Euskara biziberritzen jardundako taldeei aitortza egin zitzaien Elgoibarren

2023ko abe. 4a, 14:30

1950etik 1990era bitartean herrian euskararen alde lanean jardundako taldeei eskertza egin zitzaien ostiralean, Elgoibarren, Herriko Antzokian ospatu zen Egin zenutelako gara! ekitaldi hunkigarrian. Badihardugu Elkarteak prestatutako Euskararen historia soziala Elgoibarren (1950-1990) ikus-entzunezkoa izan zen ekitaldiaren ardatza eta bertan aipatutako zenbait taldetako kideek ere parte hartu zuten zuzenean ekitaldian.

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak antolatu zuten ostiralean Elgoibarko Herriko Antzokian ospatu zen Egin zenutelako gara! ekitaldia, bi helbururekin: 1950etik 1990era bitartean euskara biziberritzeko egin zen lana ezagutzera ematea eta zeregin horretan aritu zirenei aitortza egitea.

1974n sortu zen Koska rock talde elgoibartarreko kide izandako Alfonso Guillók eta Gabi Agirregomezkortak eman zioten hasiera ekitaldiari, 70eko hamarkadan sortu zuten Garraztasuna kantarekin. Ondoren, ekitaldiaren ardatza izan zen Euskararen historia soziala Elgoibarren (1950-1990) ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Badihardugu Euskara Elkarteak prestatu du ikus-entzunezkoa, Elgoibarko Udalaren eskariz. Horretarako, 42 herritar elkarrizketatu dira azken bi urteetan, Euskararen Historia Soziala Elgoibarren proiektuaren baitan. Testigantza hauez gain, lehendik Ahotsak.eus webgunean jasota zeuden lekukotasunak ere erabili dira. Ikus-entzunezkoa osatzeko, Udalaren laguntzaz gain, ezinbestekoa izan da Elgoibarko Izarraren laguntza ere.

Euskararen egoera zeharo okertu zen Elgoibarren gerraostean, etxerik euskaldunenetan ere ia euskara galtzeraino. Garai hartako debekuek eta zapalkuntzek euskarari bidea zeharo oztopatu arren, zenbait herritarrek euskarari eusteko zirrikituak bilatu zituzten. 1990era bitartean herrian euskara biziberritzeko egin zen lana jaso da ikus-entzunezkoan. Ostiraleko ekitaldian, ikus-entzunezko horretan aipatzen diren talde edo eragileei aitortza egin zitzaien, banan-banan. Lutxi Arregik prestatutako bideoek girotu zuten talde bakoitzaren aurkezpena. Euskarazko gau-eskolak, AEK, Udal euskaltegia, ikastola eta gainontzeko ikastetxeak, dantza taldeak, Elgoibarko Izarra eta Ongarri Kultur Elkarteak, Taupada eta Ekekei antzerki taldeak, Lurgabe eta Koska musika taldeak, Etxepe eta Danobat lantegiak, Etxegiñaren Santa Ageda taldea, Juventud Elgoibarresa taldea, Zazpiki irrati librea eta Gaztetxea omendu zituzten, besteak beste, eta euskararen alde gerra aurretik lanean aritu zirenei eta elizari ere errekonozimendua egin zitzaien. Horrez gain, Elgoibarko euskara jaso eta aztertu duen Jesus Mari Makazagari eta euskararen historia soziala jasotzen lanean jardun duen Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeñari ere aipamen berezia egin zitzaien.

Ekitaldian zehar omendutako talde horietako zenbait kidek parte hartu zuten zuzenean: Angel Ugarteburuk zenbait bertso abestu zituen, Elgoibarko Izarrako dantza-taldean eta Haritz dantza taldean ibilitakoek dantza-saioa eskaini zuten, txistulariek lagunduta, Txomin Mujikak bakarka izugarrizko txistu erakustaldia eman zuen, Ixidor Solupek abestu eta errezitatu egin zuen, garai batean Elgoibarko Izarrarentzat dirua batzeko Odeon antzokian egiten ziren jaialdietan egiten zuen antzera eta Taupada antzerki taldeko kideek mikroantzerki bat eskaini zuten. Uxue Alberdi idazlearen gogoetak eman zion ekitaldiari amaiera, omendutako kide guztiak oholtza gainean zirela. Benetan ekitaldi hunkigarria izan zen ostiralekoa eta herriko taldeek merezitako omenaldia jaso zuten. Zorionak guztiei! Egin zenutelako gara!

Argazkian, Uxue Alberdi euskararen inguruko gogoeta plazaratzen, omendutako kide guztiak inguruan dituela. (Iturria: barren.eus)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia