiki askotan, 70eko eta 80ko hamarkadetan; erronkarierako azken hiztuna, besteak beste: Fidela Bernat. Koldok Ziorditik Uztarrozeraino. Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena (Aranzadi, 2014) lanean bildu zituen grabazioak Ahotsak-en esku utzi zituen, eta audio pasarte guztiak entzungai daude. Koldo bera ere elkarrizketatu genuen, 2016an, eta hainbat kontu interesgarri kontatu zizkigun; horiek ere entzuteko eta ikusteko moduan daude gure webgunean. 

Artolatarrak ezagunak izan dira Donostian, Pepe Artola eta Rosario Artola idazle eta musikariak bereziki. Hala ere, Donostiako beste familia askotan bezala, Koldok ez zuen euskararik jaso etxean. Maria Dolores Agirrerekin hasi zen euskara ikasten. Euskararen aldeko lanetan ibili zen, gero. Aranzadiko kide egin zen eta Euskal Herriko Atlas Linguistikoa egiten aritu zen, 70eko hamarkadan. Etxez etxe biltzen zituen testigantzak eta, besteak beste, erronkariera, zaraitzuera eta aezkera grabatu zituen. Eremu horietako azken euskaldun zaharren testigantzak ziren, transmisioa guztiz etenda baitzegoen ordurako. Pasarte honetan kontatzen du elkarrizketak egiten nola hasi zen:

Erronkarierako azken hiztunaren -Fidela Bernaten- grabazioetako bat, Artolak 80ko hamarkadan grabatua:

Artola Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004an. Informazio gehiagorako, ikusi Berriako artikulua

Doluminak familiari eta lagunei, Ahotsak-eko kideen partez. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia