Gorrotxategi gozogilea joan egin zaigu, baina haren testigantzak sarean daude

2019ko eka. 13a, 17:47

Joxe Mari Gorrotxategi, Tolosako gozogile ezaguna, gizon jantzia bezain xamurra. Herenegun hil zen, 90 urterekin. 2010ean elkarrizketatu genuen, Ahotsak.eus proiekturako, eta hari jasotako bideo-pasarteak gure webgunean ikus daitezke. 

Joxe Mari Gorrotxategik bizitza osoa eman zuen gozogintzaren alde. Tolosako Plaza Zaharrean zeukan gozotegian. Dendaren aldamenean, Gozogintzaren Museoa zabaldu zuen, bere ikerketen eta peskizen emaitzetako bat. Hainbat gozo asmatu zituen, besteak beste xaxu izenekoa. Eta bera ere goxoa zen, umila eta gertukoa. Hala iruditu zitzaigun 2010eko irailean Tolosako Ahotsak proiekturako elkarrizketa egin genionean. Gertukoa eta jantzia, asko zekien gizona. Hark kontatutakoak -36 bideo-pasarte- sarean daude ikusgai, interesa duenaren gozamenerako.

Erramu egunez jaio zen Joxe Mari, Tolosako Kale Nagusian. Bai ama eta bai aita zegamarrak zituen, eta aitonaren baserriak eragin handia izan zuen beregan. Lau anai-arrebatan zaharrena izateaz gain, mutil bakarra ere bazen. Aita konfitero izanik, berehala hasi zen konfiteritzan, asteburutan lehenik, eta denbora osoz geroago. Pasarte honetan 14 urterekin gozogile lanetan nola hasi zen kontatzen du, gerraosteko errazionamendu garaian:

Ez zen Tolosan ikasitakoarekin geratu. Gozogintza ikasketak egin zituen Iruñean, Katalunian, Alemanian, Frantzian... pasarte honetan ematen du bere ibilbidearen berri:

2015ean Basque Culinary Centerrek omenaldia egin zion: Ohorezko Gozogile izendatu zuen. Tolosako Ahotsak proiektuaren aurkezpena egin genuenean, 2017ko urrian, ere hantxe izan zen. Irribarre goxo batekin gogoratuko dugu. Txokolategileen tradizioak urte askoan segi dezala!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia